Amaitu da Go!azen, baina iritsi da Bago!az. Astero zortzi lehiakidek parte hartuko dute, eta haiekin zortzi pertsonaia ospetsu izango dituzte lagun: Anjel Alkain, Karmele Larrinaga, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi, Alex Sardui, Iñigo Azpitarte eta Go!azen-eko aktore bat —astero aldatzen joango da—. Lehiakideek, gainera, bi irakasle izango dituzte dantza eta musika trebatze lanetan: Carlos Nguema eta Joxe Mendizabal. Programako aurkezlea Zuriñe Hidalgo izango da.
Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendariak azaldu duenez, hilabeteak pasatu dituzte formatua prestatzen. "Go!azen-eko hautaprobetan konturatu ginen talentu handia dagoela, eta beste zerbait egin behar genuela. Saio potoloa da hau, eta ilusioz betetzen gaitu".
Jabi Elortegi izango da saioko zuzendaria, Go!azen-eko zuzendari bera, alegia. "Dantza, ahotsa eta ingelesa landuko ditugu, besteak beste. Umorea ere jarriko du Anjel Alkainek. Lehen ataletik ikusiko dugu, era berean, Xabier Saldiasek oholtza gainean duen esperientzia". Aurreneko atalean, halaber, Paula Etxeberria aktore eta kantaria —Elene, Go!azen-en— lehiakide bat laguntze ariko da.
Zazpigarren saiotik aurrera, kanporatuak diren lehiakideak ez dituzte gehiago ordezkatuko. Finalera, berriz, lau lehiakide iritsiko dira. Finaleko garaileak Go!azen-eko hurrengo denboraldian aktore izateko txartela irabaziko du.