‘Eta orain zer?’: lagunarteko eztei bat biran

Bihar Txingili'K dantza taldeak 'Eta orain zer?' ikusgarria plazaratuko du, Luhusoko besten karietara. Horrez gain, kontzertu franko izanen dira.

Txingili'K taldeko kideak. ARGI UTHURRIAGA
Txingili'K taldeko kideak. ARGI UTHURRIAGA
Xalbat Alzugaray
2026ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagunarteko eztei bat. Hori da Txingili’K dantza taldeak proposatzen duena Eta orain zer? ikusgarrian. Mathieu Haristoi dantzariaren erranetan, laguntasuna ospatzeko emanaldia da Txingili’K taldeak ekoitzi azken pieza. Euskal Herriko plazetan ari dira lana presentatzen, eta dagoeneko lotuak dituzten ikuskizun kopuruaren erdira arribatu dira. Bihar emanen dute dantza ikusgarria, Luhusoko besten karietara, 17:00etan.

Eztei zeremonia «klasiko» bat irudikatuz hasten da ikusgarria, eta ezkongaiek lore buketa botatzean sekuentzia finitu, eta denboran barna gibelera egiten dute dantzariek, dena «arra-hasteko», Haristoien arabera. «Txingili’K taldearen maneran, eztei zeremonia klasiko baten gisan hasten dugu ikusgarria, eta lagunen artean ospatzen dugun eztei handi bat bilakatzen da. Gisa horretara osatzen dugu hamabi kideko eztei bat».

Zuberoako dantzak ez ezik, balts bat ere ematen dute dantzariek, baita Afrikako dantza bat ere. Orotariko dantzez gain, Jean Louis Aranburu Bidabe-k idatziriko eta gidaturiko kantu bat ematen dute. «Bidabek idatzi kantu bat ematen dugu. Kantua elkartzeko momentua izan dadin irudikatu nahi genuen denek elkarrekin, eta, bestalde, baltsaren irakasteko, Bilaka kolektiboa ere izan dugu gurekin laguntzaile gisan».

«Txingili’K taldearen maneran, eztei zeremonia klasiko baten gisan hasten dugu ikusgarria, eta lagunen artean ospatzen dugun eztei handi bat bilakatzen da. Gisa horretara osatzen dugu hamabi kideko eztei bat»

MATHIEU HARISTOI Txingili'K taldeko dantzaria

Euskal Herrian egiten ari diren biraz kontent agertu da Haristoi. Emanaldien erdiak baizik ez dituzte egin, baina aski «harro» dira lanak eman duenaz. «Gure maneran egin ikusgarria proposatzen dugu, gure identitatea eta iragan ditugun momentu onak adierazteko: proiektu ederra da!», gehitu du dantzariak.

Lagun talde horren jatorria ezin da azaldu Berritza elkartea aipatu gabe. Kultur elkarte horretako dantza proiektu baten harira bildu ziren hamabi dantzari zuberotarrak. Hain zuzen ere, 2020an egin zuten lehen ikusgarria, eta hortik sortu zen dantza talde bat egiteko ideia. Hiru urte berantago karrikaratu zuten Lehen Txinka ikuskizuna, eta, harekin, Euskal Herrian barnako bira egin zuten. Fitexko, Berritza elkarteko ekoizpen berri batean parte hartu zuten. Manera horretan estreinatu zuten Maxka'roa, koreografo batek lagundurik. Antzokietarako emanaldia zen hura. Haristoik nabarmendu du harrezkeroztik kide guziak elkarrekin handitu direla. Taldearen eboluzioa bat izan den heinean, karrikako ikusgarri baten emozioak arraberritzeko egin zuten Eta orain zer? lana.

Orotariko egitaraua

Bihar ez da bakarrik Txingili’K agertuko Luhusoko plazan. Eta orain zer? aitzin, Xaneta gaztetxeak bazkaria antolatu du gaztetxean bertan. Dantza ikusgarriaren ondotik, berriz, 18:00etan, Rita Mutxiko taldeak mutxikoak emanen ditu. Kalume txarangarekin segituko du arratsaldeak, eta, ondotik, Frigo, Goxua’n Saltsa eta Atzarbale taldeen kontzertuak izanen dira. Biharamunean, berriz, Amalurra ostatuan aperitifa eta bazkari partekatua eginen dute, besten egitaraua hesteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA