Etxebizitza krisi bete-betean dago Euskal Herria, eta horri aurre egiteko irtenbide posibleak ahoz aho dabiltza eztabaida publikoan. Halako eztabaidak, baina, izanak dira lehenago ere Euskal Herrian, izanak dira krisiak, eta denetariko erantzunak eman dituzte erakunde publikoek eta herritarrek. Euskal Herrian bezalaxe, munduan. Hiru erregimen politiko desberdinetan eta hiru hamarkadatan emandako erantzunak ekarri ditu Euskadiko Arkitektura Institutuak plazara, Donostiako egoitzan martxan duen erakusketa berrian: Hiria, lehian. Hiru dira, beraz, testuinguruak: Bigarren Mundu Gerra osteko Italiako Errepublika demokristaua, diktadura frankista bitarteko Espainia, eta Krabelinen Iraultza hasi eta konstituzioa onartu bitarteko Portugal.
Hiru testuinguru horietan emandako erantzunek, baina, arazo bera zuten oinarrian: etxebizitza eskasia. Eta hiru erantzunak, elkarren artean desberdinak izan arren, kolektiboak eta esperimentalak izan ziren; halaber, hirurak izan dira ahaztuak, hein handi batean.
«Erakusketa hau Bartzelonan egona da, eta begiz jota genuen. Uste dugu hauxe dela erakusketa hau egiteko garaia. Etxebizitza krisia areagotzen ari da, etxebizitzaren inguruko eztabaida oso zabalduta dago, eta eztabaida horretara batu nahi dugu. Zenbait erregimenek etxebizitza krisialdiei zer erantzun eman dieten aztertu dugu; ez bereziki erregimenek, baizik eta haietan bizi ziren pertsonek. Irtenbide klasikoak ere egon ziren, baina saiatu gara irtenbide kolektiboak eta esperimentalenak aipatzen. Ezezagunak dira, eta gaur egun argibide berri eta freskoenak bultzatzeko modukoak», adierazi du Martin Etxeberriak, Euskadiko Arkitektura Institutuko erakusketen arduradunak.
Italia
Pareta arrosak ditu Italiako kasuari buruz atondutako zatiak, halako kolorea baitzuen Italiako Errepublikak sortutako INA-Casa plana zabaltzeko kartelak. Huraxe ere ikusgai dute, eta denetariko argazki, kartel, aldizkari eta maketak ere bai. INA-Casa plana ulertzeko, baina, Benito Mussolini diktadore faxistaren garaira joan beharra dago. «Faxismoak borgata-k eraiki zituen. Mussolinik milaka eta milaka etxebizitza suntsitu zituen Erromako erdialdean egin nahi zituen etorbideak eta plazak eraikitzeko. Orokorrean, etxebizitzarik xumeenak ziren, eta komunitate marjinatuenak bizi ziren haietan, baita politikoki harekin oso ados ez zeudenak ere. Jende hori Erroma ingurura bultzatu zuten, borgata deiturikoetara», kontatu du Etxeberriak.
Borgata horien argazki ugari daude ikusgai: etxe txiki-txikiak ziren, prefabrikatuak, behin-behineko larrialdiei aurre egiteko eraiki ohi direnen antzekoak. Kontua da errepublika garaira arte bizi izan zirela herritarrak halakoetan, eta gobernu berriak erantzun bat eman behar izan zion horri. Auzo osoak baitziren, bizi baldintza duinik berma ezin zezaketenak. Adibidez, Pier Paolo Pasolinik asko hausnartu zuen borgata horien inguruan, eta erreportaje eta liburuen bidez aditzera eman zuen zer zaila zen haietan bizitza aurrera eramatea. Hori bai: «Gune horietan bizitza aurrera zihoala ere nabarmendu zuen: jendea, hala ere, zoriontsua zela. Komunitateak eraiki ziren, eta elkarrekin bizi izan ziren», azaldu du Etxeberriak.
«Bi kritika egin zituen: borgata-k kritikatu zituen, baina errepublikaren erantzuna ere bai». INA-Casa plana izan zen erantzuna: Europako hegoaldeko estatu batek egindako lehenbiziko etxebizitza sozialen plana. «Errepublika saiatu zen egiten zituzten etxeak ez zitezela garestiak izan, baina oinarrizko baliabideak eduki zitzatela. Ahalegina egin zuten, gainera, ez zitezen sobietar itxurako etxeak izan, denak berdinak. Erabaki zuten momentuko arkitekto onenak etxebizitza sozialak egitera bultzatzea, ez zedin dena homogeneoa eta errepikakorra izan».

Eta halaxe ordezkatu zituzten borgata-k, mila tankeratako etxebizitza sozialekin. Auzo oso handiak eraiki zituzten, solairu gutxiko etxe batzuekin, dorre altuago batzuekin... Hirigintza bera ere ez da eskuaira eta kartaboiz neurtutakoa; etxeen banaketa irregularragoa da, organikoagoa. «Bizigarria», alegia. «Arkitekturaren ikuspegitik, askoz pentsatuago dago», nabarmendu du Etxeberriak.
Adalberto Libera da INA-Casa planerako lan egin zuten arkitektoetako bat. Erroma kanpoaldeko Tuscolano auzoan egindako etxeak nabarmendu ditu Etxeberriak: «Patio etxeak eraiki zituen, patioaren inguruan eginak, elkarren artean moldatutakoak. Ez da askorik landu tipologia hori. Dena baxua da, eta erdian apartamentuentzako eraikin altu bat dago. Arkitektura oso adierazkorra da».
Pasoliniren kritika zein izan zen, orduan? «Pasolinik esan zuen errepublikaren erantzuna hobea zela, baina arkitektura moderno honek dena berdintzen zuela, eta berdintasun horretan esentzia eta bizitza nabarmen galtzen zela. ‘Duintasuna lortu dugu, baina, aldi berean, hemen sortzen zen bizitza galdu da. Saiatu gaitezen duintasuna lortzen bestea galdu gabe’».
Espainia
Italiako erantzuna kolektiboa eta esperimentala izan zen arren, «hiruretan klasikoena» izan zela dio Etxeberriak. 1950eko hamarkadan Madril kanpoaldean gertatu zena, baina, bestelakoa da. Landa inguruneko herritar asko joan ziren Madrilera bizitzera, lan bila, eta denek eskuratzeko moduko etxerik ez zegoen. Ondorioz, hiriaren kanpoaldean beren kasa eraiki zituzten txabolak —bizi baldintza duinik gabekoak—, eta halakoz osatutako auzo asko sortu ziren. Frankismoak zer egin zuen horren harira? «Kontrolatu», deitoratu du Etxeberriak. «Infraetxeen errolda sortu zuten. Txabola guztietara joan ziren, jakiteko bakoitzean nor bizi zen. Zenbaki bat ematen zieten, eta argazki bat atera. Ez zeukaten ezer haien kontra, baina pobrezia kriminalizatzen zuten: auzo horietako biztanleek txabolan bizitzeagatik beragatik zuten fitxa bat».
Herritarrak, baina, antolatu egin ziren. El Pozo del Tio Raimundo zen txabola auzo horietako bat, eta, Jose Maria de Llanos apaizaren laguntzarekin, kooperatiba bat sortu zuten, auzoaren beharrei erantzuteko. Hala lortu zuten elektrizitatea auzoan —lortu zutenean egindako festaren argazkiak ikusgai daude, 1957koak—. Aurrerago, ordea, estatua esku hartzen hasi zen auzo horretan. «Estatuak etxeak eraiki zituen txaboletan bizi zirenentzat. Batzuetan, txabolak bota zituzten, eta beste batzuetan, inguruan eraiki. Nahiko modu organikoan egin zuten. Estatua arkitektura monumentalista bultzatzen ari zen garai berean, beste arkitektura bat landu zuten gerora Entrevias auzoa izango zen horretan. Diktadurari gutxien inporta zitzaion arkitektura zen, eta hemendik aurkitu zuen bidexka bat modernitateak. Aurrekontu apaleneko arkitektura zen arren, Madrilen egin zen onena da: garaiarekin lotuena dagoena. Hau da Europan orduan egiten ari ziren arkitektura», kontatu du Etxeberriak.
«Etxebizitzaren inguruko eztabaida oso zabalduta dago, eta eztabaida horretara batu nahi dugu»
MARTIN ETXEBERRIA EAIko erakusketen arduraduna
Alegia, arkitektoek esperimentatu egin zuten, eta forma berriak bilatu: etxe soilak, laukiak, lorategidunak... Caño Roto auzoan, adibidez, espaloiak ez zituzten etxeetako paretetaraino egin; tarte bat utzi zuten landareak altxa zitezen. «Kaleak pizten duen sentsazioa guztiz desberdina da». Trantsizio espaziodun etxeak ere egin zituzten: «Saretak modernitatearenak dira: trantsizio espazioak. Ez da pareta, etxea eta leihoa, baizik eta kalea, lorategia, sareta, patioa eta etxea. Horrek bizigarriago egiten du etxea».
Llanosek SUT Lanaren Zerbitzu Unibertsitarioa sortu zuen garai berean, eta orduan unibertsitatean ikasten ari ziren ikasleek parte hartu zuten auzo horietako etxeak eraikitzen, bizilagunekin elkarlanean. «Oso aurrerakoia izan zen. Hain zen soziala, ezen bertara inguratu zirenetako asko gerora Espainiako ezkerrean ibili baitziren. Frankismoak ematen zuen aukera bakarra zenez, denak hemen biltzen ziren. Hainbesteko garrantzia hartu zuen SUTek, non frankismoak itxi egin zuen. Ezkerreko ideiak zituzten. Plana bertan behera utzi zuten, hain zuzen, planaren arrakastagatik».
Portugal
Eta Portugalen, berriz, zer gertatu zen? «Portugalgo kasua da bereziena», Etxeberriaren arabera; horregatik eskaini diote erakusketaren bi aretoetako bat osorik. «Krabelinen Iraultza gertatzen ari zenean, behin-behineko gobernuak erabaki zuen etxebizitza politika egitea konstituzioa osatu arte. Hori bera nabarmentzekoa da. Esku hartu behar zuela erabaki, eta SAAL prozesua jarri zuen martxan. Oso prozesu iraultzailea izan zen. Brigada teknikoak sortu zituzten, arkitektoz eta txaboletan bizi ziren edo etxerik ez zuten herritarrez osatuak. Bizilagunek zer behar zuten adierazten zuten, arkitektoek horren araberako proiektua egiten zuten, eta gobernuak onespena ematen zion», azaldu du Etxeberriak.
Portugal osoan egin zuten prozesu hori 1970eko hamarkadan, eta bi urtean, iraultza prozesuan, 70.000 familiari baino gehiagori eraiki zioten etxe bat. Erakusketan bereziki Oporto ingurua aztertzen dute. «Portugalgo arkitektorik onenek parte hartu zuten, testuinguru hori baitzen arkitekturaren inguruan esperimentatzeko toki onena. Zuzenean jendearentzat egiten zuten, jendearekin ikusten. Alvaro Sizak zera esan zuen: ‘Nire proiektuen modularizazioa ez da arauaren araberakoa, baizik eta nire bezeroaren ukondoaren neurriaren araberakoa. Baranda bat behar du? Ba, nik ez diot 1,10 metrokoa egingo, nahiz eta araua hori izan; bezeroaren altueraren eta ukondoak barandan jartzen dituen moduaren arabera neurtuko dut'. Ondorioz, arkitekto horiek guztiek arkitekturaren inguruko pentsamendu berezi bat izan zuten gerora ere».

Gainera, Porton zera gertatzen zen: etxe tradizionalen patioetan txabolak eraiki zituzten, hutsik zeuden tarteak baliatuta. Orduan, eremu berean zeuden azulejuzko etxe tipikoak eta bizilagunek beren kasa eraikitako txabolak. Alvaro Siza arkitektoak haietan esku hartu zuen, hausnarketa hau eginda, Etxeberriak azaldu duenez: «Hemen etxebizitzak ez dira duinak, baina bizitza gertatzen da. Orduan, saiatuko gara hau ez suntsitzen, hemen ja gertatu baitira harreman asko, komunitate asko sortu dira. Saiatuko gara espazio hauek hobetzen, eta hau hiriarekin konektatzen, hemen bizi direnak hirian integratuago egoteko eta hobeto bizitzeko».
Finean, komunitateak elkarren inguruan bizi izan ziren aurrerantzean ere, baina bizi baldintza duinak ematen zizkieten etxeetan. Bizitzari eutsi zitzaion, eta duintasuna irabazi zuten. Hori bai: iraultza aldia bukatzean, bertan behera geratu zen SAAL prozesua.