«Errepublikak Primo Riveraren diktadurak bezalaxe jazarri zion abertzaletasunari»

Senarrak abertzaletu ei zuen, irakasle ikasketak ari zela, eta Sondikako lehen ikastolako andereñoa izan zen, eta mitinlari suharra, eta kartzelatu zuten, indepedentziaren aldarri ozen egiteagatik, gerrak erbesterarazi zuen... Polixene Trabudua Arrizabalagak biziko penak eta nekeak paperean jartzen asmatu zuen, eta orduko paperak eskuan, zuzen eta artez egin digu berba Zeberioko hilerrian.

Polixene Trabuduaren hilobia, Zeberioko hilerrian kolore argiko hobian ageri. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Zeberio
2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik

begiak bustirik

eta zure alaba

[harri zuri finezko]

tonban ehortzirik

Polixene zaitugu izenez, eta, egiaz eta begiaz, Polixene izeneko askorik ez da gure garaian, ez inguruan...

Ez, orain bestelakoak dauzkazue izenak... Baina niri Sondikako parrokoak izen horixe eman zidanponte harrian. Kordobako Santa Polixeneren egunean jaio nintzen, eta Polixene. Apostoluen ikasle izan zen Polixene, I. mendean. Egia da Troiako printzesak ere Akilesen emaztegaiak, Hektor, Paris eta Kasandraren arrebak, esan nahi dut, izen horixe izan zuela. Izan bata, izan bestea, Polixene bazen nor!… Nik gorabehera bat baino gehiago izan nuen izena dela-eta. Egun batean, pasaporte berria hartzera Bilboko komisariara joan, eta jabetu nintzen Polixene gabe, Polonia ipini zidatela izena! Polonia! Frankistek gorroto bizia ziguten euskaldunoi, gaitzerizko itzela! Polixene esan, eta euskarazko izena ematen du, ezta? Politena, politxena... Polixene... Antza badauka. La Salveko komisarian, aldatu egin zidaten izena: «Polixene?! Baita zera ere! Polonia eta kito!».

Polonia?!

La Salveko komisario burua Caronchu izeneko polizia bat zen, andaluza. Askojakina, bere ustez. Garaian, bitan atxilotu ninduten, eta laster jabetu nintzen Caronchuk sinpatia zidala-edo, eta zigorrak gabe, zigortxoak ipintzen zizkidala. Pasaportean izena aldatu zidatenean, ez nintzen konforme, eta hartu nire bibliotekako liburu bat, orduan oso modan zegoena, La Guerre de Troyes n'aura pas lieu (Troiako gerra ez da gertatuko), hartu pasaporte berri hura, eta La Salvera joan nintzen, Caronchurekin hitz egin nahi nuela esanda.

La Salvera joan zinen? Handik ahal zen aparteena ibiltzen erakutsi ziguten…

Jakin dut gerokorik, bai, jakin dudanez... Baina esan dizut, Caronchuk zera berezia zidan, eta bertora joan nintzaion, Jean Giraudouxen liburu hori hartuta. Lan horretan, Giraudouxek Polixeneren eta Akilesen maitasuna kontatzen du, eta horixe adierazi nion Caronchuri. Jakina, izena aldatu zidan funtzionarioa barregarri utzi nahi nuen, eta, bidenabar, aukera aprobetxatu nuen euskararen kontrako jazarpen burugabe eta inkultua salatzeko. Kasik ordu bi egon nintzen Caronchurekin berbetan. Gustura egon zen gizona, esan zidan hainbat buruhauste zituela, gauza askotan ez zuelako Francorekin bat egiten, bera masoia zela, liberala, antiklerikala. Ez dakit, bada, sefardia-edo zer zen. Kontua da lagun egin ginela, eta pasaportea lehengo modura ipini zidala: Polixene.

