EHUko ikertzailea

Leire Morras Aranoa: «Espezismoak eragotzi egiten du animaliekiko enpatia garatzea»

Morrasek zuzendutako Animalia Etika Gizartean udako ikastaroan, animalien inguruko errepresentazioak aztertuko dituzte Donostian. «Produktu ekoizle bezala baino ez dituzte irudikatzen».

Leire Morras Aranoa, atzo, EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Leire Morras Aranoa, atzo, EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espezismoa ertz askotako afera da, gizartea alderik alde zeharkatzen duen ideologia bat. Hortaz, hainbat esparrutatik hel dakioke. EHUko Animalia Ikasketa Kritikoen ikerketa taldeak Antzinaroko Greziako testuetan, egungo komunikabideen edukietan, artean eta zuzenbidean ageri diren zantzuak aztertuko ditu Animalia Etika Gizartean udako ikastaroan, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, Donostiako Miramar jauregian. «Animalia ikasketak oraindik ez daude formalki hezkuntza curriculumetan sartuta, baina gero eta zentro, think tank eta ikerketa proiektu gehiago daude animalia etika ardatz dutenak», nabarmendu du Leire Morras Aranoa EHUko ikertzaile eta ikastaroaren zuzendariak (Iruñea, 1995).

Animalien errepresentazioa da ikastaroko gaietako bat. Errepresentazioak zelan eragin dezake gizakiek beste animaliei ematen dioten tratuan?

Gaia oso zabala da, eta, segun eta zer arlori buruz hitz egiten dugun, eragina ezberdina izan daiteke. Adibidez, jende gehienak ez dauka tratu zuzenik abeltzaintzako animaliekin, eta, orduan, errepresentazioen bidez sortzen dituzte haiei buruz dauzkaten ideiak. Errepresentazioak iragarkiak izan daitezke, albisteak... Noski, kontuan izanda bizi garen munduan animalien esplotazioa hain normalizatuta dagoela, eta ekonomiako hain oinarri garrantzitsua dela, jasotzen ditugun irudiak oso-oso erromantizatuak izan ohi dira, eta ezabatu egiten dute animalien sufrimendua, esperientzia eta subjektibitatea. Produktu ekoizle bezala baino ez dituzte irudikatzen.

Beraz, komunikabideek sendotu egiten dute espezismoa?

Baietz esango nuke: animalien esplotaziotik bizi diren enpresek espezismoa bermatzeko eta zabaltzeko interesa dute, horrek eragotzi egiten du-eta gizarteak animaliekiko enpatia garatzea eta haiekin beste mota bateko harremana osatu ahal izatea.

Zuk Antzinaroko Grezia ikertu duzu, zehazki. Garai hartan, animaliatasunak zer konnotazio zituen?

Ez dago ikuspegi bakar bat; zenbait korronte eta eskola filosofiko aurki ditzakegu. Gaur egungo kulturan gehien eragin duen ikuspegia Aristotelesek hasitakoa da: hura izan zen animalien arrazionaltasuna ukatu zuen lehenengo filosofoa, eta eskola filosofiko askok jarraitu zioten; bereziki, estoikoek. Horrek ez du esan nahi pentsalari guztiak ados zeudenik. Hor ditugu, adibidez, Plutarko eta Porfirio: barazkijaleak ziren biak, eta animaliek arrazionaltasuna bazeukatela defendatzen zuten; ez agian gizakiena bezalakoa, baina bazirela arrazionalak, beren erara.

Antzinaroko Greziako korronte hori baliatu daiteke gaur egungo borroka antiespezistarako?

Bai. Batek irakurtzen dituenean Plutarkok eta Porfiriok animalien defentsaren inguruan dituzten testuak, harrigarria da haien argudio askoren gaurkotasuna. Animalia etikan argudio bat erabiltzen da, argument from marginal cases deiturikoa [bazterreko kasuen argudioa], zera defendatzen duena: ezin ditugula animaliak harreman moraletatik kanpo utzi arrazionalak ez direla argudiatuta, gizataldeko subjektu batzuk ere kanpoan utziko genituzkeelako. Adibidez, haur txiki-txiki bat ez da heldu bat bezain arrazionala. Aditu batzuek argudio mota hori aurkitu dute Porfirioren testuetan.

Animalia etika aipatu duzu. Zertan datza, oro har?

Labur definitzeko, filosofiaren adar bat da, saiatzen dena aztertzen nolakoak izan behar duten gizakiz besteko animaliekin ditugun harreman moralek. Haien subjektibotasuna, interesak, agentzia, sentimenduak, esperientziak eta abar kontuan hartuz, nola txerta ditzakegun beste animaliak geure harreman moraletan, batez ere moral espezista eta antropozentrista kritikatuz beste modelo etiko bat sortzeko.

Espezismoa klima larrialdiarekin ere lotzen duzue. Zergatik?

Alde batetik, abeltzaintzako industriaren inpaktu ekologikoa dago. Gaur egun, animalia jatorriko produktuen ekoizpena da eragin ekologiko handiena duten industrietako bat. Beste alde batetik, klima larrialdiak ez dio eragiten soilik gure espezieari, beste espezieei ere kalte egiten die. Ez dugu bakarrik ekologismoan oinarrituta landu nahi, espezie jakin baten babesean oinarrituta; gizakiz besteko animaliak ere norbanakoak dira, beren interesak dituzte, eta haien bizitzak balio intrintseko bat dauka.

Artean ere jarriko duzue arreta. Lagungarri izan daiteke borroka antiespezistan?

Esango nuke baietz. Arteak beti dauka potentzial disruptibo eta politiko handia, edozein gaitan. Eta animalia etikaren arloan, bereziki, uste dut artea oso esparru interesgarria dela, hausnarketa teorikotik eta filosofikotik haragoko entseguak egiteko gunea sortzen baitu. Adibidez, gero eta liburu gehiagok lantzen dute animalien ikuspuntua eta subjektibitatea: animaliak ez dira agertzen soilik bigarren mailako pertsonaia gisa edo giza pertsonaien ikuspuntutik deskribatuta, baizik eta balio propioa eta subjektibitatea duten norbanako moduan. Interesgarria da gizakiok geure burutik harago begira dezagun, eta imajina ditzagun nolakoak izan daitezkeen beste bizipen eta existentzia batzuk; ongi egiten bada, enpatia lantzeko estrategia bat izan daiteke.

lotsabako

Antzinaroko Greziako pentsalari bat?
Porfirio. Tesia haren inguruan egin nuen; publiko orokorrarentzat ez da hain ezaguna, baina oso interesgarria da. Haragia kontsumitzearen aurkako testu bat dauka.

Egungo pentsalari bat?
Carol J. Adams. Ezagutu nuenean, oso originala iruditu zitzaidan; ikuspegia asko aldatu zidan, espezismoaren eta feminismoaren arteko loturaz konturatu nintzelako.

Antiespezismoan sartzeko liburu bat?
Feminismotik, Carol J. Adams sarbide ona da. Eta Zoopolis liburua ere oso interesgarria da [Sue Donaldson eta Will Kymlicka], batez ere filosofia politikoan interesa dutenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.