Ezagutzen den pertsona oro kategoria batean sailkatzen dela dio Amaia Izaolak (Getxo, Bizkaia, 1957). Sailkapen horren araberakoa izango da osteko harremana. Hortik abiatuta, etorkinak sailkatzeko modua aztertu du soziologoak: zeintzuk diren eragina daukaten faktoreak, eta jatorriaren arabera zein alde dagoen. 32 etorkin elkarrizketatu ditu: Boliviakoak, Kolonbiakoak, Senegalgoak, Marokokoak, Txinakoak eta Errumaniakoak.
Oro har, nolako jarrera daukate euskal herritarrek etorkinekin?
Etorkinen %70ek tratu ona jasotzen dutela esan zuten, hots, tokiko herritarrek jator tratatzen zituztela. 2010ekoa da datu hori. Oro har hitz eginda, noski.
Euskal herritarrek badute halako fama bat itxiak izatekoa...
Bai, hala da. Etorkinei galdetzen nienean, baietz esaten zidaten. Baina, behin euskal herritarrekin harremana sortutakoan, barreneraino heltzen direla zioten.
Soslai zehatzeko jendea elkarrizketatu duzu: 25 urte baino helduagoak, Euskal Herrian bizitzen urteak daramatzatenak, egoera ekonomiko egonkorra dutenak eta diru laguntzarik jasotzen ez dutenak. Zergatik?
Bizitza finkatuta duten pertsonen egoera ezagutu nahi nuen, eta nola dauden. Haien integrazio eta elkarbizitza prozesuak ezagutu nahi nituen. Horiek ez dira lortzen herrialde berri batera iritsi bezain laster.
Ikertu duzu pertsona etorkinen bizitza, ibilbidea eta harreman zehatz batzuk nola sortzen diren. Zeintzuk dira harreman horiek?
Hainbat eremutan harremanak nola sortzen diren aztertu dut, esaterako, lan merkatuan edo parke batean. Aztertu dut nola egin dituzten harremanak eguneroko bizitzan, non aurkitu dituzten traba gehien, nola uste duten sailkatzen dituztela eta zeintzuk diren eremurik zailenak harremanak izateko. Eremu zail asko daude, hala nola etxebizitza bat lortzea. Mesfidantza dago hor.
Latinoamerikar jatorriko etorkinak dira gertukoen sentitzen direnak. Nolatan?
Kulturalki oso antzekoak gara, hainbat kontu antzekoak ditugu: hizkuntza berbera ezagutzen dugu, antzeko oinarri kulturalak eta erlijiosoak dauzkagu....
Marokoarrak eta errumaniarrak, berriz, urrun ikusten dira. Erlijioak eragina dauka?
Erlijioa eta kultura nahastu egiten ditugu askotan. Bereizten jakin behar dira. Baina askotan ezin ditugubereizi. Izan ere, kultura da integrazio faltarako faktore nagusietako bat. Erlijioak ez dauka horrenbeste garrantzi.
Txinatarren egoera berezia dela idatzi duzu: euren lan sarea daukate, komunitate itxiak dituzte, eta ez dituzte espazio publikoak erabiltzen. Nola sailkatzen ditu gizarteak txinatarrak?
Erdibideko egoera batean daude. Harremanak nahiko azalekoak dira. Hemen daude, elkarbizitza handiagoa daukagu haiekin, baina euren eremuan daude. Nolabait, gurekin paraleloan bizi dira.
Arrazoi ekonomikoetan zentratu gabe sakondu duzu gaian. Baina, txinatarren kasuan lan merkatuan ez sartzeak eragina daukala nabarmendu duzu. Arrazoi ekonomikoak garrantzitsuak dira etorkinen sailkapenean?
Bai, bai. Txinatarrekin ez gara lehiatuko lanpostu baterako, beste jatorri bateko pertsonekin bai. Hala ere, sailkapena egiteko ez da faktore bakarra erabiltzen. Hamar faktoreren arabera sailkatzen ditugu. Kasu batzuetan, batek gehiago eragingo du; beste kasu batzuetan, beste batek.
Zein faktoreren arabera sailkatzen ditu gizarteak etorkinak?
Eskala hori sortzeko hainbat faktore erabili ditut: zeintzuk sentitu duten diskriminazio fisikoa edo ekonomikoa, herritarrek eurei buruz zein iritzi dutela pentsatzen duten, jasotako tratua pertsonalki eta oro har, gure artean duten betetze maila eta integrazio orokorra eta pertsonala.
Zer dela-eta immigratzen dute Euskal Herrira?
Hainbat arrazoi daude. Askotan, euren familia edo ezagun bat hemen bizi da. Gainera, duela urte batzuk hemengo egoera ekonomikoa beste toki batzuetakoa baino hobea zen. Hemen jasotako tratua dela medio, tokian bertan finkatzea erabaki dute askok eta askok.
Bi tesi paralelo egin dituzula esan izan duzu: bata zientifikoa, eta bestea gizatiarra. Zein da tesi gizatiarra?
Ikerketa egiten ikasi dudan guztia litzateke hori. Tesi gizatiar hori ez dut inon publikatuko. Koaderno batean batu nituen pertsonekin sortu zitzaizkidan sentsazio guztiak. Faktore gizatiarrak ez du eragin behar, baina zaila da. Etorkinek gure desio berberak dituzte; auzia da ez direla hemen jaio.
ATZEKOZ AURRERA. Amaia Izaola. Soziologoa
«Etorkinek gure desio berberak dituzte; auzia da ez direla hemen jaio»
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek etorkinekiko daukaten pertzepzioa eta jarrera aztertu ditu Izaolak bere tesian. Ikerketarekin, 'Miradas entrecruzadas' liburua osatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu