Etorkizun hobearen bila

Irakeko 18 mutil Donosti Cupen parte hartzen ari dira Donosti Cup in the World eta Irakeko Gobernuaren laguntzei esker; jokalarien helburu bakarra lehiaketa irabaztea da.

Futbolari profesionalak izateko ametsa betetzetik hurbilago egoteko asmoz etorri dira irakiarrak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Beren burua ezagutarazteko helburuarekin etorri dira Olimpico Alsader taldeko 16 urteko futbolari irakiarrak. Gazteak dira, eta futbolari onak. Irakeko Gobernuak banan-banan aukeratu ditu Donosti Cupera etortzeko, eta sekulako aukera dute.

Iraken errepidean edo beste edozein berdegunetan aritzen dira futbolean; ez dute beste aukerarik, ez dute baliabiderik.

Joan zen urtean, Donosti Cup in the World ekimenari esker, txapelketara etortzeko deia jaso zuten. Orduan ere, aurten bezala, ilusioz jaso zuten deia. Hegazkin txartelak ere erosi zituzten. Abiatu baino ez ziren egin, haien herrialdean hainbat lehergailuk eztanda egin baitzuten. Atentatuen ondorioz, ezin izan zuten bidaiatu, eta ametsa bere hartan geratu zitzaien. Aurten, berriro ere, Donosti Cup in the World txapelketak gogoan izan ditu; eta bigarrengoz Olimpico Alsader taldea gonbidatu du. Azken honetan, dena ondo atera da, eta iritsiak dira Gipuzkoara.

Atzo bildu zen gazteekin Carlota Sarasti, euren gidari eta itzultzailea. Ilusioz eta oso hunkituta topatu zituen Olimpico Alsader taldeko mutil gazteak.

Sarastiren hitzetan, 18 gazteen helburu bakarra futbolean aritzea da: «Donostia erakusteko eta turismoa egiteko asmoa nuen, baina ez dute nahi; nahi duten bakarra futbolean aritzea da». Donosti Cup txapelketa beren burua ezagutarazteko aprobetxatu nahi dute gazteek. Jokalari profesionalak izan nahi dute askok, futbol jokalari izatetik bizi. Iraken, ezin dute amets hori bete. Horregatik, beren kalitatea erakutsi nahi dute zelaian; hala, herrialdetik atera, eta ametsa apur bat hurbilago izateko.

Orain, Donostiako La Salle ikastolan daude. Kantxa txiki bat dute, eta futbolean aritu besterik ez dute nahi. Argi dute gorenera iristeko egin behar dutena: «Futbolean jokatu bakarrik; irabazi bakarrik».

Hiru partida nabarmentzeko

Gutxienez, lau partida jokatuko dituzte irakiarrek. Atzo jokatu zuten txapelketako lehen partida. Sarastik, jokalarien urduritasuna azpimarratu zuen: «Lehen partida da, eta oso urduri daude». Gainera, arazoak izan zituzten Oiartzungo futbol zelaira iristeko, eta horrek ere urduri jarri zituen gazteak. Baina azkenean, iritsi ziren; eta ez hori bakarrik:2-0 irabazi zuten partida Antigua Luberri taldearen aurka.

Gaur, eguerdiko ordu batean jokatuko dute, British International School taldearen kontra. Azkenik, etzi, Amara Berri taldearekin lehiatuko dira, 17:00etan. Partida horiek irabazten badituzte, bigarren faserako sailkatuko dira; eta txapelketa irabazteko helburua hurbilago izango dute. Bestela, kontsolazio partida jokatuko dute.

Txapelketa amaitzean, Madrilera joango dira. Han, lagunarteko partida bat jokatuko dute,ezagutzen duten talde baten aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.