Euskal Museoko komunikazio arduraduna

Anne Marie Gale: «Esnobismoa izan da gu zuriz eta gorriz janztea»

Baionako Euskal Museoko komunikazio arduraduna da Anne Marie Gale. Baionako bestetan zuriz eta gorriz janzteko moda 1970eko hamarkada bukaeran heldu zela kontatu du. Patxa plazako programazioak eta Karrikaldiaren sorrerak markatu zioten gaztaroa.

Anne Marie Gale, Baionako Euskal Museoaren atarian, uztailaren 10ean. GUILLAUME FAUVEAU
Anne Marie Gale, Baionako Euskal Museoaren atarian, uztailaren 10ean. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako bestak burura jitean gauza frankoz oroitzen da Anne Marie Gale (Baiona, 1964). Baionako Euskal Museoko komunikazio arduraduna da, eta bere bulegora sartu bezain fite argazki batzuk ekarri ditu mahai gainera. Argazki horietan, Montaut plazan ikus daiteke Gale 25 urterekin dantzan, zuriz eta gorriz janzteko ohitura apenas sartzen hasi zelarik bestetan. Bertze argazki batean, berriz, San Andres plazako behi lasterketak ageri dira. Hor ere zuri eta gorri guti. Bestazaleek tixerta marradun urdinak dituzte soinean. Iruñetik heldu beztitzeko ohitura 1970eko hamarkada bukaeran arribatu zela kontatu du. Burua artxiboetan behin sarturik, Baionako besten lehen afixa ere erakutsi du.

Baionako besten lehen afixa duzue museoan. 1929ko krisi ekonomikoaren ondotik heldu dira lehen bestak, 1932an.

Benjamin Gomezek eta Ramiro Arruek sortu zuten besten lehen afixa. Kolore gorria eta berdea ageri dira nagusiki. Xuri eta gorriz agertzen dira bi pertsonaia baina beltzez ageri da txistularia, eta hori da garrantzitsuena. Galtza beltzak ditu, eta garai hartan zezenen aitzinean ibiltzen zirenek janzten zituzten galtza horiek. Oro har, galtza zuriak pilotariek bakarrik ematen zituzten. Baina testuingurua galdegin didazu, eta biziki sinplea da. Baionako goi klaseko gazteriak sortu zituen bestak, hain zuzen ere Gomezek eta haren lagunek. Ideia ukan zuten Iruñeko sanferminak imitatzea, besterik ez.

Zuriz eta gorriz beztitzeko ohitura berant heldu zen Baionara?

1970eko hamarkada bukatu arte ez da zuririk eta gorririk agertzen Baionan. Iruñera joaten ginen hemengoak, eta, nolazpait errateko, besta perfektutzat geneuzkanez, zuriz eta gorriz janzten hasi ginen Baionan ere. Urdin koloreko lan jantzia gorrotatzen hasi ginen zuriak eta gorriak gaina hartu zuen arte. Gibeltasunarekin, orain domaia da, janzteko manera zinez polita genuelako. Ez da ahantzi behar portu bat ginela, eta tradizio horretaz baliatu ordez urdina baztertzen hasi ginen, ideia ona zelakoan horrela janztea. Ene gustuko, esnobismoa izan da gu zuriz eta gorriz janztea.

Zuk nola bizi izan dituzu Baionako bestak?

Zinez maite nituen besta horiek. Biziki maite nituen karriketan ibiltzen ziren txarangak; egiazko nortasun erakusleak ziren. Les Joyeux, Les Dauphins, La banda des Genêts eta Baiona banda, horietaz oroitzen naiz gehien. Biziki aktiboak ziren, eta zinezko tradizio bat zen haiek bestetan egotea. Auzo bakoitzak bazuen berea, eta bakoitzak jotzen zituen bestetarako landu zituzten aireak.

«Ez da ahantzi behar portu bat ginela, eta, tradizio horretaz baliatu ordez, urdina baztertzen hasi ginen, ideia ona zelakoan horrela janztea»

Zer kultur proposamen zegoen garai hartan?

Txarangez eta zuzeneko musikez aparte, joko anitz baziren. Behi lasterketak baziren eta biziki maite genuen hara joatea ttipitan; garai hartan, behiak taberna barnera sartzen ziren kasik: anitz irri egiten genuen. Bestalde, azpimarratzekoa da 1990eko hamarkada hastapenean ikastolako gurasoek euskal kultura zinez sustatu dutela eta euskal dantza erdigunean eman zutela Karrikaldia sortuz. Baina niri markatu nindutenak Patxan proposatukoak dira. Zinez bikain pasatzen genuen han, beste lekuak baino seguragoa zelako. Patxan besta errespetuz egiten zen eta egiten da, eta komunetara joan behar bagenuen Patxara joaten ginen. Ezin da ukatu besta hauek alde bortitz hori atxiki dutela. Orokorki, proposamen kulturalari doakionez, garai hartako musika aditzen genuen, zuzeneko musika zen gehienik aditzen, eta bafleetarik ateratzen zen musika garai hartako musika ona zen; ez zen musika zahar ezagunik ematen.

Oro har, zer pentsatzen duzu besten bilakaeraz?

Jende gehiegi da. Komunikazioaren arloa gehiegi ireki da. Anitz komunikatzen da besta hauen inguruan jakinez ezin dela jende kopuru alimale horri harrera duinki egin. Iruñean, besta gunea zabalagoa da; Baionan, kontzentratua da. Besta egiteko formatu hau higatua da. Hona etorri edateko bakarrik? Ez da hori besta egitea. Hona etorri behar da hemengo kultura ezagutzera. Kulturen partekatzeko gunea izan behar lukete bestek, Landetarik eta Euskal Herriko beste lekuetarik ere jiten baita jendea. Ez dakit, gurutzatzeko leku sano bat beharko genuke.

«Hona etorri edateko bakarrik? Ez da hori besta egitea. Hona etorri behar da hemengo kultura ezagutzera»

Errazagoa zen jende gutiago zelarik? 

Erraterako, gazte nintzelarik, ur bazterrean aparkatzen ginen, eta besta gau osoan egiten ahal genuen jendez itorik izan gabe. Jendearen erakartze horretan, erabakigarria izan da peñen irekiera, 1980ko hamarkadan. Uste dut horrek jende gehiago erakarri duela. Biziki garrantzitsua zait azpimarratzea bestak egun baino anitzez eskuragarriagoak zirela. Ostatuek proposatzen zutena sinplea eta merkea zen: ardikia eta ilarrak izaten ziren usu, edo Errobi bazterrean sardinak sangria batekin zerbitzaturik egurrezko mahai batzuen gainean.

Euskal Museoan, berriz, besten zurrunbilo horretatik ihes egiteko Museoa gorriz proiektua plantan ematen duzue urte guziz.

2009an sortu genuen hori. Haurrei pista joko bat proposatzen diegu. Aurten, adibidez, Leon erregearen koroa atzeman behar dute. Bestetan museoa hesten denez, bitartekaritzak pentsatu zuen haurrentzat zerbait egitea. Gune lasai bat proposatu nahi dugu haurrentzat, eta aitzakia horrekin museoa ezagutarazten dugu. Arrakasta du proiektuak, haur franko jiten baitira urte guziz.

LOTSABAKO

Bestetako anekdota bat?
Nire lehen bestak, 1976koak. Oroitzen naiz sangria edan nuela sardinak janez Errobi bazterrean.

Maitatu izan dituzun lekuak?
Patxa plaza musikarentzat eta Montaut plaza Karrikaldiarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA