Jai eredua aldatzeko helburuarekin, Donostiako abordatzean parte hartzekoak ziren partaideak goizetik hasi ziren lanean atzo. Baita antolatzaileak ere: 07:30 alderako hasiak ziren kaira gerturatzen. Lau txandatan banatu zuten goiza, eta 08:00etan hasi ziren aurtengo abordatzean parte hartu zuten lehenengoko partaideak ilaran jartzen. Han, antolatzaileek zenbaki bat jarri zieten, baltsarena. 175 zenbakiaren bueltan ziren 11:00k aldera, hau da, 175 talde pasatuak ziren ordurako. Ilaratik portu ondoko aldapara joaten ziren ondoren, bakoitzaren originaltasuna erabiliz baltsa muntatzen hasteko.
Kaia jendez bete zen; alde batetik, parte hartzaileak, eta, bestetik, turistak eta herritarrak. Bost minutuan euri zaparrada batek hartu zuen hiria, eta kaian zeudenen erdiek aterpeetan hartu zuten babes. Ordu erdi ingurura argitu zen zerua, eta jendez bete zen berriro kaia.
Batzuek argi zuten nola diseinatu euren baltsa; besteek, aldiz, ez. «Abenturara gatoz, berdin du euria egin zein ez», esan zuen parte hartzekoa zen Garazi Larreak. Inprobisatzea zen euren plana, antolatzaileak zenbakia jartzen zien bitartean azaldu zuenez: «Ez daukagu ezer prestatuta; ideiarik ere ez daukagu». Antzera zeuden Nerea Diaz eta bere taldea. «Oraintxe erosi ditugu hiru flotagailu, bakoitzarentzat bat. Zinta isolatzailea ere erosi dugu, itsasteko, eta horrekin moldatuko gara. Kontxara iristea ez da erraza, baina ahaleginduko gara. Animoa badaukagu, eta ez da gutxi», azaldu zuen Diazek.
Flotagailuak, egurrezko taulak, banderak, zabor ontziak... Baltsak egiteko, parte hartzaileek material ezberdina erabili zuten. Baltsarik egin ez zutenak ere baziren han. Alba Kabrerak eta bere taldeak duela bi urte baltsa egiteko lan handia hartu zuten, baina abiatu ere ez ziren egin portutik, gainera erori baitzitzaien. «Aurten ez dugu baltsarik egingo; besoetako flotagailuekin irtengo gara, eta jendea abordatuko dugu. Ikusten badugu gaizki irteten dela, hurrengo urtean berriro ere baltsa egingo dugu. Parte hartzea eta ondo pasatzea da kontua», adierazi zuen Kabrerak. Euriak ez zien eragin: «Berdin-berdin bustiko gara».
Guztira 300 baltsa inguru irtengo zirela azaldu zuen Unai Galatas antolatzaileetako batek: «Aste Nagusia baino hiru-lau aste lehenago ireki genuen izen ematea, eta 1.600 lagun inguruk eman zuten izena, 300 taldek». Beste urte batez, lan handia egin dutela azpimarratu du, helburu batekin: «Lehiaketa baino gehiago, aldarrikapena da. Garai bateko Donostia ñoñoa eta jai eredua iraultzeko helburuarekin sortu zen, eta bide horretatik goaz».
11:45erako, eguzkiak gogor hartu zuen portua berriro. Orduan ere bazen kexa, ordea. Partaideak izerditan zeuden, «a ze beroa, a ze beroa» kexatuz. Azken txanda 14:00etan izan zen. 16:30ak aldera, partaideek berriro bertaratu behar zuten, baltsetara igo eta Kontxa abordatzeko.
Donostiako Aste Nagusia
Euria egin zein ez, abenturarako prest
Originaltasuna landuz eta material ezberdinak erabiliz, hainbat eratara diseinatu dituzte baltsak parte hartzaileek: Kontxako hondartza abordatu baino zenbait ordu lehenago, lanean jo eta su aritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu