«Laguntzarik? laguntzarik?», entzuten da behin eta berriz Plaza Berriko eszenatokiaren atzealdean. Dena bizkor doa, inor ez dago geldirik; alderantziz, zereginik ez duenak ondokoari laguntzen dio. Eta hor dago bizkortasunaren eta oholtza hutsik ez egotearen gakoa. Ane Ubarretxena (Donostia, 2004) Eskola dantza taldeko ordezkariak nabarmendu du bizkortasunak baduela bere garrantzia, «publikoan transmititzen delako».
Emanaldi eguna arratsaldeko bostetan hasi da dantzarientzat, ordea. Behar duten guztia dutela ziurtatu, jantziak plantxatu, ondoren Plaza Berrira eramateko. Jarraian, eszenatokia eta atzealdea presatzeko ordua izan da. Eszenatoki atzean material eta jantziak sailkatuta utzi dituzte gero «arropa aldaketak azkarrago egiteko». Emakumezkoek ilea batu dute, eta zapia jarri, elkarri lagunduz, ondoren presaka ez ibiltzeko.

18:30ean, entsegu moduko bat egin dute dantzariek, eta eszenatokiko posizioak zehaztu dituzte. Aitzol Ortiz Eskola taldeko dantzariak azaldu du publikoan daudenak, pareko eraikinetako leihoak edo halako edozer elementu erreferentzia bihurtzen dela dantzatzerakoan non kokatu jakiteko. Horrek emanaldian dantza bakoitzean non kokatu jakiteko balio du, baita mugimenduak zer aldetara egin kontuan izateko ere.
«Denon erantzukizuna»
Janzteko ordua iritsi da, eta denbora justua dute. Beraz, dantzariak presaka aldatu dira arropaz. Azpiko gona, gona, alkandora, zapi eta bestelakoak. Janzteko garaian ere, norbere jantziez arduratzea ez ezik, elkarri laguntzea dute buruan dantzariek. Kortsea lotu atzealdetik, botoiekin lagundu. Ubarretxenak une horien inguruko kontu batzuk nabarmendu ditu: «Entsegu orokorrean azpimarratu genuen oso garrantzitsua zela libre daudenek laguntzea, denok garaiz irits gaitezen aldaketa guztietara. Emanaldia denon erantzukizuna da».
«Oso garrantzitsua da libre daudenek laguntzea, denok garaiz irits gaitezen aldaketa guztietara»
ANE UBARRETXENA Eskola dantza taldeko dantzaria

Jantziak koloretsuak dira dantza guztietan. Luzaideko (Nafarroa) dantzetan, gizonezkoak alkandora eta galtza zuriak jantzita irten dira: behealdean eta aldeetan kolorezko apaingarriak daramatzate, gerriko gorri zabal bat estu-estu lotuta, alpargata zuriak, eta tirazko koloretako kapa ere bai. Eta deigarriena urre koloreko buruko luze bat da; goialdean luma apaingarriak ditu. Emakumezkoek jantzi desberdinak eraman dituzte. Batzuek, baserritar trajea, abarkaz eta zapi koloredunez apaindua. Beste batzuek, berriz, praka zuriak, jaka botoidun gorri bat, eguzkitako betaurreko beltzak eta buruan txapel gorria, parpaila hori batzuk zintzilik dituela.
«Dantzatzera goazenean, disfrutatzeko esaten diegu beteranoek gazteenei, eta irribarre batekin irteteko; hori da garrantzitsuena»
AITZOL ORTIZ Eskola dantza taldeko dantzaria
Emanaldiaren ordurako, aulki guztiak beteta daude, eta denborak aurrera egin ahala inguruak ere bete dira. Baita lauzpabost balkoi ere. Ikusleak pozik eta gogotsu daude. Eszenatoki atzean, berriz, egoera guztiz desberdina da. Urduritasuna gailendu da azken minutuan. Ortizek momentu hori bera definitu du: «Batzuek urte gehiago daramatzagu dantzatzen. Beste batzuk berriak dira, baina denok ditugu tximeleta horiek barruan. Dantzatzera goazenean, disfrutatzeko esaten diegu beteranoek gazteenei, eta irribarre batekin irteteko; hori da garrantzitsuena». Irribarreaz gain, badira eszenatokira irten baino lehenago dantzariek ezinbestean egiten dituzten kontu batzuk. Esaterako, luzaketak. Alex Mitxelena Eskola dantza taldeko dantzariak (Donostia, 2006) goraipatu egin du luzapenak ondo egitearen garrantzia; hain zuzen ere, dantzariak eszenatokian lesionatu egin daitezkeelako.

Bizia eta bizkorra
Zortziak puntuan dira, eta kanpai hotsarekin batera igo dira musikariak eta dantzariak eszenatokira, eskaileraren azken koskari garrantzi berezia emanez. Bertan hauts batzuk izaten dituzte, eta hori zapalduta igotzen dira. Ubarretxenak zer den azaldu du: «Erretxina da. Goian egurrezko zorua daukagu, eta, oinetakoen arabera, lurra oso irristakorra izaten da; horretarako botatzen dugu». Ortizen iritziz, egin beharreko zerbait da, nahiz eta «kristoren zola» eraman. Are gehiago irristatzearen «paranoia» bueltaka izanik, beste hainbatek bezala. Eskailerek badute beste funtzio bat: geldirik dauden dantzariek kideak animatzen dituzte bertatik: «Ba, ba, ba! Aupa neskak!»
Dantzak biziak izan dira, mugimendu handikoak, eta akrobazia itxurako mugimenduren bat edo beste ere izan da. Eta irribarretsu aritu dira. Momentu bat izan da berezia, publikoa aho zabalik utzi duena. Zortzi neskak bururdi txiki bat zeramaten sorbaldan, eta kutxa bat altxatu dute. Kaxarranka. Neska bat hara igo da dantza egitera.

Dantza batetik besterako tarteak bizkor eta biziak izan dira. Ez da segundo bat bera ere alferrik galdu. Jantziak aldatzen dituzten bitartean, irakasleak gomendioak emateko aprobetxatzen du. Aldaketa horien artean, batek edo bestek hankak goraka jarrita etzan beharra ere izan du lurrean, beroak, nerbioek eta zorabioak jota. Dena den, bost minutu besterik ez du behar izan berriz oholtzara igotzeko. Ezinbestekoak izan dira Ventolin, Reflex eta gozokiak. Azukreak energia ematen baitu.
Dantza kantuz agurtu dute
Ikusleak denetarikoak izan dira: donostiarrak, turistak eta gipuzkoarrak, bereziki. Dantzarien senide askok ere ez dute huts egin. Dantzarientzat pozgarria da hori, Mitxelenak kontatu duenez: «Oholtzara atera baino lehen, familiarengan pentsatzen dut asko, anaiarengan batez ere. Eta ikustera etortzen denean, ilusio handia egiten dit».
«Oholtzara atera baino lehen, familiarengan pentsatzen dut asko, anaiarengan batez ere»
ALEX MITXELENA Eskola dantza taldeko dantzaria
Onena amaierarako uzten dela esan ohi da, eta Donostian ere ezin beste modu batera izan. Donostiako Martxarekin eman diote amaiera emanaldiari. Dantzariek eta musikariek ikusleak ere egin dituzte horren partaide. Amaieran, kantua abestu dute elkarrekin: «Hura da santua / ta hau da herria / horra zer den gure Donostia».