Erreginaren itzulera

Usaintsua eta lasto kolorekoa da aurtengo txakolina, garraztasun puntua eta txinparta duena: kanpaina on baten ostean, San Anton egunean aurkeztu dute, Getarian.

Elkano arrantzaleen kofradiak eta Andoni eta Pedro Arregi anaiek jaso zuten 2013ko Mahasti Jaun izendapena. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Maialen Unanue
Getaria
2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken egunetan, beldurrez begiratzen zioten Getariako mahastizaleek zeruari. Eta ez da gutxiagorako: urte guztian egindako lana jendaurrean aurkezteko baliatzen dute mahastizaleek Getariako San Anton eguna (Gipuzkoa), eta halako egun garrantzitsua eguraldiak zapuztea amesgaizto txarrenaren pareko litzateke haientzat.

Atzo, baina, ez zen halakorik gertatu. Ez zen euri tantarik erori, eta irribarretsu zegoen Jose Inazio Manterola, Getariako Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileko zuzendaria: «Txakolinagatik egin du eguraldi ona!».

Goizean goizetik ibili ziren atzo mahastizale eta tabernariak dena antolatzen. Herri txikia izanik, bertatik bertara daude Getarian herriko frontoia, udaletxea eta azoka jarri zuten gunea, Harritarte. Eguerdia gerturatu ahala, jendea pixkanaka udaletxe ingurura joan zen, aurtengo txakolin uzta dastatzeko kopa erostera, eta, bide batez, pintxoren bat edo beste jatera.

Karpa baten babesean egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta hara joan ziren txakolin zaleek txistularien atzetik egin zuten barrurainoko bidea.

Pintxo txapelketako sariak eman ostean, jatorri izenaren kontseiluko Ruth Mozok hartu zuen hitza, duela gutxi Getariak jaso duen izendapen bat gogora ekarriz: «Jakingo duzuenez, The New York Times egunkariak 2013an bisitatu beharreko 46 lekuen artean sartu du Getaria: zergatik ez dugu Getariako txakolina 40 ardo onenen artean sailkatuko?».

Aurtengo Mahasti Jaunak izendatu zituzten gero: Andoni eta Pedro Arregi anaiak eta Getariako Elkano arrantzaleen kofradia. Emeterio Urresti kofradiako presidentea izan da hitz batzuk esaten animatu zen bakarra: «Mila esker antolatzaileei gurekin gogoratzeagatik. Izendapena bertan lan egiten duten arrantzale guztiei eskaini nahi diet, baita jada gurekin ez daudenei ere».

«Hitz gutxikoa» dela aitortu duen arren, ausartu zen Andoni Arregi hitz batzuk esatera: «Ohore handia da guretzat horrelako izendapena jasotzea». Anaiak eta biek ostalaritzan lan egiten dute, eta Getariako txakolina zabaltzen egindako lana eskertu nahi izan zieten.

Sari guztiak banatuta, aurtengo uztan parte hartu duten 27 mahastizaleak igo ziren oholtzara. Kopa eskuan hartuta, topa eginez aurkeztu zuten aurtengo txakolin uzta. Herenegun sagardo garaiaren irekieran egon ziren Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña, eta atzo, berriz, Getarian, txakolina dastatu eta bertsoak kantatzen. Tripa hutsik «nekez» sartzen omen da, baina gustatu zaio lehenengo tragoa Egañari: «Bertsotarako ez da komeni bi baino gehiago edatea. Pentsatzeari uzten diozu; ausartagoa eta, aldi berean, txarragoa egiten zaitu. Eta horiek bi bekatu dira!».

Bata bestearen atzetik ireki zituzten mahastizaleek atzoko egunerako propio eramandako botilak. Angel Rekalde Hiruzta upategiko (Hondarribia, Gipuzkoa) jabeetako bat da. Duela bi urte hasi zen anaia eta aitarekin txakolina ekoizten: «Zoragarri joan da 2012ko kanpaina, eta txakolin ona lortu dugu. Bigarren aldiz gaude hemen: ea bultzada pixka bat ematen diogun».

San Anton egunean Getariara joatea urteroko ohitura da askorentzat, baina lehenbizikoz joan zenik ere bazen atzokoan. Mikel San Sebastian lasartearra, adibidez: «Ez naiz batere aditua, baina ondo sartzen da: badaezpada, hamaiketako ederra eginda etorri gara!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.