Maratila. Ane Muñoz

Esne saltzailearen kontuak

2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ez dut sekula loterian jokatu, ez dut sinesten. Aurten, ordea, krisia puri-purian, lagun batek konbentzitu egin nau. 20 euro mixerableen truke bizitza alda dakigukeelakoan dago gizajoa, eta ni, hari kasu eginez, hementxe nago, urduri eta txartela begi bistan, nire zenbakia noiz kantatuko zain.

Zer egin dezaket, baina, diru horrekin guztiarekin? Lehenik eta behin, zenbat jasoko dudan jakin behar dut. Demagun 200.000 euro direla. Uau! Eta zer egin? Zuloak tapatu, irabazleei beti entzun diedana. Bale, nireak tapatu ondoren, lagunei eta etxekoei ahal dudan neurrian lagundu. Film labur bat, kapritxo moduan, neuk ordainduta. Ze ondo, ekoizpen lana ere nire kontu. Hortik aurrera, kanpoan dauzkadan lagunak bisitatu, galduko ditut bestela. Beste bidaien artean, Machu Picchutik pasatu, sekulako esperientzia omen da-eta. Afari goxo bat egingo nuke, ostrak, bisigua eta txuleta, ardo dastagarri batez lagunduta. Horra omenaldia. Aldi berean elkartasuna erakutsiko dut, jakina, eta beharrean daudenen artean zer edo zer banatu. Janari piloa bidaliko nuke, adibidez, goseak jota dauden munduko umeen artean banatzeko. Baina ez al dut deus gordeko niretzako etorkizun lasaiago bat bermatzeko? Etorkizuna? Ufa, horiek hitz potoloak dira. Ze etorkizun, edozein egunean adreilu bat gainean jauzi eta berton geratzeko aukera buruan dut eta beti.

Gerta dakidanari nola aurre egingo bueltaka nabilen bitartean, to, bota dituzte sariak eta... hara, askorik ez bada ere, gutxienez jokatutakoa jasoko omen dut. Bo, ametsak beti amets, eta hemen ez da deus gertatu. Beraz, zertaz kexatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.