Erleari eta erlezainei gorazarre eginen diete Zegaman, bihar, Gipuzkoako Erlezainen Eguna eginen baita herri horretan. Urteetan erlea beste azienda bat izan da Euskal Herriko baserrietan. Oraindik ere, erleak edukitzeko zaletasunak bizirik dirau etxe askotan. Gipuzkoan bakarrik, 516 erlezain daude. Gehienek zaletasuna dute erleak zaindu eta eztia ekoiztea, baina bada profesionalik ere. Gipuzkoako Erlezainen Elkartearen arabera, hemezortzi bat dira herrialdean.
Erlezainen lana aitortzeko balioko du biharko egunak. Goizez, XIV. Gipuzkoako ezti lehiaketa eginen da herriko kiroldegian. Herrialdeko gozogile hoberenek eginiko pastelak dastatzeko aukera izanen dute festara biltzen direnek. Ezti dastatzea ere eginen da, eta, ondoren, erlezainak omenduko dituzte. Aurtengo omendua Juan Galdeano hernaniarra izanen da.
Baina erlezainen lana urte osoko beharra izaten da. Negua lasai pasatzen dute, erleak erlauntzean egoten direlako, atera gabe. Baina, udaberrian, natura esnatzearekin batera, erleak ere lanean hasten dira. Halere, zaila da oraindik aurtengo ezti ekoizpena zenbatekoa izanen den aurreikustea. Udaberria ongi hasi den arren, bat-bateko eguraldi aldaketek aurreikuspenak zapuztu ditzakete. «Martxoa maiatza bezala etorri da. Aurrena, erlauntzak indartu egin behar izaten du, gero eztia produzitzeko. Baina orain euria sartzen bada, lorea galdu egiten da. Erlea ez da ateratzen, ez du jaten eta ez du eztia egiten. Eguraldiaren araberakoa izaten da produkzioa. Beti eguraldiari begira egoten gara», dio Julian Urkiola Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidenteak. Gipuzkoan bi ezti mota ekoizten dituzte, batik bat, akaziarena eta mila loreduna. Beste eztirik ere ekoizten da, baina erlauntzak Arabara, Bizkaira edo Nafarroara tokiz aldatuta. «Transumantzian ibiltzen direnak profesionalak izaten dira gehienetan», dio Urkiolak. Irailean, kanpaina bukatzean jakinen dute zer-nolako uzta izanen duten. Kalkulu zehatzik ez dute egin; joan den urtean, 50.000 kilo ekoitzi zituzten.
Profesionalak ere bai
Josune Epelde erlezain profesionala da. Hogeita hamabost urte daramatza erleekin lanean. Egun, erlezaina izateaz gain, Aikur erleen museoko arduraduna ere bada. Familia enpresa da harena, eta senarra eta seme bat ditu bidelagun. 1995. urtean ireki zuten Aikur museoa, Urretxun (Gipuzkoa), Santa Barbara baselizaren inguruan. Erlezaintzaren gune izatea du helburu. Erleekin lan egiteaz gain, erleen bizitza, erleek naturarekin elkarlanean sortutako produktuak eta erleek ekosisteman duten garrantzia ere erakusten dute. Museoan erleen bizimodua, horien produktuen jatorria eta zertarako erabiltzen diren ikas daiteke, besteak beste.
Erleen mundua ikasleei zein bisitariei erakusteaz gain, eztia ekoitzi eta erleak ere saltzen dituzte. «Erle kolonia batekin hasi ginen, eta egun 400 erle kolonia ditugu erlauntzetan», dio. Produkzioaren erdia-edo ekologikoan dute, eta gainontzekoa, labelduna. Udaberria iritsi da, eta bazterretako zuhaitz, sastraka eta belazeak loratzen ari dira. Neguko lozorrotik esnatu dira erleak, eta lanean hasi dira. «Negua oso gogorra izan da erleentzat; hotza egin du, egunez eta gauez, eta egun askotan jarraian», dio Epeldek. Baina, martxoarekin batera, eguraldi ona etorri da, eta oso ona izaten ari da erleentzat. Bero egin du, eta sahatsak eta txikoria loreak loretan daude Urretxuko Aikur baserriko inguruetan. Erleak lan eta lan ari dira. Aurrerantzean, gainera, erle erreginak arrautza gehiago errungo ditu, etagehiago jaioko dira. Neguan umetegi txiki bat soilik edukitzen du erle erreginak, erlauntzaren beheko aldean egoten dena. Aikurren ezti labelduna eta ezti ekologikoa egiten dituzte. Produkzioa aparte dute, bietan araudia ezberdina delako. Urteko ezti guztia saltzen dute. Urte batetik bestera ezti produkzioa aldatu egiten da, baina ongi saltzen dutela dio. Iaz, adibidez, 5.000 kilo ezti ekoitzi, eta dena saldu zuten. Duela bi urteko produkzioa, berriz, oso txarra izan zen. «Eguraldiak mugatzen zaitu. Udaberri txarra egiten badu, erleak ez du lanik egiten, ez delako erlauntzetik ateratzen». Erleek orain egiten duten eztia uztail aldera bilduko dute. Gero, tokiz aldatuko dituzte erlauntzak. «Transumantziara eramango ditugu erleak. Gipuzkoa inguruko loraldia bukatzen denean, Nafarroara eta Arabara mugitzen ditugu, han loraldi berriak eta ezberdinak har ditzaten. Txilarra eta haritza, adibidez».
Saldu ere prezio ezberdinean egiten dute eztia. Ekologikoa kiloa hamaika euro eta erdian saltzen dute, eta labelduna, hamar euroan. Eztiaz gain, erle nukleoak ere saltzen dituzte. Nukleoak erlauntz txikiak dira, baina behar duten guztia dute. Bertan egoten dira erregina, langileak, eztia, polena, kumea… Erlauntz oso bat osatzeko behar den guztia, alegia. Nukleo horiek beste erlezain batzuek erosten dituzte. «Interes gero eta handiagoa pizten du erleak, eta nukleo bila gero eta jende gehiago etortzen da».
Varroa, guztion etsai
Baina dena ez da ezti erleen munduan, etsaiak ere badituzte. Gero eta erle gehiago hiltzen dira. Lehen basati bizitako erleak galduta daude. «Bizi diren erleak erlezainak zaindutakoak dira, tratamendua behar dute», zehaztu du Epeldek. Ekologikoan hazitakoek tratamendu naturala behar dute, eta labelekoan gai kimikoak onartzen dira. «Erlea ahul dago, eta gaixotasunak errazago hartzen ditu». Esaterako, varroa izeneko akaroak erleei kalte handia egiten die. Erlauntzak urtean behin tratatzen dituzte varroa-ren aurka. Varroa 1980 inguruan hasi zen sartzen Euskal Herrian. Harrezkero, ugaltzen joan da, eta azpiespezie batzuk ere sortu ditu.«Horregatik, erresistentzi mekanismo bat sortzen ari ote diren pentsatzen dute». Erlea da intsektuen artean polinizatzaile nagusia, %80z hura arduratzen da. «Beraz, erlea galduko balitz, naturatik jasotzen duguna asko jaitsiko litzateke». Erleak galtzeko beste arrazoietako bat loreetan erabiltzen diren pestizidak dira, horietako askok erleei ere kalteak eragiten dizkietelako. Horretaz gain, klima aldaketak ere erleen galeran zerikusia duela diote zientzialari askok. Horien iritziz, klima aldaketa dela eta, lore mota batzuk ez dira loratzen, eta erleak elikagai gabe geratzen dira.
Administrazioa ohartzen ari da da erlea beharrezkoa dela naturan, eta varroaren akaroa kontrolatzeko diru laguntzak eskaintzen dizkie urtero erlezainei. Dena dela, Urkiolak uste du ez dela nahikoa. Ikerkuntzarako aukera berriak ireki beharko liratekeela uste du, eta akaroaren aurka ikerketa gehiago egitea iradoki du. «Krisiarekin ez dagoela dirurik diote, baina erlea dugu natura polinizatzeko bide nagusia. Ondorengoei zer utzi nahi diegun pentsatu behar dugu».
Ezarian. Erlezainen Eguna
Erlezainei gorazarre
Gipuzkoako Erlezainen Eguna ospatuko dute bihar, Zegaman, eta Juan Galdeano erlezaina omenduko duteErlea mantentzen erlezain afizionatu zein profesionalek egindako lana aitortuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu