Oihan Vega. Bakarrizketalaria

«Erraietatik ateratako sentimenduak adieraztean, gaztelaniaz hasten gara»

'Zergatik praktikatzen dugu sexua erdaraz?' bakarrizketa saioan, euskararen erabileraren inguruko gogoeta egingo du DJ, aurkezle, irrati esatari eta aktore bergararrak, umorearen bitartez.

2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Oihan Vega (Bergara, Gipuzkoa, 1981) ETBko aurkezle, Euskadi Gazteako esatari eta musikari moduan ikusi dugu sarri. Aspaldian, ordea, bakarrizketalari moduan dabil, herriz herri. Gaur, Elorrioko Ateneo Arriolan ariko da, 21:00etan. Zergatik praktikatzen dugu sexua erdaraz? bakarrizketa egingo du. Euskararen erabileraren gai serioa umorearen bitartez landuko du, modu sarkastiko eta ironikoan.

Zergatik euskaldun askok ez dute bizitzako une jakin batzuetan —iraintzen, sexu arloan...— euskaraz hitz egiten?

Gaztelaniak gure eguneroko bizitzan duen eragina kontuan hartuta, zenbait une garrantzitsutan, edo erraietatik ateratako sentimenduak adierazterakoan, konturatu gabe gaztelaniaz hasten gara. Zergatik? Komunikabideek eragin handia dute. Ia denak gaztelaniaz dira. Gaztelaniak duen presentziaren eragina ikaragarria da.

Hori ez da ikastolan ikasten; egunerokoan natural atera beharko lukeen zerbait da. Nola bultza daiteke hori?

Eskolan eta euskaltegian, euskaraz ikasteko saioa egiten da. Hitzak eta esamoldeak badaude: hiztegia begiratuz gero, mila modu aurki daitezke. Kontua da ez zaizkigula naturalak egiten, eta hor dago arazoa: naturaltasun faltan.

Modu berdinean izaten da erabilera hirietan eta herrietan?

Horrelako hitz eta esaldiak entzutea errazagoa izango da beti herri txiki eta baserrietan. Azken batean, gure arbasoek ere nolabait egingo zuten. Egia da gazteagoek eta herri handiagoetako biztanleek gutxiago erabiltzen dutela euskara une jakin horietan. Baina ez da gaztelania edo frantsesa bakarrik erabiltzen, baita ingelesa ere. Globalizazioaren kontua da. Ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen. Mexikon, esaterako, ingelesez iraintzen dute askok.

Zer-nolako eragina du zinemak ?

Hemen arazoa da nahiago dugula film bat gaztelaniaz ikusi, euskaraz baino. Hori da egungo errealitatea. Ez dakit zergatik; naturala egiten ez zaigulako, agian. Larria iruditzen zaidana da zinema aretoetan aukera ez edukitzea filmak euskaraz ikusteko, oinarrizko eskubide bat baita. Hori aurrerapauso bat izango litzateke, baina horrek ez du esan nahi euskarazko filmek arrakasta izango luketenik.

Zein da euskararen oztopo nagusia une jakin horietako erabileran?

Gaztelaniazko komunikabide kopuru masiboak eragin handia du. Esaterako, euskal telebistan bi kate nagusi soilik daude, eta prentsan, berdin; irrati lokalak badaude, baina oro har Euskal Herri osoarentzako komunikabideak oso gutxi dira. Gainerako kate guztiak erdaraz dira. Euskarak oso ehuneko txikia du. Egunero gure inguruan dagoen ia guztia erdaraz da, eta horrek euskarari naturaltasuna kentzen dio. Gainera, ez datoz bat euskararen erabilera eta euskara dakitenen kopurua. Internet ere horren isla da: oso espazio gutxi daude euskaraz, eta gainera, gutxi erabiltzen da.

Zer ari da gertatzen euskal kulturarekin? Kanpokoa imitatzen dugupropioa sortu ordez?

Ez dut uste imitatzen dugunik. Adibidez, Gaztea irratian, bertako zein kanpoko taldeen abestiak bozka daitezke, eta gero eta gehiago bozkatzen da atzerrikoa. Gazteek gero eta gehiago kontsumitzen dute kanpoko kultura; globalizazioaren eragina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.