Gaur 22 egun bete ditu 2026ak. Batzuentzat nahikoa izan dira jakiteko ez dutela luze iraungo urte hasieran euren buruari ipini zizkioten asmo eta hitzemateek. Oso ohikoa da urte berriari hasiera ematean ohitura berri onei «kaixo» esatea, eta ohitura zahar txarrei «agur». Edo ohikoa da saiatzea behintzat. Saiatzeak, eta baita amore emateak ere, oinarri psikologikoak dituzte.
Urte berriarekin jarduera berriei ongietorria ematea hain ohitura zabaldua da, ezen hizkuntza bakoitzak bere modua duen asmo berriak izendatzeko, izan hitz bakarrez izendatuz, izan esamoldeak erabiliz. Frantsesez, adibidez, les résolutions deitzen zaio urte berriarekin batera nork bere burua eta bizimodua hobetzeko egiten duen xede zerrendari. Beste zenbait hizkuntzak, berriz, hitzak ez baizik esamoldeak dituzte. Esate baterako, euskaraz, «urte berri, asmo berri» esaten da; gaztelaniaz, «año nuevo, vida nueva» dute (urte berri, bizi berri); eta ingelesez, «new year, new me» (urte berri, ni berri).
Antzak ez dira mugatzen aipatutako adieren egituretara. Alta, antzekoak izan ohi dira han eta hemen jendeak sortzen dituen zerrendak ere: kirol gehiago egitea, elikadura hobetzea, osasun mentala —gehiago— zaintzea, gehiago irakurtzea, egunero itsasoan sartzea edota erretzeari uztea.
Zerrenda horiek egiten dituztenak asko badira ere, bada «alferrikakotzat» ikusten dituenik ere, eta norbere bizimodua hobetzeko aldaketak urte osoan egin behar direla sinesten duenik. Eta, funtsean, arrazoia dute, baina abiapuntua —urtarrilaren 1a— kolektiboa izateak helburuari eustea errazten du, Bilboko Dizdira kontsultako Izaskun Alvarez psikologoaren esanetan: «Urtearen hasieran eta irailean, ikasturte berriaren hasieran, errazagoa da gauza berriak egiten hastea, ez zarelako hori egiten ari den bakarra».
Denen ahotan
Guztien artean sonarik handiena duten xedeetako bat kirol gehiago egitea izaten da. Horren arrazoien artean egon daiteke Gabonetako oporraldian egindako oturuntza guztiek kezkaren bat sortu izana. Ugari dira urte berriari hasiera mendi tontorretan edo itsasoan sartuta ematen dietenak. Asko dira, era berean, urtearen lehenengo eguneko ohitura horri jarraipena ematen diotenak, hau da, jarduera fisikoa euren egunerokoan gehitzen dutenak. Eta noski, ariketa fisikoaren inguruko ogibideak dituztenak horretaz jakitun daude, eta bakoitzak bere modua topatzen du eskariari erantzuteko.
Gasteizko Muby gimnasioa da horren adibideetako bat. Bertan egiten dute lan Vicky Alcedok eta Seju Saenzek. Amarika plazan dute lokala, eta jendearen sartu-atera etengabea da. Saenzek berak esan du inguruko jende askok esan ohi diela gimnasio bat edukitzeko urteko sasoirik onena urte hasiera izango dela, baina aitortu du euren kasua zertxobait berezia dela. Izan ere, eurena emakumeei zuzendutako espazioa da, eta, ondorioz, kontatu du faktore gehiagok eragiten dietela.Â
Saenzek azaldu du urtearen hasieran baino gehiago urtarrilaren amaieran eta otsailean antzematen dutela izen emateen igoera: «Oporretan, amek eta amonek izaten dute haurrekin egoteko ardura. Haurrak, urtarrilaren amaiera aldera, eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan finkatzen dira. Eta orduan dute emakumeek eurentzat denbora hartzeko beta, gugana etortzeko astia».
Berritu ala hil
Duela 25 urte ireki zuten gunea, eta ordutik asko aldatu da gimnasioen kultura. Azken urteetan hamaika lokal ireki dituzte hirian, eta urte hasierako bezeroen eskaeren igoerak aurreikusita, marketin estrategia garbiak izaten dituzte: matrikulazio tasak eta hileroko kuotak apaltzea. Alcedok aitortu du haiekin lehiatzea lan nekeza dela: «Frankizia handiek prezio apaleko tarifak eskaintzen dituzte, ordutegi ia mugagabeak dituzte, eta gu horrekin ezin gara lehiatu. Bi langile besterik ez gara».
Zailtasunak zailtasun, mende laurden bat irauteko sekretua aitortu du: «Eskaintzan dago gakoa. Ahalik eta eguneratuen egoten saiatzen gara, beti berrikuntzak eskaintzen. Orain ballet fit saioak eskaintzen ari gara, balletaren eta fitnessaren arteko nahasketa da. Eta gure egoitzan arrakastarik handiena duen jarduera makina pilates da». Eta hantxe ari dira zortzi lagun Saenzen gidaritzapean pilates egiten, makina batean etzanda, goma batzuei tiraka. «Gela honetan oso jende gutxi daukagu, baina beti dago lepo», adierazi du Alcedok, alboko gelara doan bitartean. Gainontzeko gimnasioen antz handiagoa du hark. Bertan, bi lagun ari dira entrenatzen. «Baditugu halterak norbaitek pisua altxatzen entrenatu nahi badu, baina hori ez da gure estiloa».
Gabonetako oturuntzek, gimnasioetan eragiteaz gain, beste gune batean ere eragiten dute: nutrizio kontsultetan. Nutrizionistek urteko sasoirik lanpetuenetarikoa izaten dute urte hasiera. Aitana Torre nutrizionistak Gasteizen du egoitza, eta aitortu du udara aurretiko garaiarekin batera urte hasiera ere lanez betea izaten dela eurentzat. Halere, azaldu du gauzak aldatzen ari direla: «Lehen nabarmenagoa zen bi sasoi horietako boom-a, baina orain jendea iraunkorragoa da, eta urte osoan etortzen da». Halere, ez du ukatu urte amaierako oporraldien konplexutasuna: «Jende askok urte osoan egin duen lana pikutara botatzen duela sentitzen du, eta guk erakutsi nahi izaten diegu Gabonetan egiten diren otorduek ere euren lekua dutela elikadura osasuntsu batean».
«Elikadura on batek errazago lokartzen lagun gaitzake, gorputza erlaxatzen laguntzen baitu. Eta, beste noranzkoan, ondo deskantsatzen ez dugunean, apeta gehiago izaten ditugu»
AITANA TORREÂ Nutrizionista
Are, oporraldi horretako espiritua elikatze aldera, sare sozialetan argitaratu ditu bere jarraitzaileei eta bezeroei opa dizkien desioak. Horien artean lehenengoa «errurik sentitu gabe lasai jatea» da. Azaldu duenez, Gabonetan egiten diren otorduetan, jendeak senti dezake galdu egiten duela janariaren gainean duen kontrola, eta mahaiaren inguruko iruzkinek ere kalte egin diezaiekete. «Nork bere gorputzarekin eta janariarekin duen harremanaren araberakoa da guztia, baina badago jendea kontrola galtzen duela sentitzen duena».
Zerrendan idatzi dituen beste helburuetako bat «lo hobeto egitea eta hobeto deskantsatzea» da. Torrek azaldu duenaren arabera, elikaduraren eta deskantsuaren arteko harremana «bi noranzkoko» harremana da: «Elikadura on batek errazago lokartzen lagun gaitzake, gorputza erlaxatzen laguntzen baitu. Eta, beste noranzkoan, ondo deskantsatzen ez dugunean, apeta gehiago izaten ditugu».
Baina helburu horiek betetzen nola lagundu? Bada, Torrek esan du plangintza ona dela gakoa: «Gaur egungo gizartean etengabe zerbait egiten ibili behar dugu, eta guk errutinak markatzen dizkiegu, euren egunerokoan txerta ditzaten».
Motibazioa oinarri
Osasun mentala zaintzea ere jomugan ipintzen dute askok. Halaxe aitortu du Alvarez psikologoak: «Egia da urte hasieran mugimendu gehiago izaten ari garela kontsultan». Ezarritako helburuak betetzeko gakoei buruz mintzatu da: «Sarri oso urruti dauden helburuak ipintzen ditugu, eta saihetsezina da egunetik egunera motibazioa galduz joatea. Batzuk lehenengo egunean jo eta su joaten dira gimnasiora, eta, pixkanaka-pixkanaka, joateari uzten diote. Iraunkorrak izatea da kontua, motibazioa ahalik eta gehien luzatzea».
Gakoa motibazioan dagoela jakinda, nola lortu hark irautea? Bada, Alvarez argi mintzatu da: «Helburu apalagoak eta hurbilekoagoak ezarri behar ditugu. Horiek betetzen ditugula ikustean, neurologikoki konpentsazio sistema bat aktibatzen da. Garunaren gune batean dopamina askatzen da. Hura plazerarekin eta ongizatearekin erlazionatzen dugu, baina motibazioarekin ere hertsiki lotua dago». Eta, arrazoiak arrazoi azkenerako amore emanez gero, horren inguruko ikuspegia aldatu behar dela azaldu du: «Etsipenaren frustraziotik ulertu beharrean, irakaskuntza moduan ulertu behar da».