Atea gurdian jarri, gurdia idiei lotu, eta abiatu. Horixe egin dute, gaur goizean, Astigarragako plazan (Gipuzkoa). Astebeteko erromesaldia egingo dute bertatik Done Mikel Aralarkoaren santutegiraino (Uharte Arakil, Nafarroa). Bertako ateei su eman zieten iaz, eta Albaolan zaharberritu dituzte, Pasaian (Gipuzkoa). Bada, hainbat pertsonak oinez egingo dute bidea, atearekin batera, santutegiraino. Atea gurdi batean ari dira garraiatzen, eta bi idi ari dira haiei tiraka: Txato eta Tanke.
Zazpi egunean Gipuzkoako eta Nafarroako 21 herri zeharkatuko dituzte —86 kilometro—. Lehen etapa egin dute gaur, Astigarragatik hasi eta Villabona-Amasaraino (Gipuzkoa). Egitasmo horrekin, gogora ekarri nahi dituzte antzinako erromesaldiak, eta horiek lurraldearekin zuten lotura. «Garai batekoa gaur egunera ekartzea espektakulua da ja», iritzi dio Gema Sistiagak. Lehen etapa guztia egiteko asmoz abiatu da: «Motza da eta!».
Astigarragako plazatik atera eta berehala, jendea harrituta geratu da gurdia ikusita. Autobus geltokietan zeuden askok eta askok sakelakoa atera dute grabatzeko. Haurrak jolasgaraian daude, eta jolastokiko hesira hurbildu dira idiak ikusteko eta ibiltariak agurtzeko.
Gurdian doaz bi ate zati, bakar bat osatzeko. Albaolatik atera dituzte. Bertan hartu dute forma berria: Sakanatik ekarritako haritz egurrarekin berregin dituzte —San Juan baleontzia eraikitzeko erabilitako berbera da—, eta ontzigintza tradizionaleko teknikak erabili dituzte. Lana artisaua izan da, eta jendaurrean egin dute.

Alfonso Garciandia santutegiko kapilauak eta Xabier Agote Albaolako zuzendariak ere egin dute erromesaldia. Agotek esan du igandean jarriko dituztela ateak bere tokian, baina neurrira jarri beharko dituztela: «Hobe da gero egurra kentzea, jarri behar izatea baino». Pieza fisiko bat ez ezik historiaz eta zentzuz betetako modu bat ere berreskuratu dutela iruditzen zaie.
Astigarragatik Hernanirako (Gipuzkoa) bidea hartu dute; Troya ibilbidetik, lehenik; Akarregi bailaratik, gero. Maite Vicente Agirre Iruñekoa da, Aralarko santutegiko kofradiakidea. Egitasmoaren berri eman zuen kofradian, eta hainbat animatu ziren; haietako bat, Leire Saitua, Ibarrangelutik (Bizkaia) iritsi da. Motxila eta txanoa soinean etorri da, eta etapa guztiak egiteko asmoa du: «Oso ideia polita iruditzen zait; erritmo onean goaz».
Vicente bide guztian joan da gurdiaren albo-alboan: «Idien pausoen soinua gustatzen zait. Ohitura daukat ardiekin batera ibiltzeko, eta ondo noa ugaztunen erritmoan». Bide guztia egingo du haiekin. Apur bat larrituta dago Lizarrustiko (Ataun, Gipuzkoa) etapagatik, aldapa baitago: «Ikusiko dut zer egin momentuan bertan».
Joxe Inazio Arratibel ere batu da erromesaldira. Arrebak eman zion planaren berri, eta plan ona iruditu zitzaion. «Biharkoa ez dut egingo, laburra da-eta, baina Tolosatik Lazkaora [Gipuzkoa] egin nahiko nuke». Ez du beldurtzen Lizarrustiko mendateak.
Hernanin, oinez doazen emakumeek izkinetan begira geratzen direnak animatu dituzte, haiek ere oinez abiatzeko. Adibidez, Portu auzoan hamaiketakoa egin dute batzuek, eta gero batu dira gurdiaren atzera. Aitor Matxain itzaina idiak gidatzen aritu da bide guztian: «Hauekin, presarik gabe joateko mentalizatu behar da». Kontatu du ohituta daudela idi probak egitera eta ibiltzera, baina ez egun hauetan bezainbeste. Halere, uste du moldatuko direla.
Eguerdi aldera heldu dira Urnietako (Gipuzkoa) Jauregi fabrikara; lehen, aizkorak egiten zituzten bertan. Atsedena hartu dute, bai idiek —busti egin dituzte, eta ura eman diete— eta bai ibiltariek —jateko eta edateko pixka bat hartu dute—. Bi dantzarik agurra dantzatuz egin diete harrera, eta Mikel goi aingerua abestu dute denek, aho batez.
Gero berriro ekin diote bideari: idiek, tiraka, eta jendeak, oinez. Urnieta, Andoain eta Villabona-Amasa geratzen zaizkie lehen egunean. Zazpi etapatan helduko dira Done Mikel Aralarkoaren santutegira: Villabona-Amasatik Tolosara (Gipuzkoa) egingo dute asteartean; Tolosatik Lazkaora asteazkenean; San Gregoriora helduko dira ostegunean, Ataunera; Lizarrustiko gaina zeharkatu, eta Etxarri Aranazera (Nafarroa) joango dira ostiralean; Uharte-Arakilera larunbatean; eta santutegira iritsiko dira igandean.
Erromesaldia amaitzeko, Done Mikel Aralarkoaren santutegian ongietorri egun bat antolatu dute. Igandean, 12:00etan, ate zaharberrituak jarriko dituzte, eta meza emango du gero Mikel Garciandia gotzainak, Iruñeko Katedraleko musika kaperak lagunduta.
«Erasoaren aurrean, elkartasuna»
Iazko urrian egin zioten eraso Done Mikel Aralarkoaren santutegiari. Pintaketa naziak egin zituzten atean, eta su eman zioten gero. «Santutegiko ateak jasandako eraso bandalikoa zentzuz betetako erantzun kolektibo bihurtzen duen egitasmo bat da», azaldu dute antolatzaileek; Agotek, berriz, esan du «erasoaren aurrean elkartasuna eta jarrera eraikitzailea» izan dela haien hautua. Ateak musu truk zaharberritu izana «auzolanaren sendotasunaren eta tolerantziaren sinboloa» dela aldarrikatu dute.
Erromesaldia zuzenean ikusi ezin izan duenak aukera edukiko du gero ere: prozesu guztiaren kontakizuna Clau Creative enpresak ekoitzitako dokumental batean kontatuko dute.