Egunerokoan, emozioek etengabe baldintzatzen dute gizakien jarrera, baina horien gainean batzuetan erabaki egin daitekeela azpimarratu du Jasone Etxeberria (Amezketa, Gipuzkoa, 1967) orientatzaile eta pedagogoak. «Emozio bat sortzea ezin da kontrolatu, baina zer erantzun eman gure esku dago askotan». Horretarako, adimenaren «beharra» dagoela adierazi du. Era berean, emozioak adieraztea «garrantzitsua» dela ziurtatu du.
Zer dira emozioak?
Eguneroko bulkadak. Sei dira lehenengo mailakoak, hainbat jakitunek diotenez: poza, tristura, amorrua, beldurra, nazka eta harridura. Bigarren mailakoak, berriz, kulturaren ondorioz sortutakoak dira. Emozioek sekulako eragina dute gure gorputzean eta jokaeran.
Zerk pizten du emozio bat?
Estimulu batek. Kanpokoa nahiz gure barrukoa izan daiteke: gertaera bat, irudi bat, pentsamendu bat, ilusio bat... Edozer izan daiteke. Adituek esaten dutenez, hainbat emozio sortzen dira gure barne behar bat arriskuan dagoenean; hots, bizirik irauteko ditugun beharrak kolokan sumatzen ditugunean. Izan ere, badaude denentzat unibertsalak diren behar batzuk: arnasa hartzea, atsedena, babesa, berdintasuna...
Emozioen aurrean nola erantzun hauta daiteke?
Emozio bakoitzak pentsatu gabeko erantzun automatiko bat dauka. Batzuetan ongi dago, baina beste batzuetan ez zaizkigu gustatzen emandako erantzunak. Hori saihesteko, prozesu bat egin behar dugu. Hartara, norberak erabakiko du nola jokatu. Kontua da arreta non jartzen dugun.
Gure garunean gertatzen da hori?
Bai. Emozioak eta garunaren funtzionamenduak duten lotura azaltzea ez da erraza. Garunak lau zati ditu, elkarrekiko independenteak direnak, eta erantzunaren kalitatea asko hobetuko da garunaren atalak elkarlanean jartzen ditugunean. Eskuineko hemisferioan daude intuizioa, oinarrizko emozioak, gorputzeko sentsazioak... Hitzez besteko komunikazioarekin funtzionatzen du alde horrek.
Baina emozioak hitzez azaltzen dira maiz.
Bai, beste aldea aktibatuta. Ezkerreko hemisferioan daude: besteak beste, arrazoia, adimena, ahozko komunikazioa, logika eta pentsamendua.
Elkarren beharra dute, beraz.
Hori da. Elkarlanean ari badira, laguntzen digute erantzun pentsatua ematen. Ni haserre baldin banago, momentuan bereak eta bi esan ditzaket, baina gero gaizki senti naiteke. Emozioak identifikatu, ezagutu eta ulertu behar dira, gero erantzun egoki bat emateko.
Zer egin behar da horra heltzeko?
Arreta aldatu. Konplexua dirudi, baina sinplea da. Itsasoko olatuekin alderatu dezakegu emozioaren intentsitatea. Emozioak lasai egon daitezke, edo pixkanaka harrotuz joan. Olatu erraldoia iristen denean, gure emozioa gori-gorian dago. Kontua da olatuari handitzen ez uztea, emozioan surf egin ahal izateko. Gure emozioa handitzen ari denean, komeni da une batez gelditzea: «Zer sentitzen ari naiz? Zergatik?...». Hori ulertuz goazen heinean, emozioaren olatua jaitsiz joango da. Beste era batera esanda, gure emozioekin sintonizatuko dugu pixkanaka.
Seme-alabei prozesu hori irakastea komeni da?
Etengabe. Eguneroko bizitzan mila aukera daude emozioez hitz egiteko; egoera bakoitzari izen bat eman behar diogu. Baina lehenengo nork bere buruan lortu behar du sintonia, eta gero hurbildu ingurukoengana. Olatua goian dagoen bitartean eta kontrola galduta baldin badago, ez eskatu arrazoitzeko. Eskuineko hemisferioak ez du ulertzen ahozko komunikazioaz. Prozesua pixkanaka egin behar da.
Emozio batzuk adieraztea txarra dela uste izan da.
Emozioa ez dugu estali behar, eraldatu baizik. Batzuetan emozio horiek erakustea beharrezkoa izan daiteke, gainera, eta argi izan behar dugu sentitzea ez dela txarra. Kontua da norberak aukeratzea zer eta nola adierazi nahi duen, eta horretarako gai izatea. Ateratzen ez diren emozioak etorkizuneko gaitzak izaten dira askotan.
Kultura kontua ere izan daiteke?
Bai, etxe batetik bestera ere ohiturak aldatzen dira. Esaterako, askok uste dute gaizki ikusita dagoela mutilek negar egitea. Halakoetan, geure burua zentsuratzen dugu. Umeei irakatsi behar zaie emozioak non, noiz eta norekin atera behar diren.
Helduei hori jakitea kosta egiten zaie askotan.
Hor dago koska. Umeek helduak hartzen dituzte eredutzat. Nik gauza bat esan baina bestea egiten badut, alferrik ariko naiz hizketan. Umeek helduengandik asko ikasten dute, eta maiz ez dugu heziketa emozionala behar bezala egiten. Geure buruarengandik hasi behar dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Jasone Etxeberria. Pedagogo eta orientatzailea
«Estalitako emozioak gaitz bilaka daitezke»
Emozioak izatea beharrezkoa den arren, batzuetan erantzun txarren iturri dira. Halakoetan, emozioak eraldatzeko eta erantzun pentsatuak emateko prozesu bat dagoela ziurtatu du Etxeberriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu