Etxebizitzen erradiografiak

Datorren urterako, azterketa tekniko bat egin beharko dute 50 urtetik gorako etxebizitzek, egoera onean daudela ziurtatzeko. Hego Euskal Herrian, derrigorrezkoa da azterketa; Iparraldean, eraikinek ez dute txosten hori behar, baina bai eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria.

Altamira auzoko 50 urtetik gorako etxebizitza bat, Gipuzkoan. ZEHARK ARKITEKTURA ESTUDIOA.
Nagore Etxeberria.
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ezarria dago data, eta ez dago atzera-bueltarik: 2018a. Urte horretarako, 50 urte edo gehiago dituzten Hego Euskal Herriko etxebizitza guztiek ikuskaritza tekniko bat egin beharko dute, eta egindako azterketaren txostena aurkeztu beharko dute udalean. 2018ko urtarrilaren 1erako egin behar dira etxeko lanak Nafarroan, eta 2018ko ekainaren 27rako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Etxebizitzek gainditu beharreko azterketa antzekoa da batean zein bestean; ezberdintasun gutxi batzuk baino ez daude: azterketa teknikoaren izena eta txostena egiteko eta erregistratzeko erabiltzen den programa informatikoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa (EIT) izena du ziurtagiriak, eta Nafarroan, Eraikinak Ebaluatzeko Txostena (EET). Ipar Euskal Herrian bestelakoa da egoera: etxebizitzek ez dute zertan agiri hori izan; baina eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria izan behar dute.

Martin Garcia Nafarroako Gobernuko Hirigintza arduradunak zehaztu duenez, «EETa eraikin bati dagokion agiri teknikoa da, eta bertan zehazten da zein den eraikinaren egoera orokorra, irisgarritasun maila eta ziurtapen energetikoa». Eta gaineratu du: «Helburua da eraikinen kontserbazioa eta zaharberritze lanak erraztea; eta eraikinen segurtasuna, osasungarritasuna eta irisgarritasuna bermatzea, erabiltzaileek arriskurik gabe erabil ditzaten, eraikinak honda ez daitezen eta energia eraginkortasuna nolakoa den jakin dezaten».

Matxalen Akasuso Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekano presidenteak gogoratu du: «Eraikinen jabeak eta erabiltzaileak eraikinak ongi erabiltzera eta mantentzera behartzen ditu legeak, eta, beraz, eraikinak segurtasunaren, higienearen eta bizigarritasunaren arloan baldintza egokietan mantentzera eta itxura onean izatera. Eraikinak oinarrizko baldintzak betetzeko moduan mantendu eta kontserbatzeko asmoz ezarri da araua [EITa egitea]. Eraikinaren eraginkortasun energetikoa aztertzera ere derrigortzen du. Arauaren bidez, eraikin guztiak gutxieneko neurri objektibo eta bateratu batzuen arabera neurtzea lortzen da».

Berez, EITa zein EETa begi bistaz egindako ikuskapena da. Azterketa horretan, eraikinaren egitura, fatxada, estalkia, hornikuntza, ur zikinen sarea, iristeko erraztasun maila eta energia eraginkortasuna aztertzen dira.

Epeak, gainean

Hilabete gutxi geratzen dira 2018a iristeko. Berez, 2017ko urtarrilaren 1erako EETa izan behar zuten 2013ko abenduaren 31n 100 urte edo gehiago zituzten Nafarroako eraikin guztiek. Garciak zehaztu duenez, ordea, %7k baino ez zuten agiria aurkeztu: «Erregistroko datuen arabera, 4.757 etxebizitzek aurkeztu behar zuten EETa, baina haietatik 337k aurkeztu zuten soilik».

2018ko urtarrilaren 1erako, berriz, 2013ko abenduaren 31n 50 urte zituzten etxebizitza guztiek izan beharko dute txostena Nafarroan. Eta urtarriletik aurrera, 50 urte beteko dituzten etxebizitzek urtebeteko epea izango dute EETa erregistratzeko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hilabete gutxi batzuk gehiago dituzte txostena aurkezteko. Pablo Garcia Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 70.000 bat etxebizitzek aurkeztu behar dute txostena datorren urteko ekainerako.

Gaur egun, Euskoregite Eusko Jaurlaritzaren EITen erregistroan 50 urte baino gehiago dituzten 5.000 eraikin daude erregistratuak. Oraindik, beraz, eraikin mordoxka bat geratzen dira azterketa egiteke.

Eta, horiez gain, Hego Euskal Herrian berritze edo birgaitze lanak egin nahi dituzten 10 urtetik gorako eraikinek izan behar dute agiria, diru laguntzak eskatu nahi badituzte bederen.

Azterketa tekniko horiek ez dira gauza berria, lehendik ere egiten zirelako. Garciak gogoratu duenez, «EITa edo EETa ezarri aurretik jabeek betebeharra zuten eraikina egoki erabiltzeko eta mantentzeko; baina, orain, data bat ezarri da. Hori da aldea». Asier Muñagorri Zehark arkitekto estudioko kideak zehaztu du:«Ikuskaritzak 2016tik egiten dira, baina lehen aldia da epemuga ezartzen dutena. Oso zorrotz jarri dira, eta tokatzen zaien guztiek egin beharko dute».