Sondikan jaio zinen, aditzera eman duzunez…

Bai, Txorierriko herrian, lau haize eta bazterretara zabalik! Orduan, airea beti zen garbi, beti argi. Orain ez da horrela, tamalez… 1920 arte, Sondika ez zen gauza handia, zenbait baserri, lursail handiak zeuzkatenak, hiruzpalau dorretxe sendo, eta, iparrerantz, zabaldu handi bat, kontzentrazio politikoak egiteko balio zuena, edo futbolean jokatzeko, edo hegazkin txikitxoak lurrartzeko. Elizaren ondoan, landa bat zegoen, platano arbolatzarrez betea. Hantxe egiten ziren urtero San Juan erromeriak. Ikustekoa zen han batzen zen jendetza, Bilbo ingurutik etorria-eta. Ez zen giro kanpoko haiek eta herriko baserritarrak, neska eta mutil, elkartzen zirenean. Hango sesioa eta hango borroka! Herrikoak, ostikoka eta ukabilkadaka, eta erbestekoak, beren puñal zorrotz eta labana meheekin.

Jakin dut garai hartan Sondika bat eginda zegoela, herritarrak elkar hartuta bizi zirela...

Bai. Amaren aldetik Goiri baserrikoak izan ginen gu, eta akorduan daukat osaba Manu zoratu egin zela. Andregaia zeukan Zamudion, baina neskak utzi egin zuen gure osaba: dotean-edo ez ziren arreglatu familia biak. Erromantizismo gutxi garai hartan! Eta, egun batean, osaba bere gelan sartu, eta ez zuen handik irten nahi izan. Gero, irtetera derrigortu zutenean, kalean inor ikusi, eta isil-isilka esaten ei zuen: «Arimagatik egin! Arimagatik egin!», baina, jakina, inork ez zekien zer egin behar zuen arimaren alde. Hurrengo batean, osaba ezkutatu, eta ez zen azaldu lau-bost egun igaro arte. Umetako gomuta gogor hori daukat. Baina herria batuta zegoen, ze osaba falta izan zen egunetan, haren bila ibili ziren herriko denak, ibarreko mendi eta sastraka artean.

Noizbait azaldu zen zuen osaba Manu?

Baina kostata, horratik! Herritarrek taldeak osatu zituzten, eta batean eta bestean ibili ziren gure osabaren bila. Emakume eta umeok baserrian geratu ginen, arrosarioa errezatzen. Herrikoak iluntzean heltzen zirenean, porrusalda eta esne eta talo jan, eta sartzen ziren ohera, biharamunera arte. Eta, egun batean, han non osaba Manu bera bakarrik azaltzen den baserrian! Baina haren itxura! Esnea baino zuriago, zotza baino iharrago, guztiz zargalduta zegoen. Arropak zeuzkan dena basituta, eta iratze hosto sikuz betea zeukan ilea. Piztia ematen zuen. Baserriko ateko tranga ireki ziotenean, ez bururik altxatu, ez inori begiratu, ez berba bat egin... gure ondotik pasatu zen, dena isil-isilik, eskailerak igo zituen eta gelara sartu zen. Azkenean, Zaldibarrera eroan zuten, zoroetxera; handik Bermeokora, eta hantxe hil zen.

Bilbora joan zinen irakasle ikasketak egiten, eta hantxe ezagutu zenuen gizona, Jose Mandaluniz Ealo, Athleticeko jokalaria…

Baina ez nuen Bilbon ezagutu! Hamar urte bete nituenean, Bilbora hasi nintzen, Gurutzeko Alaben kolegiora, Erronda kalean. Han amaitu eta gero, irakasle eskolan ikasten hasi nintzen. Horretan nintzela, hamasei urterekin, lagun batzuek gure ama konbentzitu zuten niri Asuako Jolasera joaten uzteko. Han, dantza izaten zen. Soinulariak eta panderoak musika jotzen zuten biribilketak eta pasodobleak, eta hantxe ibiltzen ginen gu, neska eta mutil, dantzan edo berbetan. Ni gehiena isilik egon nintzen lehen egun hartan, ez nuen-eta mutilik ezagutzen. Halako batean, dantza eskatu zidan mutiletako batek. Eta ni zurtuta, baina nire lagunetako batek, Elena Nanclaresek, baietz, esan zidan dantza egiteko. Mutila Jose zen. Ez nuen orduan jakin, etxera bidean baino: Athleticeko jokalaria zen...

