Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikus-entzuleek telebistan ikusten dutena eta programazio ontzat jotzen dutena ez datoz bat. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak egindako ikerketaren datuek hala diote behintzat. Apirilean egindako 1.000 inkesta kontuan hartuta, aipatutako hiru herrialdeetako ikus-entzuleek ETB2ko programazioa baloratzen dute hobekien. %73rentzat ETBko gaztelaniazko katearen programazioa ona edo oso ona da; apirilean %16ko batez besteko audientzia izan zuen ETB2k (gehien ikusten direnetan hirugarrena da, Tele5etik hamar puntura).
La2 da ondoen baloratuenen artean bigarrena, nahiz eta %5,2ko audientzia besterik ez izan. Datu bertsutan dago liderra: Tele5. ETB1 kateari dagokionez, galdetutakoen %40k diote programazio ona edo oso ona duela. Jarraian Cuatro eta Antena3 datoz. Eta balorazio txarrena TVE1ek du; %26ek soilik diote programazio ona duela. Dena dela, ETB2ren pareko audientzia datuetan dabil TVE1 (%15,8ko batez bestekoa izan du apirilean).
Komunikabideen ezagutza mailari dagokionez, hainbat datu eman dituzte argitara. Ezer iradoki gabeko ezagutzan, %31k EITB taldea erantzun du, %25ek Vocento, %5ek EKT, %5ek Prisa eta %4ak RTVE.EITB taldearen inguruko hainbat galdera egin zituzten inkestan. Herritarren erdiek baino gehiagok (%57), duela bost urterekin konparatuz, EITB modernizatu dela uste dute. %19k berdin jarraitzen duela uste dute, eta %2k diote orain ez dela lehen bezain modernoa. Herritarren bi herenek EITB hurbila dela adierazi dute.
EITBk euskarari eskainitako garrantzia egokia dela uste dute %58k, eta garrantzia txikiegia dela dio %12k. Azken bost urteotan euskarari eskainitako arreta handitu dela uste dute %43k, eta berdin jarraitzen duela deritzote herritarren %31k.Azken bost urteotan EITBk eskainitako zerbitzua hobetu dela uste dute %59k, berdin jarraitzen duela uste dute %23k eta bakarrik %2k diote txartu dela.ETBko albistegiak beste kateetakoak baino hobeak direla pentsatzen dute %30ek, eta denak berdinak direla diote %37k. Irratietan, Radio Euskadi eta SER dira albistegiak entzuteko aukeratzen dituzten aurreneko bi irratiak.
ETB2 da EAEko ikus-entzuleek hobekien baloratzen duten katea
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak egindako ikerketaren arabera, hobetu da EITBren zerbitzua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu