Euri gozoaren azpian

honetatik

Alberto Barandiaran.
2008ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Hi haiz hi, zezen-plaza honi izkina deitzea!», izan da lehen agurra, izerditutako gorputzen artean, goi harmaila estalkidunetik barna egindako zeharkalditik etorrita, zapore gozoa eta kolore gorrixka duen langar finaren azpian bustitzen hasia, azkenean, laguna eta koadrila aurkitu eta, barka, barka, arratsaldeko lehen bultzadak eman behar izan dituzunean. Ez izateko zorrotzegiak, lizentzia dela. Kontua ez dela izkina batean kieto egotea hor, Smoke filmeko morroia bezala, egunero, eguerdiro, izkina beretik eta foko eta argi berdinarekin beti argazki bera hortik ateratzea, gero ikusteko izkina nola aldatu den azken hamar urteotan. Asmoa ez dela horren estatikoa, nola esan. Giroak kontatu nahi dituzula, eta izkina zein izan, giroa desberdina dela beti sanferminetan. Izkinaz osatutako mundu txiki bat dela hau.

Plaza hau biribila dela, dio. Biribila? pentsatzen duzu, destainaz Plaza hau organikoa da, eta luzatu egiten da txikle bat bezala. Ikaragarri zabala izan daiteke, edo misto kutxa bat bezain txikia. Izozkailua, edo labea. Izkiren zaporekoa, edo urdaiazpikoarena. Freskoa edo epela; bustia, goitik beheraino eta kanpotik barruraino blai bukatzeko moduko bustia; edo lehorra, inon baino lehorragoa, desertua bezain lehorra. Odol kolorekoa, edo eguzki kolorekoa. Biribila, dio besteak. Hara, bestea.

Baina ez duzu horri buruz hitz egin, hori zuretako pentsatu duzu, iritsi eta berehala hor hasi zarelako zezenei buruz sesioan. Ea zenbat diren, urterokoa. Lagunari esan diozu abisua emango diozula, ez dela iaz bezala izango, iaz galdetu egin baitzuen, meriendarekin ari ginen bitartean, ea zortzigarren zezena-plazan zen jada. Baina lehen zezenarekin gaude oraindik, eta hara zer galdetu duen, ea zenbat zezen atera diren jada. Zezenketa hasi berria dela.

Angurriak eta olibak

Gero angurria iritsi zaizu albo batetik. Gustura desegin da hortz artean. Bitxia da, baina izkina honetan, alboetatik iristen da janaria. Txerri azalak, izkirak, edo pastelak izan. Albotik, aurretik eta atzetik. Eta angurria albo batetik iritsi zaizunean, zapore gozoko langar ikusezinaren azpian, zera pentsatu duzu: norbaitek ardura hartu duela azkenean, eta bosgarren eguna dela, eta frutarekin hastea pentsatu dutela. Eta ze ondo.

Baina gero olibaz eta piperrez egindako banderilla iritsi zaizu beste albotik. Norbait kexu, ea ez dakigun jaten eta otorduak prestatzen. Nola liteke, angurria eta gero, olibak ateratzea. Eta lagunak baietz, ea noiz aterako duen berak, anabasa eta kontrol falta honekin, txakolina. Txakolina, hara bestea!

Eta eztabaida gastronomikoen erdian, zezena negoziatu egin duela entzun duzu ondotik. Laguna zezenei begira dago, eta esan du bigarren toreroak zezen beltz puska hori, ia 600 kiloko adardun ikaragarria, negoziatu egin duela. Begiratu diozu pixka bat, euri fin horrek ez dizulako zuzenean begiratzen uzten, eta gainera eguzkiak bete-betean jotzen duelako hemen, izkina honetan, ea adarra jotzen ari ote den, baina baietz, negoziatu duela, berak ikusi duela.

Eta begiratu duzu, baina banderillen artean tximeletarena egin nahi duen toreroa baino lehenago, peñekoen artean txinpartak pizten ari den Alexia ikusi duzu. Eta lagunak esan dizu ea aterako zenion argazki bat Alexiarekin. Eta nola ez.

Tira, argazkia atera, ondoko lagunak atera zion. Baina horrela jarrita, hau ere ez zen izkina bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.