Euskal Herrian, 1914ko azaroan, ehiztari batek oilagor bat ehizatu zuen. Hori ez da albistea, garai hartan eta gaur egun arte ehiztari asko izan direlako oilagorrak harrapatzen. Oilagor horri, ordea, eraztun metaliko bat topatu zion ehiztariak, hankan lotuta. Ingalaterran jarri zioten urte hartako uztailean, hegazti haren migrazioa ikertu ahal izateko; hari, eta beste hainbat hegaztiri. Eraztunketa zientifikoa hamabost urte lehenago asmatu zuen Hans Christian Mortensen irakasleak, hegazti migratzaileen ibilbideen berri izateko, eta hori da ornitologiaren teknika nagusia gaur egun ere.
1914koa da Euskal Herrian berreskuratutako lehen eraztuna, eta, 1949an Aranzadi zientzia elkarteak Eraztuntze Bulegoa sortu zuenetik, milaka hegaztiri jarri diete eraztuna eta milaka hegazti berreskuratu dituzte. 1914ko oilagor horretatik hasi eta gaur egun berreskuratzen dituzten hegaztietaraino, informazio mordoa bildu du Aranzadik, eta gizarteari eskaini dio asteon. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hegaztien migrazioaren atlasa egin dute, 152 hegazti espezieren ibilbideak aztertuta. Norvegiako tundra artikotik, Siberia erdialdetik edo Islandia ingurutik etorritako hegaztiak eraztundu eta berreskuratu dituzte, baita Hegoafrikaraino doazenak ere. Atlasa izan da, finean, eraztun bidaiari horien helmuga.
«Liburu honek ehun urte baino gehiagoko datu zientifikoak biltzen ditu, eta hainbeste datu zientifiko biltzen dituen lan gutxi daude bioaniztasunaren munduan», nabarmendu du Maite Lasok, Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia Saileko kideak. Euskal Herrian eraztundu edo berreskuratutako 152 hegazti migratzaileren informazioa bildu dute, zehazki. Hau da, hegazti bakoitzari jartzen dioten eraztunak kode bat dauka, eta adierazita dago non eraztundu duten. Horrela, beste leku batean berreskuratzen dutenean —hegaztia harrapatu eta eraztuna begiratzen diotenean—, jakin daiteke hegazti hori nondik nora joan den, zer garaitan eta zenbat denbora behar izan duen horretarako. Hori da eraztunketa zientifikoa.
«Hegaztiak nondik datozen eta nora joaten diren jakiteko balio du honek. Garrantzitsua da kontserbaziorako eta kudeaketarako»
MAITE LASOAranzadi elkarteko Ornitologia Saileko kidea
Hala ere, zergatik migratzen dute hegazti batzuek? «Hegazti batzuek ugalketa eremua eta negua pasatzeko eremua bereizten dituzte, eta batetik bestera migratzen dira. Bereziki, baldintza klimatologiko egokiak bilatzeko. Hain zuzen, epelago dagoelako, janari gehiago ere badago: intsektujaleek Afrikan pasatzen dute negua, han intsektu gehiago daudelako. Klima aldaketaren eta beste eragin batzuen ondorioz, migrazio horiek aldatu egiten ari dira», azaldu du Lasok.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraztundu eta beste leku batzuetan berreskuratutako hegaztiak aztertu ditu Aranzadik, baita beste leku batzuetan eraztundutako eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berreskuratutako hegaztiak ere. Ikerketa lurralde horietara mugatu duten arren, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko egoerara estrapolatu daitekeela adierazi du Lasok: «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aukeratu ditugu datu gehien eremu horretakoak ditugulako».
