Aktualitatearen olatu geldiezinean, tradizio batzuek ukitu ironikoa hartzen dute batzuetan. Horietako bat da gasteiztarrek Zeledoni abesten dioten kanta famatua: «Zeledon, etxe berria egin dok! /Zeledon, balkoian leiho on!», oihukatzen diote milaka eztarrik Gasteizko festen hezur-haragizko ikurra den pertsonaiari. Gaur egungo etxebizitza krisi betean, ordea, herritar gehienek bezala Zeledonek ere gaitz luke, ziurrenik, etxe berria egitea, zer esanik ez balkoi leihodun on batekin, garestiak baitira horiek.
Ikusi gehiago
Hala ere, gaur Andre Maria Zuriaren plazan bilduko diren milaka pertsonetatik inor gutxik izango du buruan interpretazio ironiko hori. Hain zuzen ere, jaiak bakoitzaren kezka eta arrangurak ahazteko gonbita baitira, eguneroko krudelean irekitako parentesia, festaren bozkarioarekin eta alegrantziarekin tristurak estaltzeko abagunea. Gasteiztarrentzako alaitasun horren mezulari jaitsiko da gaur, beste urte batez, Zeledon San Migel elizako dorretik. Arratsaldeko seietan izango da jaiaren lehen estasia, eta plazara begira dagoen balkoitik egingo ditu festa hasteko lehen hitzak. Aurreko urteei erreparatuta, litekeena da plaza aldarriz janztea, baina gauza bat bada segurua: festa giroa eta gosea nagusituko direla ikusleen artean, ohiko ardurak ahaztuta jaiei egarriz heltzeko. Egarri hori asetzeko, beirazko botilarik ezin erabili, ordea, jada ohitura moduan finkatzen ari den arauaren arabera halako botilak debekatuta egongo baitira Andre Maria Zuriaren plazan.
Kirol ukitua ere izango du aurten txupinazoak, Saski Baskoniak jaurtiko baitu jaiak hasteko suziria. Garai gozoan dago Gasteizko saskibaloi taldea, hainbat urteren ondoren titulu bat erdietsi baitu aurten, Espainiako Kopako finalean Real Madrili gailenduta. Dena den, taldea soilik ez, zaleak ere omendu nahi izan ditu udalak, eta, beraz, taldeko ordezkariekin batera, zaleena ere igoko da aurten balkoira. Kirol talde bat ez baita ezer zalerik gabe, jai bat herritarrik gabe ezer ere ez den bezala: horra Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko metafora egokia.
Blusak, neskak, handiak eta txikiak
Zeledon bera da Gasteizko jaien sinboloa, baina pertsonifikazioaren arteari kale egitea litzateke jaietako protagonista hura dela esatea. Izan bertsio ofizialean, izan alternatiboan, Gasteizko jaiek izaera bereziki kolektiboa baitute. Hortaz, protagonistak Gasteizko herria eta hura osatzen duten kolektiboak direla esan daiteke. Horien artean, blusak eta neskak nabarmentzen dira beti: bihar dute egun handia, abuztuaren 5ean, baina egun horretan bakarrik ez, hor arituko dira festek dirauten bitartean, zirtoan, edanean, dantzan eta kantan, beren txarangekin festa giroa animatzen.

Festa giro hori animatzeko, hain zuzen, ez dago gazte izan beharrik. Osagarri ona da hori festarako, baina inola ere ez ezinbestekoa, Gasteizko jaiek urtez urte erakusten dutenez, adin talde bakoitzak bere eguna baitu. Abuztuaren 7an, txikienen txanda izango da, Zeledon Txiki eta Edurne jaitsiko baitira, hilaren 4an adin nagusikoen ordainak egin bezala, San Migel elizatik plazara. Gainerako egunetan ere, etxeko txikienek izango dute zeregina, Gargantua Gasteizko parkeetan ibiliko baita haur gose, eta Mendizabalako jaiguneko barrakak han egongo dira, adin guztietako erabiltzaileen zain, baina, bereziki, txikien gozagarri.
Haurrei eskainitako egunaren ondoren, berriz, beteranoen txanda iritsiko da, abuztuaren 8a blusa eta neska beteranoen eguna baita. Beharbada, ez dute jada sasoirik egunero goizaldera arte festa egiteko, haien ondorengo gazteek ez bezala, baina jaia oraindik ere gorputzean bertan daramatela erakutsi izan dute urtez urte. Gazteek abuztuaren 5ean egin bezala, haiek ere egingo dute ibilaldia arratsaldeko bostetan, eta egunean zehar hiriko kaleak animatuko dituzte.
Aihotz plaza eta txosnak
Gasteizko hainbat txokotan, berriz, jaiek izaera propioa hartuko dute. Aihotz plazan, Gasteizen bihotzean, aritu izan da taupaka euskal giroa, Geu elkarteak egindako lan eskergaren eskutik. Kanta eta dantza tradizionalak, bertsolariak, herri kirolak... Orotariko ekintzak antolatuko dituzte aurten ere, Gasteizko jaiak euskaldunago egiteko asmoz. Bertan, gaur hasiko da ekitaldien segida luzea, larrain dantza eta txulalai dantzatuz, eta hurrengo egunetan ez du etenik izango.

Eta, egitarau ofizialetik kanpo baina Gasteizko jaietan erabat sartuta, aurten ere hor egongo dira Gasteizko txosnak, herri mugimenduaren ordezkari, urtean zehar jakinduriaren tenplu izaten den unibertsitateko campusa parrandaren tenplu bihurtuta. Gasteiztar franko egoten da, uda aurreko hilabeteetan, txosnaguneko kontzertuak noiz iragarriko zain, Gasteizko Udalak Foruen plazan antolatzen dituenek besteko ikusmina eragiten baitute horiek. Gaurkoa Entxosnazio eguna bataiatu dute antolatzaileek, herritarrei txosnetara joateko gonbita egiteko. Bertan izango dira, giroa berotzen, Ezta Ilen, Estoldetan, Fito Skins, Akerbeltz, DJ Bloody Blossom eta DJ Reibax. Datozen egunetan, Maruxak, Ganibet, Sune, Izaki Gardenak edo Skabidean entzuteko aukera izango da txosnetan.
Ezinezkoa da lerro hauetan jaietako sei egunetako ekitaldien zerrenda amaigabea sartzea: goitibeheren jaitsiera, Arabako bola jokoa, marmitako lehiaketa, erraldoiak eta buruhandiak, txarangak, kontzertuak eta emanaldiak... Zerrendak ez du etenik, ondorengo sei egunetan festak etenik izango ez duen bezala. Datorren igandean Zeledonek, hipoteka ederra ordainduta ziurrenik, etxe berria eginda San Migel elizako dorrerako bueltako bidea hartu arte, beraz, jaiez bakoitzak bere erara gozatzeko aukera izango dute gasteiztarrek. Jai pluralak baitira Andre Maria Zuriarenak, eta herritar orok aurkituko du zerekin eta norekin gozatu, urtero legez.