Masturbazioa —dei nazazue zerria— ariketa ederra da, ohitura osasuntsua, arrunt gomendagarria (eta, gainera, ez dio inori minbizirik sorrarazten). Halere, larritu eginen nintzateke —dei nazazue tradizionala—, ostatu batean, ondoko mahaian, norbait jo eta ke ariko balitz tramankuluarekin. Eta biziki molestatuko ninduke —dei nazazue milinga— haren jarduera gustagarri horren emaitzak nire mahairaino ailegatuko balira.
Denbora franko pasatzen baitut ostatuetan. Izan ere, bertako prentsa irakurriz ikasi dut askatasunak historian sufritu duen erasorik bortitzena —dei nazazue esajeratua—ez dela juduen Holokaustoa izan, edo Afrikako beltzen esklabotza, edo armenioen genozidioa. Ez. Toki publikoetan erretzea debekatu izanak desagerrarazi ditu libertatearen hondar arrastoak gure mundutik.
Zenbait erretzaileri leitua dakit orain arte nahita irensten nuela —dei nazazue tontoa— haien kea, nahi izanez gero, ez-erretzaileendako ostatuetara joaten ahal bainintzen. Neurea zen, beraz, errua, Iruñeko alde zaharrean —adibidez— kerik gabeko espazioa eskaintzen zidan toki bakarrera joan beharrean, noizbehinka bertze taberna batzuetara ere —dei nazazue aldakorra— sartzea gustuko bainuen.
Ez dakit legeak luze iraunen duen. Nago, halere, ez dagoela hain gaizki tabakozaleek ere proba dezaten —dei nazazue mendekatia— ez-erretzaileok orain arte izan dugun askatasun negatibo hori, ostatuetan ez sartzekoa alegia.
Edonola ere, errepresioaren Erdi Aro ilun berri hau mundura zabaldu denetik ni kontent nabil —dei nazazue nazi intolerantea—, kafea non hartu ezin erabakiz.
Maratila
Erdi Aroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu