Bilboko Aste Nagusia

Eta erraldoiagotzen

Bilboko erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera izaten da Aste Nagusiko eguerdiroko ekitaldirik jendetsuenetako bat. Parte hartzaileek diotenez, gainera, goraldi betean da erraldoiekiko zaletasuna.

Ume bat, Bilboko Aste Nagusiko erraldoi konpartsaren irteerari begira. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ume bat, Bilboko Aste Nagusiko erraldoi konpartsaren irteerari begira. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bitxitxi!». Eskua luzatuta erraldoiari zuzen-zuzen keinu eginez lagundu du azalpen apala urtebete pasatxoko umeak. «Bai, hori da, Pitxitxi!», ospatu dute gurasoek. «Eta nola egiten du Pitxitxik?», galdetu diote orduan, eta hankak mugitu ditu umeak aitaren bizkar gainean. Rafael Moreno Aranzadi futbol jokalaria irudikatzen du Athletic futbol taldearen kamiseta daraman figurak, eta, beraz, izan zitekeen umeak futbolean aritzearen keinua antzeztu izana, baina ez. «Dantza! Dantza!», esan du lehen baino kemen gehixeagoz. Umearentzako horixe baita Bitxitxi: erraldoi bat, eta ez beste ezer. Azken urteetan erraldoi eta buruhandiekiko zaletasunak izan duen gorakadaren erakusgarri argia izan daiteke detailea. Izan ere, parte hartzaileen hitzetan, erraldoiagotuz joan dira lehenago ere erraldoi zirenak. Bilboko Aste Nagusian, esaterako, eguerdiro, ehunka eta ehunka ikusle biltzen ditu Bilboko erraldoi eta buruhandien konpartsak.

Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak kudeatzen ditu erraldoien irteerak Bilboko Udalarekin batera, eta hiriko hainbat auzotara egin dute bisita egunotan. «Aldaparik ez duten gertuko auzoetara, behintzat», zehaztu du Iker Lamasek, «bestela oso zaila da». Ondalan konpartsako kidea da Lamas, baina Bilboko Aste Nagusian ere aritzen da erraldoiekin laguntzen, eta hura dabil orain egunez eguneko parte hartzaile guztien izenak biltzen dituen papera eskuan hartuta. «Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak Bilboko erraldoiak eramateko deialdia zabaltzen du dantza taldeen artean, entseguak egiten dira, eta hala osatzen da taldea».

«Duela 30 urte erraldoi handiak bakarrik zeuden. Ez zegoen erraldoi ertain edo txikirik, eta ez zegoen erraldoien panpinarik ere, eta, beraz, ez zegoen txikitatik mundu horretan sartzerik; orain, aldiz, mailakatuta gertatzen da»

IKER LAMASOndalan konpartsako kidea

16 urterekin hasi zen Lamas erraldoietan, eta hura hasi baino urte gutxi batzuk lehenago sortu zen Ondalan konpartsa. Hain zuzen ere, duela 30 urte egin zuten lehen irteera, eta, beraz, aurten urteurrena ere badute horregatik. Ordea, hasi zenetik hona, gauzak asko aldatu direla esan du Lamasek. «Erraldoi handiak bakarrik zeuden orduan. Ez zegoen erraldoi ertain edo txikirik, eta ez zegoen erraldoien panpinarik ere. Ez zegoen txikitatik mundu horretan sartzerik, eta orain, aldiz, mailakatuta gertatzen da». Eta, hain justu, haren hitzetan, sarbide mailakatu hori da erraldoi zaletasunak azken urteetan izan duen gorakadaren motiboetako bat. «Orain hainbat talde ditugu konpartsan, eta 10 urterekin hasten dira, eta hortik joaten dira pixkanaka nagusien taldera helduz».

Umeen lilura

«Gero euforiko zaude egun osoa». Derioko (Bizkaia) Laino-mendi dantza taldeko kide da Mikel Arranz, baina, horrez gainera, erraldoiak ere eramaten ditu Bilboko Erraldoien konpartsan duela bi urtez geroztik. Algortako (Getxo, Bizkaia) Agurra dantza taldekoa da Eneko Plaza, eta, dioenez, lagungarria da dantzarena erraldoiak eramateko. Balsak dantzatzerakoan, batez ere. Umetan buruhandien beldur zela gogoratu du Plazak, baina gerora Algortako erraldoiak eramaten hasi zen, lehenik, eta duela urte batzuk ekin zien Bilbokoei. «Oso polita da».

