Udako proposamenak

Erbestearen mina, bizi-bizi

Saharar errefuxiatuei buruzko argazki erakusketa bat hartu dute Gernika-Lumon.

Saharar errefuxiatuen inguruko argazki erakusketa, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
Saharar errefuxiatuen inguruko argazki erakusketa, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
amaia igartua aristondo
Gernika-Lumo
2026ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gelara sartu eta berehala ematen du atentzioa kolore festak. Beharbada, argazkien tonu askotarikoak, bizi-biziak, are gehiago nabarmentzen direlako Gernika-Lumoko (Bizkaia) Elai Alai aretoko horma eta sabai zuri-zurien kontra. Emakumeen jantzien berdeak, arrosak, loreak, estanpatuak; alfonbren, kuxinen, sofa gainekoen eta gortinen oihal mardul apainduak; hala moduz pintatutako horma baten erliebeak apal argiztatutako gela batean. Are, basamortuko lurren idortasunak ere biziagoa dirudi Nuria Gonzalezen argazkietan. Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen egunerokoa jaso du Hautsa eta harearen artean zutik erakusketan, eta horra hor kontrastea: errealitate gaitz bat helarazten baitu, baina edertasun artistikoz jantzia. Irailaren 4ra arte ikusi ahalko da bilduma, doan.

Irudietan ageri diren kanpadendek, eraikin xumeek, desertuan zutik irauten duen eskailera baten hondar zartatuak behin-behineko geralekuaren kutsua ematen diote tokiari, baina, izatez, berrogei urte baino gehiago daramatzate etxe moduan baliatzen, aterpe moduan. Izan ere, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen 1975ean  —Espainiak eremu hori abandonatu zuenean, hain justu, haren kolonia baitzen artean—, eta, ordutik, gutxi gorabehera 173.000 lagun bizi dira erbesteratuta, Aljeriako hego-ekialdeko lurretan ezarritako hainbat kanpalekutan.

Mundubat GKEak lanketa bat egin zuen Tindufeko kanpalekuetako hezkuntza zentroetan 2017tik 2019ra bitarte, eta ikastetxe horietako jendea eta jarduerak biltzen dira Gonzalezen lanean. Era berean, argazkilariak bertoko gizon-emakumeen erretratuekin ere aberastu du bilduma. Erakusketa hainbat herritan egon eta gero, Busturialdera eraman du Gernika Memoriaren Lekuko elkarteak.

Baita irrati bat ere

Bi urtez jarraian, bi aldiz izan zen Gonzalez saharar errefuxiatuekin, eta Mundubatek lagundutako hiru hezkuntza zentrori erreparatu zien: Ekainak 9, Urriak 12 eta Simon Bolivar.

Kasik kanpamentuen adina dauka Ekainak 9 zentroak, erbesteratu ostean eraiki zituztenetatik aurrenetakoa izan baitzen, erakusketan ipinitako paneletan jaso dutenez. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak trebatzen dituzte han, eta 18 eta 35 urte arteko ikasleak dauzkate. Urriak 12 zentroa, berriz, barnetegi bat da. Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza eskaintzen diete ikasketetan aurrera egiteko zailtasunak dituzten edo haiek utzi dituzten 12 eta 17 urte arteko gazteei.

Simon Bolivar zentroa, ostera, Kubako curriculumean oinarritutako ikastetxea da. Klaseak gaztelaniaz ematen dituzte, 12 eta 19 urte arteko ikasleak dauzkate, eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak bukatzen dituztenean, bekak eskaintzen dizkiete Kuban ikasketekin jarraitu nahi izatekotan. Horrez gain, irrati bat ere badute, eta emakumeen eskubideen aldeko mezuak helarazteko baliatzen dute, besteak beste. Hain justu, komunikabide horri lotutakoak dira argazkietako batzuk: irudiotako batean, adineko gizon bat Marokoren kontrako gerraren ondorio latzak kontatzen ari zaizkie bi gazteri —bi seme galdu zituen gatazka hartan—, zentroko ikasleak ere ageri dira Saharako preso politikoentzako mezuak eta eskutitzak prestatzen, eta beste pertsona bat butano botilen banaketari buruzko erreportaje bat egiten harrapatu du argazkilariak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA