Ezkutuko kronikak

Errendizionerako baldintzak

Nola saiatzen den nafar gudaria etsaiekin errendizionerako baldintzak hitzartzen, eta nola saiatzen den bere kide izandakoen memoria eta laguntza ak ohoratzen.

Inigo Astiz
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Hala itzultzeko, jainkoari otoi ez daitezela gehiago itzuli». Sancho Ozkoidi botikariak Joan III.a eta Katalina I.aren Nafarroa berreskuratzeko saio baldarraz, 1516ko apirilaren 1ean

Ez dago bertze aukerarik. Azken unera arte eutsi nahi izan diot altxamenduari nire eliteko zaldun eta gudariekin, baina alferrik. Alfer-alferrik. Pesadunbreak jota erran beharra dut errendizionea beste soluzionerik ez dakusadala. Baina historiak oroituko ditu altxatzera ausartu zirenak oro! Herritarren memoriak ohoratuko du gure liberationezko enpresa hau! Koblakariek abestuko dute hemen bazegoela errendizionean ere errenditu ez zen zen nazione bat, eta bazela gutxirekin asko egin behar izan zuen nafar jende libreen talde bat. Ez bedi ahantz hemen eman zituztela hen bizitzak Kukuxumusu S.A. infanteriako Senar zaldun ez hain zuriak, Aezkoako gudari amatriden damak, Elizondoko Edurnetar zaldun beltzak, Oriyoko Pocahontas printzesa borrokalariak, Alkaizako leinuko zaldien erabileraren aurkako taldeko zaldunak eta Andoaingo infanteriak. Nafarroak izan ditzala gogoan betirako hen esfortzuen kausaz.

Gaur, 1512ko uztailaren 15 honetan, galdu egin dugu guda. Iruñea ez da gehiago izanen orain arteko bera. Eta horregatik hiru dira nire errendizionerako bi baldintzak: urte beteko festa-etena. Behar-beharrezkotzat jotzen diren salbuespenak gorabehera.

1. Nafar erresumaren alde eta Gaztelako tropen aurka aritutako gudari, eta herritar eta zaldun ororentzako baldintzarik gabeko barkamen orokorra; beren noble tituluekiko errespetu osoa; eta amnistia iuridiko eta inmunitate gastroenteritikoa. Inmunitate gastroenteritikoa, batez ere.

2. Aurtengo uztailaren 6an Joan III.a eta Katalina I.aren berezko eskubideen alde hasitako altxamendu orokorrean gertatutako bataila, liskar eta amodio ororen gainean exaierazioneetan aritzeko eskubide eta betebehar historikoarekiko babes eta bultzada instituzionala.

3. Uztaila ez beste hilabete guztien kolpeko desagerpena, eta hilabetea osatzen duten egunen 6tik 14rainoko murrizketaren beharrezkotasuna. Zigortu egingo da, gainera, aurrerantzean 15 zenbakiarekiko idatzizko zein ahozko aipamenik egiten dun edonor. Oin bat moztuko dio borreroak akusatuari lehenengo falta egiten duenean, burua bigarrena egiten duenean, eta ilea hirugarrenean.

4. Erresumaren jatorrizko lurraldetasunaren eta galdutako lurren gaineko eskubideen bat-bateko onarpena. Garai bateko mapetan oinarriturik tenperaturak 20 gradutik gora egiten duen istantetik aurrera Castro Urdiales, Zarautz, Donostia, Hondarribia, Hendaia eta Miarritze inolako ordain eta abisurik eman beharrik gabe nafar jende librez betetako gurdi eta tropaz okupatzeko eskubidearen nazioarteko aitortza.

5. Nafar jende libreen aurkako bestondoen zigor errejimen mingarri eta iniustuen berehalako abolizione erabatekoa.

6. Erresumaren altxamenduak iraun bitartean kanporatu ahal izan ez diren haize ororen erabateko liberazione eta berehalako autoretzaren aitortza zalantzarik gabea.

7. Bilbon izan ezik, nafar orok nahi duen lekuan jaio, ahal duen lekuan bizi, eta ebitatu ezin duen lekuan hiltzeko duen eskubidearen onarpena.

8. Gogoz saiatu arren, nafar jendeen artean, nork bere mihiaz bere ukondoa mihazkatzeko ezinezkotasuna. [Ikus zure burua].

9. Datozen urteetan 1512ko uztailean hasitako Nafarroako erresumaren aldeko altxamendu jendetsu hau gogoratu eta ohoratzeko betebeharra, eta horretarako uztailaren 6 guztietan Udaletxe plazan jendea zuri eta gorriz jantzi eta zerura suziri bat botatzeko konpromisoaren beharrezkotasuna.

[Oharra: BERRIAk barkamena eskatu nahi die Nafarroako erregeak bere proklamen kausaz mindurik edo iraindurik sentitu diren pertsona zein objektu guztiei. Den-denei, Leringo konteari izan ezik. Izorrazionea!].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.