«Erraldoiaren barrutik dena ikusten da, eta umeen lilura aurpegiak ikustea ikaragarria da»

ANE GARCIABilboko erraldoien konpartsako kidea

Buruhandiekin hasi zuen ibilbidea Ane Garciak, eta duela hiru urte hasi zen Bilboko erraldoiak eramaten. «San Ignazio auzoko Goierri dantza taldean nenbilen, eta han egin zidaten konpartsan hasteko proposamena». Damurik ez du geroztik. «Oso konpartsa atsegina da, familia bat bezalakoa, eta oso gustura egoten naiz». Are gusturago dago, gainera, erraldoiak eramaten hasi zenetik. «Buruhandiekin ez dago atsedenik!». Eta erraldoiekin ateratzeko ere, bereziki maite ditu Bilboko Aste Nagusiko irteerak. «Hor barrutik dena ikusten da, eta umeen lilura aurpegiak ikustea ikaragarria da».

Buruhandia bat, Bilboko Aste Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Buruhandi bat, Bilboko Aste Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Bilboko Euskal Museoan hasten eta bukatzen dira Aste Nagusiko irteerak, baina kalera atera aurretxoan, eraikineko patioko arkuen pean edukitzen dituzte figurak. Bertan, bisitan etorri berri zaion Argentinako amonari haietako bakoitzari buruzko azalpenak ematen dabil 3 urteren bueltako ume bat. Emakumeak ilobaren eskutik ezagutu ditu Don Terencio eta Doña Tomasa, baserritar bikotea eta gainerako guztiak. Pitxitxiren erraldoiaren ondoan atera du argazkia, Pitxitxiren erraldoiaren panpina eskuan duela.

«Duela 30 urte nahiko minoritarioa zen erraldoiena Bilbon, baina orain hemen ere jende asko etortzen da; nabaritu egin da urteotan guztiotan egindako lana»

MARTIN ARIZTIMUÑOGaiteroa

«Argentinakoa dut senarra, eta bertatik bisitan etorri zaizkigu orain haren gurasoak», azaldu du Janire Biguri mungiarrak (Bizkaia): «Erabat harrituta daude erraldoien eta buruhandien kontua dela eta». Argazkia atera berri duen umearen ama da Biguri, eta, dioenez, Ene Kantak egitasmoak sortutako abestia izan zen haren zaletasunaren lehen hazia. Eta indartuz joan da geroztik. «Panpinak ere baditugu, gainera: Tartalo, Basajaun eta Pitxitxi. Eta nik uste gaur besteren bat ere eramango dugula etxera».

Urtez urteko lana

Gaiteroa da Martin Ariztimuño, eta 33 urte daramatza erraldoientzako jotzen. Bilbon ez ezik Iruñean ere aritzen da, eta, dioenez, horri esker, lehen lerrotik ikusi ahal izan du erraldoiekiko zaletasunak bizi izan duen goraldia. «Erabat ezberdina da Iruñeko eta Bilboko plaza», azaldu du. «Iruñean, adibidez, beti egon da mugimendu handia erraldoien inguruan, eta Bilbon azken urteetan egin du gora. Duela 30 urte nahiko minoritarioa zen erraldoiena, baina orain hemen ere jende asko etortzen da, eta indar handia hartu du. Arrakasta handia izaten du urteroko erraldoien bilkurak, eta horrek lan handia egin du zaletasunaren alde. Nabaritu egin da urteotan guztiotan egindako lana».

«Beldurgarria da buruhandien arduraduna izatea, beldurgarria, beldurgarria, beldurgarria, eta super polita»

JONE URTXUA Bilboko erraldoien konpartsako kidea

Jone Urtxua da buruhandien arduraduna Bilboko konpartsan. Baina, onartu duenez, askorik espero gabe heldu zitzaion kargua. Neba zen buruhandiekin aritzen zena, baina duela hiru urte taldean arduraduna falta zela aipatu, behin laguntzera animatu, eta bertan dabil geroztik. «Beldurgarria da», hasi du azalpena, «beldurgarria, beldurgarria, beldurgarria, eta super polita». Beldurgarria zergatik? «Kaos hutsa delako». Eta super polita? «Izugarri ederra delako umeak buruhandiekin batera korrika ikustea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA