Belarriak begiak bezain zorrotz izateko toki bat da Tendencias Creativas eskulanen azoka, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Hari bobina mordo bat duen kutxa baten aurrean andre bat entzun baitaiteke ezustean, lagunari gomendio bat egiten: ez ditzala hartu kotoizkoak, poliesterrezkoak baizik, josteko errazagoak baitira. Eta aditu daiteke beste emakume bat familiako ezkontza batean jantzi zuen oihalaren berri ematen tela saltzaile bati, beharbada haren postuan ikusi duen estanpatu batek akordura ekarrita. Eta jakin daiteke, orobat, zein norabidetan saltzen dituzten zabalera bikoitzeko oihalak, izarak taxutzeko asmoa izatekotan. Gaur itxiko dute azoka.
Bilboko Princess Courts dendaren erakustokian, bi andrek begiz jo dute oihaletako bat. Baina hasiberriak baino ez dira, Charo Roldan jabeari adierazi diotenez, penaz. Agian buruan izango dute zer egingo luketen estanpatu deigarri horiekin, edo zer egiteko gai izango diren etorkizunean. «Beti esaten diot jendeari, batez ere hasiberriei, askoz errazagoa dela tela estanpatuarekin jostea, lisoekin baino: hanka sartzen duzunean ez da igartzen», esplikatu du Roldanek. Eta, hala ere, gustuko du arriskatzea ere: bai josten duenean —«autodidakta naiz», esan du, irribarretsu—, baita dendan saltzen dituen oihalei dagokienez ere, gauza bereziagoak biltzen ahalegintzen baita. «50 urte baino gehiago dituen tela bat daukat, kotoizkoa eta artilezkoa», nabarmendu du.

Inguruko saltokietan, jendea kukubilko dago oihal zati merkeen kutxa miatzen, larru erliebedunak haztatzen, kandeletan sudurra sartzen. Patchwork-ean espezializatutako makina bat postu daude —txatalekin sortzeari deritzo patchwork—. Badira lihozko oihalak saltzen dituztenak, zetak, baita Indiako kaxmirra ere. Badira botoi arruntak, erraldoiak, tximeleta itxurakoak. Badira estanpatuak oihaletan, kartulinetan, kremaileretan, washi tape deritzen zinta itsaskorretan.
«Kontsumista hutsak gara»
Badira gozotegiak ere. Halako baten itxura du, behintzat, Oviedoko (Espainia) Nataly Candlesek: merengez beteak dirudite beirazko poteek, eta galletaz, gereziz eta bestelako goxokiz apainduak. Usainak berehala uzten du tranpa agerian, ordea, marrubi ufada indartsuegia da-eta benetako marrubi batena izateko. «Soja argizariz egindako kandelak ditugu, batez ere», argitu du Rocio Fernandez arduradunak. «Edukiontziaren arabera, batzuek egurrezko zirta daramate, eta beste batzuek kotoizkoa. Postre hauek hobeto urtzen dira kotoizkoarekin, modu homogeneo batean kontsumitzen dira».

Zera izan daiteke azokan bildutako askoren ondorioa: «Gutxi erosteko asmoarekin etortzen gara, eta, azkenean, den-dena erosita atera. Kontsumista hutsak gara». Hori da, behintzat, lagun talde batek uste duena. Ana, Marilou, Consuelo, Paqui, Lourdes, Rosa Mari eta Miriam Irundik (Gipuzkoa) etorri dira Barakaldora; bederatzi urte daramatzate azokara joaten. «Eskulanak egiten ditugu, Irunen [Gipuzkoa]. Denetarik interesatzen zaigu: azkenaldian, telak batez ere, baina baita pintura ere». Oihalak, orratzak, jostorratzak, berniza eta liburuak eskuratu dituzte daborduko, baina zerrenda beste gauza batzuekin luzatuko dute geroago, bazkalostean azokara itzuliko dira eta.