Etxebizitza bakoitzaren adina ezagutzeko eta azterketen gaineko informazioa emateko, webgunea prestatu dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak: www.vivienda.navarra.es eta www.euskoregite.com/eu, hurrenez hurren.

Ikuskatzea egin behar duten etxebizitzen jabeek arkitekto edo arkitekto tekniko bat kontratatu behar dute, haiek baitira halako lanak egiteko eskumena duten bakarrak.

Zehark arkitekto estudioan inkesta bat banatzeko ohitura dute, «azterketa egitera joan aurretik zerekin topo egingo dugun ideia bat egiteko». Inkesta horiek etxearen erabiltzaileek erantzuteko dira. Galdeketa erraz bat izaten da, etxean ikusten dituzten akatsei buruz: hezetasun guneak, pitzadurak eta beste.

ETTak eta EITak begiz egiten diren azterketak dira. «Etxebizitzaren %100 aztertu behar da: zati komunak, zein partikularrak», esan du Koldo Fernandez Gaztelu Jerez arkitekto estudioko arkitektoak. Ikuskatzeetan hiru atal aztertzen dituzte: eraikinaren egoera, iristeko erraztasun maila eta energia eraginkortasuna. Eraikinaren ebaluazioa egitean, zimenduak, egitura, estalkiak eta instalazio orokorrak begiratzen dituzte. «Atal horiek egoki daudela eta ez dutela kalte nabarmenik begiratzen da», dio Muñagorrik.

Fernandez arkitektoak azpimarratu du eraikinaren egoerari buruzkoa dela etxebizitzaren azterketaren «zatirik garrantzitsuena», «horrek erabakitzen du etxebizitza batek ezarritako baldintzak betetzen dituen edo ez».

Ikuskatze horretan ikusten dituzten kalteak, akatsak edo gabeziak bost mailatan sailkatzen dituzte arkitektoek. Hainbatetan, konponketak egin beharko dituzte etxejabeek, eta, akatsaren larritasunaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago izaten dute akatsak zuzentzeko.

Konponketak egin behar direnetan, zuzenketak egin, eta, denbora batera, teknikoa joaten da berriro, kalteak konpondu diren edo ez ziurtatzeko.

Behin ETTa edo EITa eskuratuta, udalera eraman beharko da, udalak Jaurlaritzako edo Nafarroako Gobernuko erregistrora bidal dezan. Muñagorrik dio eurak bidaltzen dutela txostena dagokion udalera. Nafarroan, baina, prozesua bestelakoa dela dio Fernandezek: «Aplikazio informatiko baten bidez egiten ditu informeak teknikoak. Amaitzean, kode bat ematen zaie jabeei, eta kode hori udalean aurkeztu behar dute». Txostenak hamar urteko balioa du.

Ez da tramite soila

Datak gainean izanagatik, dena «motel samar» doala dio Muñagorri arkitektoak: «Jendea ez da gehiegi mugitzen ari. Gehienak azken unera arte uzten ari dira lanak». Eta, gero, guztiak arrapaladan eta «presaka» etorriko direla aurreikusten du.

Fernandezen ustez, «autoari IATa pasatzea edo gu noizean behin medikutara joatea garrantzitsua dela ikusten dugu. Jende asko, ordea, ez da kontziente zein beharrezkoa den azterketa hau egitea eta gure etxebizitzak egoera onean mantentzea».

Muñagorriren ustez ere, jendeak behar baino garrantzi gutxiago ematen dio azterketari: «Jendea ez da ohartzen profesional batek bizi den eraikinaren egoeraren diagnostiko bat egitea eta ebaluatzea zein garrantzitsua den. Azterketa hori ongi egin behar da, eta ez da tramite soil bat».

Fernandezen hitzetan ere, «EETa edo EITa ez da hartu behar derrigorrezko tramite gisa, gure eraikinak ebaluatzeko eta baloratzeko aukera gisa baizik». Azken batean, Akasusok dio «diagnostiko bat lortzeko» modua direla azterketa horiek. Gauza bera uste du Pablo Garciak ere: «Bizi garen eraikinaren egoerari buruzko erradiografia da ikuskatzea. Azterketaren bidez, eraikinaren egoeraren berri izango dute bizilagunek, eta etorkizunean sor daitezkeen arazoen berri». Muñagorri arkitektoak ikusten die beste onurarik ikuskatze tekniko horiei: «Istripu larriak saihesteko edo arriskuak murrizteko modua dira».

Azterketari garrantzia eman edo ez, legeak agintzen du derrigorrezkoa dela egitea. Gainerakoan, isuna ordaindu beharko dute etxejabeek. Lanak azkenerako utzi ordez, beraz, komeni da etxeko lanak egiten hastea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA