Hurrengo errondan iritsiko dira garagardoak, baina oraingoz kafe kikaraz eta bizkotxoz gainezka dago Adaxka kafetegian Principal familiak okupatu duen mahaia. Leinsterren elastikoa dute gehienek, gaur San Mamesen errugbiko Txapeldunen Kopako finala Bordeleko Union BBren aurka jokatu duen talde irlandarrarena. Baina katalanak dira: Bartzelonatik etorriak, «tradizio» familiar bat betetzera. Jordi Principalek azaldu du Marius semeak proposatu ziela lehen aldiz Marseillako finalera joatea, orain bost urte: «Oso ondo pasatu genuen. Eta partida amaitzean, zahar talde bat ikusi genuen: elastiko bat egina zuten haiek joandako finalen hiriekin. Pentsatu genuen guk gauza bera egin genezakeela». Atsedenean iragarri zuten Dublinen izango zela hurrengo urtekoa. «Elkarri begiratu genion, eta erabaki genuen Dublinera joango ginela», oroitu du Mariusek; «eta urtetik urtera jende gehiago batzen zaigu».
Zazpi lagun daude mahaiaren bueltan. Errugbi jokalariak izan dira gehienak, eta maitasunez hitz egiten dute kirolaz. Pasioz azaldu du Jordik kirolaren filosofia: «Oso kirol teknikoa da: jokalari bakoitzak funtzio jakin bat dauka, bere posizioaren eta zenbakiaren arabera. Zelaian gertatzen dena ez da hamabost pertsona kolpeka dabiltzala, baizik eta elkar osatzen duten jokalarien talde bat aritzen dela». «Kirol kolektiboenetako bat da; jokalarien artean senidetasun moduko bat sortzen da, bat ez baita ezer besteak gabe», erantsi du Mariusek.
«Oso kirol teknikoa da: jokalari bakoitzak funtzio bat dauka. Zelaian gertatzen dena ez da hamabost pertsona kolpeka dabiltzala, baizik eta elkar osatzen duten jokalarien talde bat aritzen dela»
JORDI PRINCIPALErrugbizalea
Pasio adierazpen horien erdian, Lluis Roque lagunak txantxetan esan du bera turismoa egitera etorri dela Bilbora: «Errugbiak mugitzen duen giroa ez da futbolarena, oso diferentea da: ez dago ultrarik, giro lasaiagoa da, emakume gehiago dago... Eta zelaian zaleak ez daude segregatuta, baizik eta elkarrekin». Topikoez harago, errugbiaren inguruko balioak goretsi ditu Jordi Principalek: «Errespetu handia dago, baita zaleen artean ere». Giro horrek, gainera, erraztu egiten ditu zaleen arteko harremanak, Marçal semeak adierazi duenez: «Beste leku batzuetako jendearekin hitz egiteko aukera ematen du, batez ere Galesko, Irlandako eta Eskoziako zaleekin. Izan ere, gu katalanak gara, ez daukagu goi mailako talderik».
Beroa arazo
Zaleen arteko giro hori Bilboko kaleetan antzeman da azken egunotan. Izan ere, errugbiaren milaka jarraitzaile dabiltza Bizkaiko hiriburuan azken egunotan: atzo gauean Challenge Cupeko finala jokatu zen (Montpellier gailendu zitzaion Ulsterri), eta gaur 16:00etan hasi da partida nagusia, Txapeldunen Kopako finala. Haien elastikoek, armarriek, banderek eta zapiek apaindu dituzte Zazpikaleetako eta Indautxuko inguruak; eta, lehiatu diren lau taldeen zaleak elkarrekin ibili diren arren, ez da liskarrik izan.
Horregatik maite dute errugbia Siobhan Cotter eta Clora Cunningham irlandarrek; besteak beste, emakumeak eroso daudelako. «Futbola ez dut gustuko. Giroa oso bestelakoa da», esan du lehenak. «Lagunkoia. Mundu guztia da zoriontsu. Leinsterreko banderak astintzen eta frantziarrekin txantxetan aritu gara gaur», gehitu du bigarrenak. Lehen aldia dute final batean, eta «itzel» pasatzen ari dira. Arazo bakarra ikusi diote Bilbori: «Beroa. Atzo pena eman zidaten jokalariek», oroitu du Cotterrek. «Eta gaur ere arazo izan daiteke guretzat; ez gaude ohituta hainbesteko beroarekin jokatzera. Baina bueno, ez gara faboritoak, eta batzuetan hobeto aritzen da presiorik gabe», gaineratu du Cunninghamek.
«Giroa lagunkoiagoa da. Mundu guztia da zoriontsu. Frantziarrekin txantxetan aritu gara gaur»
CLORA CUNNINGHAMLeinsterren zalea
Gaurko tenperatura ez da hain itogarria izan, baina partidaren aurretik zaleak nabarmen ibili dira garagardo fresko eta itzal bila, batez ere Casilda Iturrizar parkean zaleentzat atondutako gunean eta Indautxu plazan Bilboko errugbi taldeak jarritako karpan. Dena den, Bordelekoen gorri iluna eta Leinsterkoen urdina ez dira izan elastikoetan agertu diren kolore bakarrak. Leku askotatik etorri dira jarraitzaileak, norbere taldearen jantziarekin.
Eta euskal errugbizaleak ere bai. Tartean, Elorrioko «beterano» kuadrilla bat. «Bere garaian, errugbian jokatu genuen, eta orain ikusteko elkartzen gara. 2018an hemen izan zen finalera ere etorri ginen», azaldu du Endika Agirrek. Lagunen artean nork irabaztea nahi duten galdetuta, berdin zaiela diote. «Errugbia ez da futbola bezalakoa. Kirola ikustera goaz gu; ez dugu talde baten zaleak izan behar horretarako». Tira, agian ez da garrantzitsuena, baina, interesik duenarentzat, Bordelek irabazi du azkenean (19-41).