Eurobasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren kazetaritza saria jaso du Irune Lasa BERRIAko kazetariak. Zehazki, Lasak 2020ko azaroaren 8an argitaratutako Gurinezko mendien Europa hura artikulua saritu du kontseiluak; hartan, Nekazaritza Politika Bateratuak Europako Batasunean izan duen garrantzia lantzen du kazetariak.
Prentsa idatziaren modalitatean saritu dute Lasa. Eurobasquek adierazi duenez, artikulu horrek Europa nekazaritza sektorean integratzearen garrantzia lantzen du, eta azpimarra egiten du Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma dela-eta duen erronkan.
Epaimahaiak gai horrek Euskal Herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du, eta azpimarra egin du nekazaritzak duen balio estrategikoan «elikagaien ekoizpena bermatu eta Europako Batasunarekiko independentzia indartzeko».
Saria datorren astelehen goizean jasoko du Lasak, Gasteizen, Eurobasquek Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egingo duen ekitaldian.
Lasaren artikulua BERRIAk azaroaren 8an Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformari buruz argitaratutako erreportaje eta elkarrizketa sortaren ale bat da.