Handik zortzi egunera, berriz ikusi zenuen...

Baina hori baino lehen, ezagutu ondoko egunean, astelehenean, karta idatzi zidan. Eskolako lagun batek eman zidan, galdakoztarra, Jose bezala. Eskola amaitu arte ez nuen irakurri. Maitasuneko karta zen, ederra, goxoa. Ezin sinistuta nengoen... Handik zortzi egunera, Asuako Jolasera joan nintzen berriz lagunekin, eta Jose ere joan zen, eta berriz egin genuen dantza. «Jaso zenuen nire karta?», galdetu zidan, eta nik baietz, jaso nuela, baina esan nion irakasle ikasketak amaitu arte gurasoek ez zidatela inorekin ezkontzen utziko. Kasik bost urte ibili ginen nobiotan, baina ez zen erraza izan.

Zer ez zen erraza izan?

Ezkontzea! Gurutzeko Alaben ohitura zen urtean behin gogoeta-jardunak egitea, eta ikasturtea amaituta Loiolara [Azpeitia] joaten ginen, basilika ondoko etxera. Hiru-lau urtean joan nintzen hara, eta azkeneko urtean, jardunaldiak amaituta, artean Loiolan, Bilbora itzultzeko autobusaren zain geundela, bihozkada bat izan nuen, eta gure zuzendari espiritual egiten zuenari, aita Laskibarri, esan nion konfesatu nahi nuela. Urgentziaz. Aita hark oker handiren bat egina izango nuela pentsatu zuen, eta puntuan konfesatu ninduen. «Aita, hiru aldiz konfesatu naiz egun hauetan, eta hiruretan ere agindu dizut nobioa utziko dudala, baina ezin dut, ez dut Jose inoiz utziko, gorputz eta arima maite dut!». Aita Laskibar ere temosoa izan, ordea, nobioa utzi behar nuela esan zidan behin eta birritan, misiolari izateko jaioa nintzela. Alferretan. Ez nuen Jose inoiz utzi, heriotzak bakarrik apartatu gintuen.

Mandaluniztarrak abertzale gogorrak ziren…

Ez daukazu esan beharrik! Haiek abertzaleak ziren, eta gure etxean, berriz, aita, monarkikoa! Ez ama ez ni arduratzen ginen askorik politikaz. Joserekin hasi, eta hainbat berba egin zidan abertzaletasunaz. Hasieran ez nion kasu handirik egiten, baina halako suaz berba egiten zuen, neu ere zaletu egin nintzen! Eta, bestalde, bateko Errepublika, besteko Aberri Eguna, antzerki obrak, Alderdiko [EAJ] kideen kontrako injustizia eta terrorismoa, eta, gauza guztien gainetik, gure gurasoen eta aitaita-amamen hizkuntzaren kontrako jazarpen herodestar hura ikusi eta, afiliatu ez ezik, separatismoaren aldeko propagandista itzela egin nintzen! Ikasketak amaitu eta Sondikako lehen ikastolan hasi nintzen, andereño. 19 urte-edo nituen, eta ikasleek, berriz, 13 eta 14 urte! Eta eskolak amaitu eta euskara irakasten nien Emakume [Abertzale] Batzakoei Bilboko Bidebarrieta kalean. Eta mitinlari nintzen han eta hemen domekaro, batzokiak irekitzen-eta; baita Nafarroan ere. Alderdiaren hizlariak ginen, Maria Teresa Zabala, Haydée Agirre, Julene Urzelai, ni neu...

