Euskal artea oin azpietan

Hainbat artistaren diseinuak abiapuntutzat hartuta, tibetar ehungileek eginiko alfonbrak daude salgai Nomada dendan. Salneurriaren %5 GKE batera bideratuko dute.

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Artea eta alfonbra hitzekin jostatuz, Artfombra erakusketa inauguratuko dute gaur Nerea Agirre eta Alistair Baird Donostiako Nomada alfonbra dendako jabeek. Arte garaikidea eta alfonbragintza uztartu dituzte, eta hainbat euskal artistaren lanak Tibeteko ardien ilearekin egindako alfonbretan txertatu dituzte. «Alfonbrak apainketarako osagai gisa ulertu izan dira betidanik. Guk jendeak artetzat hartzea nahi dugu, berezko balioa duten oihalak bezala», azaldu du Nerea Agirrek.

Javier Balda, Maria Txillida, Juan Luis Goenaga eta Jose Luis Zumeta pintoreek, Ramon Anda eta Koldobika Jauregi eskultoreek eta Alberto Schommer argazkilariak egin dituzte erakusketan dauden zortzi tapizen jatorrizko diseinuak. Apirilaren 23 arte ikusi ahalko da erakusketa Donostiako Abuztuaren 31 kaleko Nomada dendan.

Nabaria da urruneko kulturen presentzia Nomada alfonbra eta kilim dendan. Argiztapenak, tibetar intsentsuak sortzen duen giroak eta Afganistango tribuen musikak goxotasun berezia ematen diote saltokiari, Parte Zaharra atzean utzi eta beste unibertso baterako sarrera eskainiko balu bezala.

Agirre eta Baird oihalgintzaren munduan buru-belarri sartu zirenetik, Turkia, Iran eta ekialdeko beste hainbat herrialdetara egin dituzte bidaiak, alfonbrak erosi eta Donostiara ekartzeko. Erakusketan dauden alfonbrak Nepalgo tibetar errefuxiatuek eginak dira. Alfonbrok salgai jarriko dituzte, eta salneurriaren %5 Rokpa GKEari emango diote. Tibeten eta Nepalen errefuxiatuak dauden eta baldintza kaxkarretan dauzkaten tibetarrei laguntzen die aipatu GKE horrek. «Umeen esplotazioa amaitzeko konponbidea gurasoei lana ematea da. Horrela, umeak eskolatuak izan daitezke», esan du Agirrek. Alfonbrak egiten dituzten tibetarrek baldintza onetan lan egiten dutela ziurtatu du alfonbra saltzaileak.

500 eta 1.700 euro inguru balio dute oihalek, tamainaren arabera. Alfonbra arruntak baino garestiagoak direla aitortu du Agirrek, «artistei ere ordaindu behar zaielako». Hala ere, tamaina bereko koadro bat baino merkeagoak direla ohartarazi du.

«Lana alfonbra batean izateko egokituta izan behar zuen, lurrean ikustekoak baitira, eta ez pareta batean eskegita egoteko». Argazkilariarena izan da, Agirreren aburuz, alfonbretara eramateko lanik zailena. «Zerbait abstraktua behar genuen, ez figuratiboa». Azkenean, uretan islatzen den itsasontzi baten branka eraman dute oihalera.

Artistak gustura azaldu dira Tibeteko ehuleek euren diseinuekin egindako interpretazioekin, kontuan hartuta milaka kilometro daudela lanaren ideia orijinala eduki duen eta ideia hori alfonbran txertatu duen pertsonaren artean. «Alfonbrak egiten dituztenak urruti daude, eta ez dakizu nola interpretatuko duten zure lana. Koloreak eta materialak aukeratu eta tamaina eman diegu. Polita bertan egotea litzateke, eurekin batera lan egiteko. Etorkizunean agian...», adierazi du Koldobika Jauregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.