Nafarroako Hezkuntza Sailak Eratsungo eskola itxi nahi du. Ikasturte honetan lau haur ari dira ikasten eskolan, eta hurrengoan ere beste hainbeste ariko dira. Eskola ez ixteko gutxienez bost haur behar direla argudiatu du gobernuak. Hurrengo urteetan, berriz, haur gehiago izanen dira herrian. Beraz, matrikula bermatua litzateke, eta eskola ez ixteko eskatu dute gurasoek.
Eratsunen ez dute Nafarroako beste herri txiki askotan gertatua gertatzerik nahi eta bizirik gabe gelditu. Basaburuko herrian 150 lagun inguru bizi da astez, eta zertxobait gehiago asteburuetan. Herrian zuten taberna bakarra eta denda itxi egin zituzten. Orain eskola itxi nahi die Hezkuntza Sailak, matrikula kopurua urria dela argudiatuta. Aurten lau haur daude eskolan eta heldu den urterako beste hainbeste izanen dira. Eskola mantentzeko bost haur behar direla esan die Hezkuntza Sailak herrira bidalitako ikuskariak. Halaber, beste haur batzuekin sozializatu behar dutela dio ikuskariak. Gurasoek hori egiten dutela gogoratu dute. Izan ere, asteazkenero Legasara joaten dira eskolara, Malerrekako Saldias eta Labaiengo haurrekin batera.
Beste herri txiki askotan gertatzen den moduan, adin guztietako haurrek gela batean ikasten dute. Eratsungo eskolan dagoen ikasle zaharrenak, Jasone Mindegiak, 11 urte ditu eta Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako seigarren mailan ikasten du. Aurten 12 urte dakartza, eta heldu den ikasturtean Doneztebera joanen da, Bigarren Derrigorrezko Hezkuntzan (DBH) ikastera. Txikienak, Haritz Mariezkurrenak, 3 urte ditu eta Haur Hezkuntzako lehen mailan ikasten du.
Jasone Mindegiak heldu den ikasturtean utziko du eskola, baina beste batek hartuko du haren lekukoa. Irailean, 2011-2012 ikasturtean, Naroa Retegi hasiko da eskolan, hiru urte beteak dituela. Eta hurrengo urteetan, 2015. urteraino behintzat, haur gehiago izanen dira, guztira zazpi ikasle. Beraz, aurten eta hurrengo ikasturtean «salbuespena» egiteko eskatu du Pedro Deskarga herriko alkateak.
Hain haur gazteak egunero autobusean joan-etorrian ibiltzeari «gogorra» iritzi diote gurasoek. «DBHko institutura joaten direnek autobusa 08:15ean hartu behar izaten dute, eta hain haur txikiak egun osoa etxetik kanpo ibiltzea gogorra da», dio Nagore Eskudero amak.
Bilera heldu den asteartean
Aferaz mintzatzeko herriko alkateak eta gurasoek bilera dute Iruñean Hezkuntza Sailean. Hitzordua heldu den asteartean da, 11:00etan. Alkatea itxaropentsu dago. «Beti izan da eskola herrian, eta hemen jarraitzea nahi dugu. Herriari bizia ematen dio. Haurrak egunero plazan jostetan ikusteak poz handia ematen du». Hezkuntza Sailak, gainera, egin izan ditu salbuespenak. «Legasan, hiru haur izanik, eskola irekita utzi zuten joan den urtean. Orduan, hemen zergatik ez? Zubietan itxi egin zuten eta ez dute gehiago zabaldu. Ez dugu hori gertatzea nahi», dio Ana Benito amak.
Eskola itxiko balute, haurrek Doneztebera joan beharko lukete. Doneztebera joateko errepidea kaskarra dela gogoratu du alkateak. Erantsundik haraino 15 kilometro bakarrik daude, baina errepidea meharra eta bihurgunetsua da».
Eskola herrian nahi
Haur gutxi direla argudiatuz, Eratsungo eskola itxi nahi du Nafarroako Hezkuntza Sailak. Hori galarazteko, heldu den asteartean bilera dute alkateak eta gurasoek Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu