ETB

ETB Jaurlaritzaren eta patronalaren alde lerratu dela salatu dute ELAk eta LABek

Sindikatu abertzaleek kritikatu dute telebista publikoaren albistegiak "iritzi korronte bat" sortzen ari direla Hego Euskal Herrian funtsezkoa ez den jarduera ororen itxiera iragarri zenetik.

ETBko albistegietako aurkezleak. EITB
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 31
17:00
Entzun

Egunotan EITBko albistegiak ematen ari diren informazioaz oso kritiko mintzatu dira ELA eta LAB sindikatuak, eta salatu dute Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta patronalaren alde lerratu direla.

EITBko ELAren iritziz, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak funtsezkoa ez den jarduera ororen itxiera iragarri zuenetik, batez ere telebista publikoko albistegiek «berebiziko ahalegina» egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Confebask patronalak neurri horren aurka agertu duten iritzia herritarrei zabaltzeko. «Aitzitik, neurriaren alde daudenen ahotsa gutxietsi egin dute albistegiek, aurretik ere halako erabaki bat eskatzen ari zirenen ahotsarekin egin den bezala. Horrela, Confebask patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren tesien aldeko iritzi korronte bat sortu nahi izan dute une oro». ELAren arabera, profesional soziosanitarioak eta funtsezko sektoreetan dauden pertsona asko lanean ari diren baldintzei buruz ez hitz egiteko modua egiten ari dira EITBko albistegiak. «Baina ez dago inolako arazorik mezu apokaliptiko bat helarazteko. Enpresa handien erakundeak eta Eusko Jaurlaritza helarazten ari direna bezalako mezua, alegia». ELAren iritziz, EITBk «funtsezko eginkizuna» betetzen du komunikabide publiko gisa, eta herritarrei bizitzea tokatzen ari zaien garai latz honetan «ezinbestekoa» da herritarren informazio beharrei erantzutea, «inpartzialtasunean, egiazkotasunean eta pluraltasunean oinarrituta». ELAren ustez, horiek ez dira errespetatzen ari.

LAB: «ETB Telebatzoki bihurtzen ari da»

EITBko LABek, berriz, salaketa hau egin du azkeneko egunetan ETBko albistegien jardunaren inguruan: «Ez da onargarria denona den edo izan beharko lukeen Euskal Telebista Telebatzoki bihurtzea. Onartezina da EAJ alderdiaren diskurtsoa goitik behera erosi eta saltzea, beste guztiena baztertuz». Irratiak aipatu gabe, ETBko albistegietan erreparatu du LABek: «Gaizki dago komunikabide publiko bat agintean dagoen alderdiaren propaganda bihurtzea, soka bereko protagonistak gonbidatuz, eta oposizioko ahotsak baztertuz. Baina zer esan Teleberri 1-eko aurkezleari buruz. Informazioa eman ordez, bere iritzia zabaldu zuen astelehenean, profesionaltasun falta izugarria erakutsiz».

Astelehenekoa eta egunotakoa ez dela salbuespena salatu du LAB sindikatuak, bide batez. «Informazio inpartziala eman beharrean, ohituta gaude EAJren diskurtsoa etengabe entzun eta ikustera, kontrakoak ezkutatuta. Nahikoa da».

LABen aburuz, ETBko arduradunek baztertu egin dute Eusko Legebiltzarreko gehiengoa. «Ez diete ahotsik eman langileen ordezkariei; sindikatuak ez dira kontuan hartzekoak, haien ustez, eta osasun arloko adituen iritzia ematea baino aproposagoa iruditu zaie Confebaskek duen ikuspegia ematea eta haren interesak zabaltzea eta defendatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.