Ezarian. Mugikortasun Astea

Eta bihar, zer?

Astebetez bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatu ostean, gaur autorik gabeko eguna egingo da Europan. Baina Mugikortasun Astea amaituta, nola jarraitu bide horretan?

Garraio publikoa gehiago erabiliko balitz hirietako airea osasungarriagoa izango RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamar urtetik gora joan dira Europan Mugikortasunaren Astea ospatzen hasi zela. Garraio modu iraunkorra erabiltzearen onurak plazaratzeko sentsibilizazio kanpaina gisa erabili izan da, eta helburu horrekin hasi zen lanean Europako Batzordea 1999. eta 2000. urteen artean. Hamahirugarrenez zabaldu dute mezu hori hainbat erakunde publikok eta eragilek kontinente osoan aste honetan. Alegia, automobila etxean utzi, eta horien ordez, bizikleta edo garraio publikoaren aldeko erabileraren alde egin dute.

Garraiobide horiek erabiliz gero, hiri eta herrietako airea osasungarriagoa izango dela adierazi du Europak, eta, era berean, berotegi efektuko gasen isurketa ere kontrolatu daitekeela. Kontzientziazio kanpaina horrekin, helburu jakin bat ere lortu nahi du Europako Batzordeak: 2020. urterako gasen isurketa %20 gutxitzea, energia kontsumoa %20 murriztea, eta kontsumituko den energiaren %20 berriztagarrien bidez lortzea. Helburua areagotu egiten da 2050. urterako: gasen isurketa %80 eta %95 artean murriztea, eta energia kontsumoa %41 apaltzea.

Datu horiek begi bistan dituztela egin dute Euskal Herriko hiri eta herrietan Mugikortasunaren Astea. Ordea, itxura denez, ez da aurreko urteetan bezain arrakastatsua izan aurten. «2000ko hamarkada hasieran gogotsu ekin zitzaion kanpainari herritar eta erakundeen aldetik, baina esan daiteke dagoeneko sukar hori jaitsi egin dela». Javier Umaran Bilbon bizikletaren erabilera sustatzen duen Biziz Bizi elkarteko kidea ez da batere baikorra alde horretatik. Izan ere, azken urteetan kalean ez du sumatu hastapenean kanpaina horrek izan zuen erantzunik. «Erakundeek hasieran kaleak itxi, eta publizitate kanpaina indartsuak egiten zituzten, eta horri jendeak era positiboan erantzuten zion. Aurten apenas ohartu diren Mugikortasunaren Astea iritsi denik ere».

Kontuak kontu, Mugikortasun Astearen barruan ekitaldi ugari antolatu dituzte erakunde publiko eta eragileek. Donostian, esaterako, ibilaldi bat egin zuten atzo gauean patin eta bizikletan, eta ostiralean, errepidean bizikletan ibiltzeko ikastaroa eman zuten; Gasteizen lanera bizikletan joateko laguntzak eskaini dituzte aste barruan, baita eskolara auto gabe iristeko azalpenak eman ere, eta atzo, Olagibelen seigarren martxa jendetsua egin zen; Baionan, lanera autoan ez joateko bizikletak utzi zituen udalak; Iruñean, kotxea partekatzeko egitasmobat sustatu dute, baita Alde Zaharretik bizikleta ibilaldiak egin ere; eta, Bilbon, hiriko garraio publikoaren inguruko erakusketa bat jarri dute, autoen CO2 mailaren doako azterketa egin, eta garraiobideen arteko lasterketa bat ere egin zuten bizikleta aukerarik azkarrena dela erakusteko. Horiekin eta beste hainbat ekitaldirekin, mugikortasun iraunkor baten aldeko jarrera piztu gura izan dute herritarren artean, eta kontzientziazio kanpaina hori gaur bertan amaituko da autorik gabeko egunarekin. Igandea izaki, baina, egunak ez duela behar besteko garrantzirik izango uste du Umaranek. «Astean autoa gutxien erabiltzen den eguna da igandea; beraz, ez dakit sumatu ere egingo ote den».

Autoen erabileraren jaitsieraz ohartu ala ez, bihartik aurrera 2013ko Mugikortasun Astea amaituta egongo da, eta «jendeak berdin segituko du, orain arteko ohiturekin», Umaranen arabera. Mezu ezkor horiek, ordea, emandako aurrerapausoekin orekatzen dira. Izan ere, azken urteetan mugikortasun iraunkorraren alde lan handia egin dela jakitun da. «Gero eta bidegorri gehiago egiten dira, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta garraiobide moduan». Eta modu batean edo bestean, hori Mugikortasun Astearen kontzientziazio kanpainaren fruitu dela nabarmendu du. Baina bihar ez da inongo kanpainarik egongo indarrean. «Iraunkortasunaren alde lan egiteko epea ez da irailaren 16tik 22ra mugatzen. Alderantziz, urte osoan egin beharreko lana da».

