Fikziozko hainbat filmek irudikatu izan dute iraganerako jauzia: pertsonaia nagusia goiz batez zenbait urte lehenago iratzarrarazten duen jauzi horietakoa. Asteburu honetan Baionako Bernat Etxepare lizeoko kirol gelara sartu denari duda piztuko zitzaion hori ez ote zenetz gertatu gauean, oharkabean... Baina zer urte izanen zen? Ezin erran. Adin guzietako jendea ageri zen, duela bost, zortzi edo hogeita bi urte Etxepare lizeotik atera zirenak, ikasketa ibilbide bat hautaturik, lanbide baterako lehen urratsa eginik. Zeren arabera egin ote zuten lehen delibero hori?
Gisa horretako galderak erantzuteko ahaleginetan aritu dira, hain zuzen, gaur goizean, Seaskaren lanbide foroaren laugarren aldian, Bernat Etxepare lizeoan. Bistan dena, baziren gaur egungo ikasleak ere, burasoekin; gehienak, lanbideen deskubritzera jinak. Baina bereziki markagarria zen erakusmahaien gibelean jarriak ziren langile gehienak Etxepareko ikasle ohiak izatea.
Filipe Laskarai lizeoko hezkuntza aholkulariak gehien-gehienak ikasle ukanak ditu, eta biziki harro mintzatu da lanbide foroan osatutako irudiaz: «Izugarri kontent gara, biziki arrakastatsua baita momentu hori. Ez gaitu hainbeste harritzen ere: uste dut badela beharra, foro horren berezitasuna euskalduna izatea baita; beraz, tokiko ofizialeak dira. Gehienetan ikasle ohiak dira, gure sistematik pasatu direnak. Beraz, aitzina ematen du hemengo errealitatearen berri zuzena, ezagutzen baitute hemengo egoera; ongi aholkatzen ahal dituzte familiak eta ikasleak, haien hautua. Gainera, ikusten ditugu istorio polit batzuk hemen muntatzen direnak».
Transmisioa
Ximun Bergouignani egiten dio erreferentzia Laskaraik. Mahastizainak lehen foroan parte hartu zuen, eta irriz kontatu du hamasei bat urteko gazte bat hurbildu zitzaionekoa: «Hasi ginen kalakan, maite zuela hartziduraren mundua, aitatxirekin sagarnoa egiten zuela... Hola, proposatu nion muntatzeak egitera jitea, gero egun bat pasatzea gurekin, moztea eta neguko lanak ikusteko; lehenik borondatez, eta gero gurekin sartu zen aprendizgoan, hiruzpalau urtez langile egon...». Gazte horrek, orain, bere mahastia landatzekoa du Saran (Lapurdi), Seaskaren lehen foroan mahastizain batekin topo egin zuenetik kasik hamar urtera.

Lurraren lana zein industria piezak sortzea, foroak hainbat lanbideren deskubritzeko parada eman die ikasleei, baita euskaratik bizi daitezkeela ikusteko froga ere. Gazte saldoan, baziren erakusmahaitik pasa eta segundo bat baino ez zirenak egoten, auzoko mahaira heldu eta, pixka bat galdurik, ondokora zihoazenak; edo ikustekoak zituzten mahaien zerrenda eginik hurbildu zirenak, galdera sorta ere prestatu zutenak. Gurasoak gibeletik beti, haurren ibilbidearen sostengu.
Batzuen eta besteen duda artetik, halere, argi geratu da: Etxeparetik duela urte batzuk atera zirenak, gaur egun, marinel, animatzaile, esne ekoizle, musikari, surf irakasle, tornulari fresatzaile, grafista edo pilota egile euskaldunak dira. Eta hori ez da fikzio bat.