Zer gomuta duzu 1932ko Aberri Egunaz? Bilbon egin zen…

Jendetza! Ez dakit zenbat abertzale batuko ziren, baina milaka asko bai. Han dena zen gure ikurrinaren kolorekoa. Gogoan dauzkat mendigoizaleak Kale Nagusian burua gora zutunik desfilatzen, umetxoak eta andereñoak kolore alegrez jantzita eta banderatxoak eskuan astinka, emakume abertzaleetakoak, loretsu, kantari… Ezpatadantzari mordoa Areatzan, errioa ontziz beteta Deustuko zubiraino, eta Lekeitioko, Bermeoko eta Ondarroako ontziak ere han, pintatu berri, banderaz eta girlandaz dotoretuta, eta abertzalez goraino zamatuta, jan eta edanean eta poztasunez beterik. Eta bezperako suak mendietan, libertatea aldarrika. Surik handiena santurtziarrek Serantesen eginikoa izan zen, hain da horrela, «Euzkadiko sumendia» ipini zioten izena. Eta jendea Arriagatik irteten, Pedro Mari antzerkia ikusita, negarrez, emozioz gainezka. Jakina, etsaiak ezkutatu egin ziren, beldurrez. Bilboko Kale Nagusian, etxe batzuetan pertsianak ere jaitsi zituzten.

Handik urtebetera, 1933an, Larrinagako kartzelan eduki zintuzten hamabost egunez. Bada argazkirik, Haydée Agirrerekin ageri zara, burdin barra artean...

Polizia ikastolara etorri zitzaidan bila! Espainolak betiko legean! Beren Errepublikak Primo Riveraren diktadurak bezalaxe jazarri zion abertzaletasunari, gure nazionalismoari, berdin-berdin baina hipokrisia handiagoarekin. Ni Emakume [Abertzale] Batzakoa nintzen, andereño Sondikako ikastolan, eta haraxe heldu ziren egun baten poliziak: bertan utzi behar izan nituen hogeita hamar ikasleak, bakarrik eta izututa. Eta Indautxura! Ordurako, hantxe zeukaten Haydée [Agirre], eta Larrinagara eroan gintuzten. Bada beste argazki bat, gu kartzelako eskalinatara heltzen, polizia armadunak ondoan dauzkagula, Euzkadiko ez ezazu paratu Euskadi, utzi ezazu Euzkadi, gure Sabinek asmatu zuen eran, egunari guztietan erakutsi zuten.

1936, matxinada Espainian, Gerra Zibila heldu zen Euskal Herrira...

Gure biziera azpikoz gora ipini zen urte horretan. Urte gogorra izan zen. Hasieran inork ez zekien ezer, baina denek egiten zuten berba. Prentsa eta irratia ziren medio ofizial bakarrak, baina alferrik ari ziren, dena gezurra esaten zuten! Gero, faxistak abertzaleak fusilatzen hasi ziren, eta Emilio Mola Beorlegi jeneralaren azioak zertan ziren jakin genuen, eta Queipo de Llano jeneralak irratiz botatzen zituen ahoberokeriak entzun behar izan genituen, itxuragabe jardun zuen, baldarra zen zeharo, auzo-lotsa sentitzeko modukoa berbetan hasten zenean. Gure aldetik, Alderdiak agindu baino lehen ere, Sondikan denek eman zuten borrokarako izena, gure osabak izan ezik. Aureliano Aurrekoetxea Urrutikoetxea zen, herriko alkatea, karlista eta espainolista amorratua. Ezkutatu egin zen... Gu, 1937ko apirilean, herriko defentsa batzordeak autoa utzi zigun eta lagun batzuen baserrira joan ginen, Gernikako gainera. Handik egunetara, geure begiez ikusi genuen Gernikako bonbardaketa. Eta handik hilabetera, erbestera bidean ginen...

Eta gero gerokoak, Polixene.

Eta gero gerokoak… Etorri berriz ere Zeberioko kanposantura gura duzunean, eta kontatuko dizut zer izan zen gure erbestea. Eta, beti, Gora Euzkadi Askatuta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.