Izan ere, Euskal Herria eremu estrategikoa da Europan migratzen duten hegaztientzat, Lasok azaldu duenez: «Hegaztiak iparraldetik etortzen dira, eta hemendik pasatzen dira Afrikara joateko. Fluxua egoten da Kantauri itsasoaren eta Pirinioen artean». Hegazti batzuk Euskal Herrian ugaltzen dira, eta Afrikara joaten dira negua pasatzera; beste batzuk Europa iparraldean ugaltzen dira, eta Euskal Herrira etortzen dira negua pasatzera. «Gu neguan Benidormera [Herrialde Katalanak] joango bagina bezala da!», zehaztu du Lasok, umorez.
Aldiak aldi
Hegabera, oilagorra, antxeta mokogorria, pottorro arrunta, enara arrunta, lezkari arrunta, txantxangorria, birigarro arrunta, birigarro txikia eta kardantxiloa dira Euskal Herritik pasatu (eta pasatzen) diren hegazti nabarmenenak. Umatu aurreko migrazioan —martxotik maiatzera— eta umatu ostekoan —abuztutik urrira— pasatu ohi dira Euskal Herritik, eta orduan eraztundu ohi dituzte; beste garaietan berreskuratu ohi dituzte beste leku batzuetan. Abuztutik apirilera berreskuratu ohi dituzte Euskal Herrian.
Berreskuratutako hegaztien %55 hilda egon ohi dira —izan ehizagatik, izan ezbeharren batengatik—, eta %24 inguru bizirik harrapatzen dituzte; eraztundu edo eraztuna berrikusi ostean, askatu egiten dituzte. Hala ere, ehizatutako hegazti migratzaileen kopurua murriztu egin da urteen poderioz, eta, horren eraginez, berreskuratutako hegazti espezieak ere aldatu egin dira. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan berreskuratutako hegazti gehienak ehizatuak ziren —antxeta mokogorriak, kardantxiloak...—, eta lehenago ere bai: hegabera asko berreskuratu zituzten. 1980ko hamarkadatik aurrera ehizatu gabeko hegazti gehiago berreskuratu dira, eta lezkari arruntak gailendu.
Zertarako balio du, ordea, informazio horrek denak? «Zientzia eta datu zientifikoak beharrezkoak dira zer daukagun jakiteko eta hura babesteko. Hau baliagarria da jakiteko nondik datozen hegaztiak, eta nora joaten diren hemendik igarotzen direnak. Hau garrantzitsua da kontserbaziorako eta kudeaketarako, jakiteko zer espezie babestu beharko ditugun, eta nola. Horren arabera ezartzen dira ehizatzeko kuotak, adibidez», adierazi du Lasok.
«Ehun kilometro baino gehiagoko distantzian aritu direnak aztertu ditugu, distantzia luzea aztertu nahi izan dugulako»
JUAN ARIZAGAAranzadi elkarteko Ornitologia Saileko zuzendaria
Ikerketari galbahe bat ezarri diote, Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia Saileko zuzendari Juan Arizagak zehaztu duenez: «Ehun kilometro baino gehiagoko distantzian aritu direnak aztertu ditugu, distantzia luzea aztertu nahi izan dugulako». Euskal Herritik igarotzen diren hegazti gehienek Erresuma Batuan, Frantzian eta Belgikan dute jatorria, baina berreskuratu dituzte urrutiagotik etorritakoak ere. Distantzia marka enara arrunt batek hautsi du: Lacorzanan (Araba) jarri zioten eraztuna, 2009ko irailean, eta Hegoafrikan berreskuratu zuten, 2010eko urtarrilean. Gutxienez 8.576 kilometroko bidea egin zuen hegazti horrek.
Txirri arrunt bati, bestalde, 1964ko abuztuan jarri zioten eraztuna, Norvegiako tundra artikoan, eta urte bereko azaroan berreskuratu zuten, Bilbo inguruan, ehizatuta. 1971n Pasaian (Gipuzkoa) eraztundutako txonta arrunt bat, berriz, Siberia erdialdean berreskuratu zuten bi urte geroago.

