Hementxe nabil, denboraldiko azken zutabea zeri buruz idatziko, eta ezin, parean zirikatzen dabilzkidan bi euli tuntun horiek entretenitua bainaukate, arreta guztia berengan erakarrita.
Herenegun azaldu zirenetik hortxe dabiltza, txotxongiloen modura, pantailaren goialdetik ni despistatzera jolasten.
Tarteka eskuekin gainetik botatzen saiatu banaiz ere, begirada pantailara itzultzen dudanero hortxe daude, tinko. Kojoneruak!
Goialdea ukitzea bururatu zaidanean, jakina, ordenagailuaren ertz guztia bero-bero aurkitu dut. Zeinen goxo dabiltzan, kondenatuak. Orduak aurrera eta urduritzen hasia, ordenagailua itzali dut, hozten jarri eta berriro piztu, lanean behingoz hastekotan. To, berriro euli parea niri so. Goialdea janaria biltzeko plastiko transparenteaz estaltzea bururatu zait, euliek hanketan berotasuna ezin berdin sentiturik behingoz joango zirelakoan. Hamar bat minutuz bakean utzi nautela onartzen dut. Handik gutxira, ordea, berriro itzuli dira, nonbait plastikoari gustua hartuta. Zirikatzen jarri zaizkit berriro, ni entretenitzea helburu. Inurriak uxatzeko ozpina erabili ohi dela oroiturik, plastikoa kendu eta ozpinez bustitako zapi bat pasa dut ordenagailuaren goialdetik. Hura kiratsa, ene. Baina keba, euliei ozpina gustatzen omen. Halako batean, goialde guztia orban marroi ttikiz betea aurkitu dut. Eulien kaka, arrautzak, botaka, zer ote? Goialdea ondo-ondo garbitu eta hasi naiz idazten.
Badaramat bi ordu-edo euliei begira, eta horiek ez dute, antza denez, alde egiteko asmorik. Zera, helburua haiei buruz idaztea bazen, oraingoan lortu dute.
Maratila
Euliekin entretenitua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu