Errealitatea objektibotik

Artiumeko Liburutegiak aukera ematen du argazki kazetaritzaren historiaren inguruko lanik esanguratsuenak ikusteko, zabaldu berri duten erakusketa bibliografikoan.

AEBetako arraza segregazioa. DOUGLAS MARTIN.
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aldizkari espezializatuak, argazki sariketetako irudiak, historiaren joana, bertako argazkilarien informazioa, filmak eta hainbat egileren 200 liburutik gora topa litezke Gasteizen, Artiumeko liburutegian bildu duten erakusketa bibliografikoan.

«Irudiak nagusitzen diren gizarte batean mugitzen gara. Jasotzen dugun informazioari irudiak gehituta, gertaerak askoz errazago asimilatzen ohituak gara. Beti da irudia lagungarri. Kazetaritzan ere, aldaketa handia ekarri zuen argazkia prentsara heltzeak». Argazkiaren/irudiaren garrantzia azpimarratzen du Elena Roserasek, Liburutegi eta Dokumentazio zentroko arduradunak.

Abenduaren 13an zabaldu zizkioten ateak eraikineko bigarren solairuan egokitutako gelari, eta,honako hau zabaldu nahi dute apirilaren 11 bitartean: adierazle gisa argazkia darabilen kazetaritza genero horren ingurukoezagutza. «Bisitariei gogoeta eginarazi nahi diegu», dio antolatzaileak. Astelehenetik ostiralera: goizeko 11:00etatik 14:00etara izango da zabalik erakusketa, eta, arratsaldeetan, 16:00etatik 19:30era. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara bisitatu ahalko da.

Artiumeko liburutegi sailak dokumentazio alorrean lanketa asko eginak ditu azken urteotan. Bildutako dokumentazioa jendearentzat eskura jartzea izan da hasieratik antolatzaileen helburua. Azken erakusketa honetan, «objetibotik jasotako errealitatea erakutsi nahi izan da, argazki kazetaritzak historian zehar izan duen bilakaera ezagutarazteko». Izan ere, bertaratzen den edonoren eskura jarri dituzte iruditan, XX. mendean, munduan zehar izandako gatazka armatuak, egoera politikoen ibilbideak, gizarteko arazoak, ekitaldi jendetsuak, kiroletako kronikak eta munduan zehar izandako gertakariak.

Irudiaren informazioa

1880an Daily Graphic aldizkaria lehen aldiz gertaera baten errepresentazio eta lekuko gisa irudia erabiltzen hasi zenetik, azken urteotako gertaera historikoak jaso ahal izateko, esanguratsua izan da argazki kazetaritza. Gasteizko erakusleiho honetan, ordea, «bisitariak irudietako historia ikusteaz gain, bertan geratu, ikertu eta ezagutza zabaltzea da helburua», Elena Roserasen arabera.

Argazki kazetaritzaren teoriari eta teknikari buruzko ehunka eskuliburu eta aldizkari espezializatuetan oinarritu dute erakusketa. Historian zehar ezagunak egin diren kazetaritzako argazkilarien liburu eta monografiez gozatzeko aukera ere bada, bestalde, Robert Capa, Alberto Schommer, Gervasio Sanchez, Cesar Lucas, Phillip Knightley, Eugene Atget, Erich Salomon, George Sullivan eta beste hainbat argazkilariren lana baitago ikusgai. Batzuk oso ezagunak. Aldizkariei dagokienez, Ojo de Pez, Aperture edo Afera11 dira eskura jarritako aldizkarietako batzuk.

Gasteizen argazkilaritzan ezagunak izan diren beste egile askoren argazkiak ere jasotzen ditu erakusketak; bertakoen ikuspuntura gerturatzeko abagune ederra da. Han dira Pablo Bausac eta Ruperto Zaldua, Basilia Tarrios, Eugenio de Onis aitzindariak eta azken mendeko Salvador Azpiazu Imbert, Tomas Alfaro Fournier, Balbino Sobrado Cobas, Enrique Guinea Makibar, Ceferino Yanguas Alfaro, Alberto Schommer Koch, Gerardo Lopez de Gereñu, Santiago Arina, Jose Maria Parra, Saturnino Vera-Fajardo, Tomas Alfaro, Federico Arozena eta Gregorio Kerejazu argazki kazetariak.

Agentzia hauen dokumentazioa ere ikus daiteke: Argazki Press, Associated Press, Aurora, Amazonas Images, Magnum, Efe eta Reuters. Argazkiak askotarikoak dira, bistan da.

Gelaren ertz batean, argi ilun, eserleku eta irudiz egokitutako toki txiki batean, ikus daiteke World Press Photo sariketan azken 50 urteetan argazkirik onenaren saria jaso duten irudien proiekzioa. Ikus-entzunezkoak osatzen du erakusketa. Genero horrekin zerikusia duten hainbat film ere eskaintzen dituzte proiekziotan: His Girl Friday, Rear Window, Odessa, Citizen Kane, RKO 281, Infamous eta No Man's Land beste hainbaten artean.

Argazkiak, eraikinetik harago

Argazki kazetaritza liburutegiko erakinetik kanpora zabaldu asmoz, Artiumeko webgunean (Artium.org), dokumentalak eta elkarrizketak ikusi daitezke, baita bibliografia batzuetan arakatu, argazki kazetarien eta agentzien lana aztertu eta irudi bankuen, sariketen, kartelen eta beste hainbat gairen inguruko informazioa lortu ere. «Bertaratu ezin duen eta generoaren inguruko interesa duen jendeak Artiumeko webgunean sartu eta liburutegiko erakusketan klik eginaz, dosier eta katalogo batzuekin egingo du topo», Roserasen arabera.

«Abenduan zabaldu zenetik, jende dezente etorri da erakusketara. Gustura gaude izan duen harrerarekin. Badirudi, oro har, gasteiztarrek interesa dutela genero honetaz. Bueno, interes hori Periscopio erakusketa esanguratsuarekin ere antzematen da, baina, dena den, ez genuen uste hasiera hau emango genionik». Munduko historiaren eta argazki kazetaritzaren bilakaera iruditan ikusi nahi duenedonork, apirilera arte ateak zabalik dituela adierazi du liburutegiko arduradun Elena Roserasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.