Eraztunketa zientifikoa baliagarria da hegaztiak zenbat bizi diren jakiteko ere. Euskal Herrian marikaka handi batek hautsi du marka: Erresuma Batuan eraztundu zuten 1975ean, eta Donostian berreskuratu zuten, petrolioz zikinduta, 2012an. 36 urte baino gehixeago zeuzkan orduan. «Ikaragarria da», nabarmendu du Lasok.
Gogorarazi du boluntario asko aritzen direla hegaztiei eraztunak jartzen, eta herritarrak deitu ditu eraztundutako hegazti bat topatzen badute Ring.eus helbidera idaztera. «Hor jartzen dizu nola bideratu eraztun hori. Garrantzitsua da jendeak aurkitzen badu informazioa ematea, horrelako lanak horri esker egin baitaitezke», azpimarratu du.
Lan horretako 152 hegazti espezieen artean hauek nabarmendu dituzte:
Hegabera

Europa iparraldeko eta ekialdeko hegaberek migratu egiten dute, eta Euskal Herritik urte sasoi guztietan igarotzen dira. Ez dira hemen ugaltzen, ordea. Hezeguneetan egon ohi dira, eta Aranzadik berreskuratutako gehienak ehizatuak izan dira.
Oilagorra

Europa mendebaldean, Afrika iparraldean eta Japonian, batetik bestera ibili ohi dira oilagorrak. Euskal Herrian urritik martxora egon ohi dira, baina ez dira hemen ugaltzen. Basoetan ibili ohi dira, eta hauek ere ehizarako ohiko aleak dira.
Antxeta mokogorria

Europa mendebaldetik Errusiako Kamtxatka penintsularaino hedatzen dira antxeta mokogorriak, eta gehien-gehienak dira migratzaileak. Euskal Herrian ez dira ugaltzen, baina urte osoan pasatzen dira hemendik; bereziki, hezeguneetatik.
Pottorro arrunta

Atlantiko iparraldean egon ohi dira pottorro arruntak, eta negua pasatzera Mauritania aldera joaten dira. Urritik apirilera pasatu ohi dira Euskal Herritik, eta ale batzuk geratzen dira negua pasatzera; bereziki, portu eta estuario handietan.
Enara arrunta

Euskal Herrian ugaldu ohi da enara arrunta, eta asko izaten dira martxotik urrira bitartean. Asko berreskuratu dituzte. Negua Asia hegoaldean, Saharaz hegoaldeko Afrikan, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan igarotzen du.
Lezkari arrunta

Lezkari arrunta ere Euskal Herrian ugaldu ohi da; estuario garrantzitsuenetan dago gehien, baita Salburuan (Araba) eta Arabako hezegune handietan ere. Saharatik harago joaten dira negua pasatzera; Hegoafrikara, esaterako.
Txantxangorria

Urte osoan ibiltzen dira txantxangorriak Euskal Herrian; baso inguruetan ibiltzen dira, eta baita hiriguneetako berdeguneetan ere. Hemen ugaltzen dira asko, eta beste hainbat bestela ere euskal lurretatik igarotzen dira.
Birigarro arrunta

Euskal Herrian asko ugaltzen dira, eta berdin bizi dira basoetan zein hiriko parkeetan. Negua pasatzera Mediterraneora joan ohi dira, nekazaritza eremuetara. Oro har, Europan eta Asia mendebaldean ugari daude.
Birigarro txikia

Europa iparraldean ugaltzen dira, eta kontinentearen mendebaldera joan ohi dira negua pasatzera, baita Mediterraneo ingurura ere. Euskal Herrian arrunta da ugaltze garaitik kanpo, eta bada hemen negua pasatzen duenik ere.
Kardantxiloa

Ez du asko migratzen —iparraldeko muturrean bizi direnak mugitzen dira soilik—, eta, horregatik, ohikoa da kardantxiloak Euskal Herrian topatzea, bai umatze garaian, bai pasean, bai neguan. Hiriguneetan maiz ibiltzen dira.