Zenbait adituren ustez, euskara X. mendetik aurrera heldu zen Errioxara, Iruñeko erresumarekin batera. Alabaina, badira euskara edo protoeuskara erromatarrak baino lehenago ere bertan hitz egiten zela defendatzen duten ikerlariak. Horietako bat da Eduardo Aznar (Bartzelona, 1977) historialaria.
Zer bildu duzu El euskara en La Rioja. Primeros testimoniosliburuan?
Liburu hau euskarak Errioxan izan duen presentzia azaltzen duen lanaren lehen partea da. Liburu honetan, euskararen aztarna zaharrenak aztertu ditut, eta aurrerago, Erdi Aroa eta toponimia modernoagoa azaltzen dituen bigarren partea ere argitaratuko dugu.
Zeintzuk dira euskarak Errioxan utzitako lehen aztarnak?
Lehenengo liburuan, 80ko hamarkadatik agertu diren hilarri erromatar batzuetako onomastika landu dut. Hilarri horiek Tierras Altas izeneko eskualdean agertu ziren, gaur egungo Soria (Gaztela eta Leon, Espainia) probintzian, baina Errioxa geografikoa osatzen duten lurraldean. Hilarri horietan, orain arte 11 izen indigena protoeuskaldun agertu dira. Uste dugu erromatarren menpean bizi ziren indigenenak zirela: izengoitiek euskaldunak dirudite. Adibide argiena Sesenco da, izengoiti hori dakarren hilarriak oinarrian zezen baten irudi hautsia baitakar. Liburuan, hilarriez gain, antzinako toponimia eta orduko datuak landu ditut, euskal arrastoak bilatuz.
Alabaina, zenbait adituk defendatzen dute euskara Iruñeko erregeek egindako birpopulatzeekin heldu zela Errioxara.
Nire ustez, hilarri hauen moduko frogek baieztatzen dute euskara Errioxan zegoela bai Iruñeko erregeak eta bai erromatarrak heldu aurretik. Hilarri hauek eta toponimia aztertuta, esatea euskara birpopulatzeen ondorioz heldu zela aurreiritziekin jokatzea da.
Zenbait adituk diote erromatarrak heltzean Calahorra zela baskoien hiri nagusia.
Bai, noski. Autore klasiko guztiak bat etorri ziren Calahorrahiri baskoia zela. Egun, aditu asko saiatzen dira esaten Kalagorri zeltiberiarra zela, baina ez da horri eusteko frogarik agertu. Beste kontu bat da, bertako hizkuntza bakarra protoeuskara izango ote zen edo hizkuntza gehiago hitz egiten ote ziren. Adibidez, agertu dira bertan egindako txanponak, «Kalagorrikos» idazkunarekin. Jatorri euskalduneko Kalagorri hitzari «-kos» atzizki zeltiberiarra gehitu zitzaion. Pentsa genezake, beraz, Kalagorri jatorri baskoiko hiria izan arren agintean elite zelta bat zela.
Hala ere, Calahorrako Museo Erromatar berrira joanez gero, baskoi hitza inon ere ez da ikusten. Zergatik?
Nire ustez, nahita egiten den zerbait da. Tamalez, aurreiritzi asko daude puntu horretan, eta ebidentzia guztien aurka ikerlari batzuek baskoiak bakarrik Pirinioetan bizi zirela defendatzen dute. Agian, gai horretan erabat zientifikoak ez diren ideiak nahasten dira.
Lehenengoa al zara Errioxaren euskalduntasun goiztiarra defendatzen?
Egon dira beste autore batzuk. Baina ikerketa hau da orain arte atera den garatuena eta sakonena. Liburuan aipatzen den moduan, lehenengo ikerketak Fray Mateo de Anguiano eruditu errioxarrak publikatu zituen 1704an. XVII. Mende bukaeran jadanik, Anguiano jabetu zen Errioxan euskal toponimo asko zegoela. Hala ere, gaian gehien sakondu zuena Juan Bautista Merino Urrutia euskaltzalea izan zen, XX. mende erdialdean egin zituen ikerketekin. Berak ezagutarazi zuen, adibidez, Ojacastro (Errioxa) bere jaioterriko Fazaña edo sententzia. 1234 eta 1239 bitarteko dokumentu horretan aipatzen da Gaztelako epailerik gorenak Ojakastroko alkatea atxilotu zuela, auzietan euskaraz deklaratzea onartzeagatik. Zorionez harentzat, geroxeago askatua izan zen, zeren egiaztatu ahal izan baitzuen ohitura hori herriko foru zaharrean zegoela.
«Erromatarrak eta Iruñeko erregeak iritsi aurretik, euskara bazegoen Errioxan»
Euskarak Errioxan utzitako aztarnak aztertu eta liburu batean bildu ditu Eduardo Aznarrek. Bigarren zati bat ere egiteko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu