Atea zabalik dagoen arren, lokala erabat estalita dago. Egur hautsa apur bat apaldu denean pixkanaka araztuz joan dira bazterrak, guztiz pintatzeko dauden hormak, sarreratik gertu kokatutako aldamioa. Itxura hartzen hasia du DDT Banaketak kolektiboaren egoitza berriak, Bilbo Zaharra kaleko plazan. Obra borobiltzeko lana falta den arren, izango duen taxua xehe-xehe deskribatu du Omar Lopez kideak (Bilbo, 1973): sakonune hartan ipiniko dute mostradorea, atzeko toki hori zarratu eta biltegi modura erabiliko dute, goiko plataforman joango da ofizina, gelatxo estu horretan sukaldea... Altzariren bat baino ez dute ekarri orain arte, liburu guztiak lekualdatzeko dituzte oraindik, baina, dena den, hankaz gora dagoen toki horrek bereganatu du daborduko kolektiboaren izaera: lan boluntarioz eraikitzen ari dira, musu truk.
Orain dela 30 urte batu zen DDTra Lopez, kolektiboa sortu (1989) eta urte batzuetara, eta makina bat mudantza bizi izan ditu harrezkeroztik. Aurrena posta kutxatila bat izan zuten Basaurin (Bizkaia); Bilbora lekualdatu ziren gero, Autonomia kalera; Banco de España kalean zegoen gaztetxe famatu hartan ere hartu zuten aterpe; Iturribiden zabaldu zuten aurreneko liburu denda; han hiruzpalau urte egin eta gero Errondara mugitu ziren; eta 2012an Martzana kaira jo zuten, egungo lokalera, krisiaren eraginez gastuak txikitzeko premiagatik. Bilbi-n izango dute habia orain. Diru bilketa bat abiatu dute lokalaren erosketa finantzatzeko.
«Jendetzak sarrera oztopatzen du; zaratagatik, zaila da hitzaldi bat antolatzea»
OMAR LOPEZ DDT Banaketak kolektiboko kidea
Izan ere, Martzanakoa txiki geratu zaie dagoeneko. «Tokiz justu gabiltza, batez ere biltegiratzeko», zehaztu du Itxaso Perez kideak (Zeberio, Bizkaia, 1994). Eta eremua «arrotz» bilakatu zaie azken urteetan. Astegun goiz batean, leku atsegina da DDT, erraz eduki daiteke elkarrizketa luze bat, tarteka kaia gurutzatzen dutenen solasaldiak baino ez direlako heltzen hutsik dagoen kanpoaldetik. Egoera erabat aldatzen da arratsaldean, ordea: orduan irekitzen dute lokala, baina, halaber, terrazek ere tarte horretan hartzen dute ingurua. «Liburu denda ikusezin bihurtu da», Lopezen irudiko. «Jende gehiegi dagoenean, sarrera oztopatzen dute; batzuetan, kanpoan sekulako zarata dagoenez, hona sartzen dira telefonoz hitz egin ahal izateko. Barruan nabaritzen dugu: musika ipintzen dugu baina ez dugu entzuten, eta zaila da aurkezpen bat edo hitzaldi bat antolatzea».
Gazteak erakarrita
Kontrara, Bilbo Zaharrak oraindik eutsi egiten dio «auzo giroari», Perezen ustez. Eta, hortaz, gehiago egiten du bat DDTren balioekin: kolektibo politiko eta asanblearioa izan da hasieratik, eta herri mugimenduentzako tresna bat izaten saiatu dira beti, kideek nabarmendu dutenez. «Ahalegintzen gara kolektibo motibatzaile bat izaten autonomiaz eta autogestioz lan egiten duen jendearentzat, borroka sozialaren filosofian gurekin bat egiten duten horientzat», erantsi du Rober Izquierdok (Bilbo, 1975). Zirkuitu komertzialetatik kanpo ibiltzen diren edukiak editatu, banatu eta saltzen dituzte, eta, haien hitzetan, ez dute «sinesten» ez kultur industrian, ezta egile eskubideetan ere. Martzana kaiko lokalean bildutakoa ikusi besterik ez dago jabetzeko oparoa dela material alternatiboaren uzta, liburuz, aldizkariz, fanzinez, diskoz, biniloz, kamisetaz eta pegatinaz lepo baitaude apalak, kutxak eta mahaiak. Diru bilketak eragindako erantzun positiboak erakusten du, bestalde, haien jardunak duen aintzatespena.

Horiei guztiei tokia nola egin egoitza berrian, hori ere bada prozesuaren buruhausteetako bat. Baina, nekeak neke, kideak ilusioz mintzo dira lekualdaketaz, lokal bat erosteak dakartzan arriskuak gorabehera. Badute jendea ezustekoei aurre egiteko. Lopezek harrituta kontatu du, esaterako, sare sozialetan obrarako boluntarioak eskatu zituztenean sekula ikusi gabeko hamabost lagun agertu zirela Bilbo Zaharreko lokalean, laguntzeko prest. Eta badute erreleboa. Perez 2017-2018 inguruan egin zen kide; eta Ruben Bustillo (Bilbo, 2001) orain dela urte eta erdi eskas batu zitzaien. DDTren diseinu grafikoa sortzeaz eta antolatzeaz arduratzen da.
Uxatu dituzte garai bateko mamuak, beraz. «Orain dela urte batzuk, gazteekin lotura galdu genuen», oroitu du Lopezek. «Eta jende gaztea etorri zenean kolektibora, lotura berreskuratu genuen, eta konturatu ginen mundu zabal bat zegoela hor kanpoan, gure radarraren barruan ez geneukana». Egoitza berrian hobeto kabituko dira ikuspuntu horiek guztiak.