Gutxiago mugituz

Gorka Bueno ere iritzi berekoa da. Telekomunikazio ingeniaria da, eta EHUn Teknologia Elektronikoko irakaslea. Mugikortasun Astea sentsibilizatzeko beharrezkotzat jotzen du, baina benetako gakoa «kontu horiek guztiak administrazioen eguneroko jardueran txertatzea» dela uste du. Eta hori nola egin? Luzera begirako plangintzen bidez, eta lurralde antolaketak aldatuz. Kontuak kontu, mugikortasunaren esparruan gauzak aldatzen ari diren susmoa dauka berak ere, «nahiz eta ematen duen ez dela ezertxo ere aldatzen». Energiaren esparrua eta berotegi efektuko gasen isurketa kontuan hartuta hitz egiten du mugikortasunaz, eta ildo horretan proposatzen ditu baita zenbait irtenbide ere.

Gaur egun mugitzeko moduak aldatzen ari dira, eta Buenok uste du hori krisiaren eta energiaren garestitzeari esker gertatu dela. «Baina atzera egite hori desordenatua da, gutxien dutenen kalterako». Horren ordez, herri eta hiriak berrantolatu behar direla uste du, «alde batetik bestera mugitu behar ez izateko». Hau da, Buenok azaldu du mugikortasuna iraunkortzeko modurik onena asko mugitu behar ez izatea dela. «Herritarrok konturatu behar dugu etorkizunean ezin izango garela hainbeste mugitu. Horretaz jabetzen hasiak gara batzuk gasolindegitik pasatzen garenean».

Baina mugimendu horiek ezinbestekoak direnean, ereduei begiratzeko eskaera egin du Buenok. «CO2 isurketen azterketak esaten digu garraio mota onena garraio publikoa dela, energia fluxu berriztagarrietatik sortutako elektrizitatearekin elikatua». Ibilgailu pribatuen kasuan, horiek «publifikatu» behar direla uste du, autoak partekatuz. Horretarako, «administrazioak arautu behar du ia hutsik joaten diren autoen erabilera». Bide horiek urratuko balira aurreztuko litzatekeen energia kopurua «izugarria» izango zela uste du.

Umaranek, mugitzea murriztu gabe, hirietan bizikletan ibiltzeko neurriak eskatu ditu. Hau da, hiri antolaketak garraiobide hori buruan dutela egin daitezela. «Orduko 30 kilometroko abiadurako bideak sustatu behar dira, askok uste duten baino eraginkorragoak direlako». Noranzko bakarreko bide guztietan, abiadura muga hori jartzeko eskatu du; txirrindulariak beldur gutxiagorekin irtengo lirateke kalera, Umaranen ustez. Eta garrantzitsuena dena, «auto gidariek ikusiko zuten abiadura motel horretan gidatuta ez dela batere errentagarria garraiobide hori erabiltzea». Horrez gain, bizikletentzako azpiegitura gehiago eskatzen ditu; bidegorriak, esaterako. «Era horretan, inplizituki garraiobide garbia bultzatzen ariko lirateke erakundeak».

Azpiegiturak berrantolatu

Bueno urrunago doa. Herri eta hiri antolaketak errotik aldatzeko proposamena egin du, lurraldearen antolaketa ezberdin batekin. Batetik, garraio publiko sare on baten beharra galdegin die erakundeei. «Eta horretarako, AHTak ez du balio». Izan ere, haren ustez, garrantzitsuena ez da Donostiatik Bilbora ordu erdian iristea, baizik eta ordu eta erdian egitea ibilbidea, baina Durangon (Bizkaia) eta Eibarren (Gipuzkoa) igotzeko eta jaisteko aukerarekin. Bestetik, produktuen mugimendua jarri du mahai gainean, ekonomia birlokalizatu behar dela esan baitu. «Hori zaila da egitea gure mundu globalizatuan, baina hobetzeko tartea ere badago», haren esanetan. Elikagaien garraioan, esaterako, bertako ekonomia suspertuz energia kontsumoa murriztuko litzatekeela uste du. «Askotan irabazi anitzeko bideak dira: ekonomia lokala suspertu, osasuna hobetu, kontsumo energetikoa murriztu, landa eremuetan lana sortu eta abar.».

Hiri eta lurraldearen antolaketarekin, beraz, mugikortasun iraunkorra lortzeko pauso ugari eman daitezke. Horretarako, ordea, sentsibiliziazio kanpainarik ez da behar, Umagaren ustez. «Nahikoa litzateke erakundeek aste honetan erakusten duten jarrera euren egunerokotasunean agertzea», dio. Hain zuzen ere, beste eredu bat martxan jartzea eskatzen die, erdigunean mugikortasun iraunkorra izango zuena. «Aste bateko iruditik haratago joan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.