«Estatistikoki frogatuta dago erlezainen artean prozesu erreumatikoak gutxi direla. Hartzen ditugun ziztadengatik izango da: pozoiak erreumaren kontrako onurak ditu». Oro ez da urre, ordea: «Erreumarik ez, baina nekea bai; erlauntza mugitzean sekulako esfortzuak egin behar ditugu». Martxel Aizpuruak (Alegia, Gipuzkoa, 1949) berrogei urte pasako ibilbidea egin du erlezain lanetan. Erle produktuak informatuta kontsumitu behar direla uste du —«onak dira, baina gauza batzuetarako»—, eta informazio hori guztia jaso du UEUk argitaratu dion liburuan: Erle-produktuak, osasun-iturri.
Erleen beldur izaten dira pertsona asko. Zu ez, noski...
Ez. Erleek ziztadak egiten dituzte beren etxea defendatzeko. Erletegira joaten zarenean eta erlauntza zabaltzen duzunean, bere etxean sartzen zara, eta ez nintzateke inolaz ere joango kalean nabilen bezala.
Noiztik ari zara erleen etxeak zabaltzen?
Xabier Kintana euskaltzainak erle bat oparitu zidan —gure jargoian erle bat zera da: erlauntz bat, erlez betea—, eta etxeko sagastian jarri nuen. Anaia eta biok hasi ginen ikertzen ea hura zabaltzeko zer egin behar zen. Ez genekien ezer. Han inguruan bazen erle maisu bat, zerbait gehiago zekiena. Harekin ikasi genuen, eta harekin hasi ginen erlauntza zabaltzen eta tripak ikusten. 1980 inguruan izan zen, orain dela 45 urte-edo.
Erle produktuen kontsumitzailea, akaso, lehenagotik.
Ez pentsa. Liburuan aipatzen dut: gure garaian eztia beti izan da maitatua, eta etxeetan beti egoten zen ezti pixka bat, katarroa zenerako. Jendeak erosten zuen, eta gorde egiten zuen gaixoaldirako.
Izan ere, erle produktuek osasuna ematen dute. Hori argi dago liburuaren izenburutik beretik.
Bai. Erle produktuak osasunerako erabili izan dira. Orduan, liburuaren muina zera da: zer dute, ba, osasunarekin lotura izateko? Eztia, polena, propolia, pozoia... onak omen dira ez dakit zertarako. Baina zer du, ba, horretan eragina izateko? Nolabait ere, liburuan azaltzen dut zer den, nola sortzen den, haren konposizio kimikoa zein den...
Garrantzi berezia eman diozu konposizio kimikoari.
Bai. Bestela, ematen du erlezainok Lourdesko ura balitz bezala saltzen ditugula produktu horiek: denetarako balio dute, onak dira... Onak dira gauza batzuetarako. Maila askotako gaia dago. Adibidez, jende batek polena hartzen du ona omen delako. Hark ez du azalpen gehiago behar. Baina polena ona da bitamina asko daukalako; hori beste pauso bat da. Orduan, zein bitamina dauzkan ere jarri behar da. Azaldu behar da zertarako den ona; konposizio kimikoak zer osagai dituen azaldu behar da. Fedeak gauza asko sendatzen ditu, baina fedeaz aparte, jakin behar duzu zer den hartzen ari zarena, eta beharbada zer ez duzun hartu behar. Pozoia, adibidez, ezin da hartu txoro-txoro, beste mundura joan zaitezkeelako. Esan nahi dut produktu bakoitzak bere onurak dauzkala, baina arazoak ere sor ditzakeela.
«Fedeaz aparte, jakin behar duzu zer den hartzen ari zarena, eta beharbada zer ez duzun hartu behar»
Eta erabakiak informatuta hartzen laguntzen du liburuak.
Dibulgazio liburu bat da, kontsultarako. «Niri esan didate polena hartzeko. Hori nola hartzen da? Zenbat hartzen da? Nondik dator?». Hor dauka informazioa. Beste batek, berriz, kuriositatez jakin nahi du erleei pozoia nola kentzen dieten. Ba, hor dauka.
Ikusten da erlea oso aberatsa dela berak dakartzan mesedeei dagokienez.
Gu orain dela 45 urte hasi ginenean, eztia eta argizaria kentzen genien bakarrik. Gero ikasi genuen polena ere kentzen zaiola, propolia ona dela... Gaur egun propoliak sekulako garapena izan du, ikaragarria. Pozoiari dagokionez... Guk ziztadak jasotzen genituen erleetara joatean, eta dosia jasotzen genuen. Liburuan erle produktu nagusi gisa polinizazioa aipatzen dut. Hori da erleek ekartzen diguten onurarik handiena, seguru asko.
Hori bera ere arriskuan dago, ezta?
20.000 especies de abejas filma badago, ba? Egia da munduan 20.000 erle espezie daudela. Gure artean ustiatzen ditugun erleez gain, beste 20.000 espezie daude; Europan, 5.000. Eta bakartiak dira gehienak. Kalkulatzen da 300.000 intsektuk polinizatzen dutela; ez da erlea bakarrik. Eta gure artean, intsektizidak direla, pestizidak direla... Laborantzan barra-barra erabiltzen ditugu, eta intsektuak suntsitzen ari gara, bai polinizatzaileak, bai ez-polinizatzaileak. Sarraski hori gelditu beharra daukagu. Umetan, kaleko farolaren aurrean ehunka xomorro egoten ziren; orain, kaleko farolaren aurrean ez dago ezer. Suntsitzen ari gara intsektu guztiak.
Eta ekosistemak behar ditu, alajaina.
Intsektuak dira gure elikadura katearen oinarria, eta gero etorriko dira intsektujaleak, eta gero intsektujaleak jaten dituztenak... Gu piramidearen puntan gaude, baina oinarri nagusia intsektuak dira. Dena hankaz gora jartzen ari gara, bai.
Oinarririk gabe puntarik ezin delako egon.
Pentsatzen dugu gu garela oinarria, eta suntsiketa ikaragarri baten aurrean gaude. Alemanian egindako inkesten arabera, azkeneko hamar urteetan intsektuen %10 desagertu dira.
lotsabako
Zein erle produktu erabiltzen dituzu zuk?
Egunero eztia, polena eta propolia.Eta zer ez?
Erregina jelea gutxi, polenarekin eta propoliaren efektu berdintsuak lortzen ditudalako.