Identitateak ere badira salgaiak gaur egun. Ez hori bakarrik, baina hori ere bai. Halakoa da kapitalismo berantiarra: bizimoduak saltzen dira. Euskal Herria ez da salbuespena, eta oroigarri dendak dira horren froga. Gure inguruan bizi dugun nortasun saltsaren ispilu eta merkatu dira. Euskal Herri puskak, azken finean. Eta ez garrantzi gutxikoak. Hala eraikitzen baitira nortasunak; norberak bere buruaz duen irudiaren eta besteek norberaz duen irudiaren arteko borrokan. Nolakoak dira gurera datozen bisitariek erosten dituzten Euskal Herri zatiak? Zer ikas daiteke geure buruez irudi txikiotan?
Adibide bat: Guggenheim museoaren kanpoaldean bisitariak dabiltza. Argazki makinak dituzte eskuetan gehien-gehienek, eta pantailari adi dabiltza, beren burua museoarekin, itsasadarrarekin eta bertako eskulturekin erretratatzen. Etorkizuneko oroitzapenak harrapatu nahian ari dira. Irudiekin ez da aski, ordea, batzuetan, eta objektuak ere behar izaten dira horretarako. Hor sartzen dira jokoan oroigarri dendak. Tour gidatu batek museoaren inguruetatik Bilboko Zazpi-kaleetara eramaten ditu turistak. Orduan aprobetxatzen dute oroigarriak erosteko.
Bilboko oroigarrien jaun eta jabe Guggenheim museoa da. 1997an museoa ireki zutenetik hirian saltzen diren oroigarrien izar bilakatu da. Museoaren irudiarekin denetarik dago: erreprodukzio txikiak, museoaren irudia duten elastikoak eta platerak, Puppy txakurraren eta armiarmaren irudiak, postalak, eta abar. Guggenheimek Bilbo munduan kokatu duela dioenak oroigarrien erakusleihoetara begiratzea bertzerik ez du. Ez dago museoaren irudirik ez duen dendarik. Munduarentzat hori da Bilbo. Baita Athletic ere. Hori da oroigarri dendetako beste erreklamo nagusietariko bat. Lurraren ikur. Harrotasunez erakusten dituzte futbol taldearen ikurrinak. Kanpoaldean, bistara. Turistentzako bertze dira, ordea, bertakoentzako salgai horiek.
Hiriaren nortasunaz gain, Euskal Herriaren nortasuna azaltzen duten oroigarriak asko dira. Zuri, gorri eta berde koloreak, adibidez, edozein oroigarritan daude. Ikurrinaren koloreak nagusi dira apaletan. Eta horiek tradizioarekin nahasten dira: dantzarien eta harri-jasotzaileen irudi eta pegatinekin, erraterako. Halaber, zurez landutako apaingarriek artisauen lanaren emaitza erakusten dute. Horien artean ongi etorriak eta lauburuak nagusi. Badago gehiago, ordea: packean datoz Euskadi dioen zazpi lurraldeen irudia, zurezko lauburua eta patxaran botila bat. Euskal Herriko puskarik preziatuenak, denak batera.
Baina Euskal Herriak bizi duen nortasun nahaspila ere agerian gelditzen da oroigarrien dendetan. Bilbo ez da salbuespena. Eta bitxikeriak ez dira gutxi. Zazpikaleetan dagoen oroigarrien denda handi bateko erakusleihoan, adibidez, bata bertzearen ondoan daude bi oroigarri: «Soy txikitero» (txikiteroa naiz) dioen elastikoa, batetik. Eta Sevillana soineko bat bertzetik. Biak ere elkarren ondo-ondoan, dena nahas-mahasean. Bertze denda batean, Espainiari eskainitako apalean sanferminetako entzierroari eskainitako irudia dago. Oroigarriak ere ez dira inozenteak. Zazpikaleetako denda batean, ikurrina erakusten duten azulejuek izen anitz daramatzate. Batzuetan Euskadi jartzen du; bertzeetan Euskal Herria. Nortasunak ertz anitz dituen erakusle. Bertze hiriburuetan ere badira bitxikeriak. Iruñeko karriketako oroigarrien dendetan, adibidez, eroslearen esku uzten da identitatearen aukera. Elastikoan zezena ikurrina batekin agertzea nahi bada, norberak aukeratzen du nolakoa izango den atzekoa: gorri-hori-gorria edo zuri-gorri-berdea.
Nafarroako hiriburuak ez dauka nazioartean ezaguna den museorik. Beharrik ere ez. Iruñeari zezenek ematen diete oihartzuna nazioartean. Sinonimoak dira Iruñea eta entzierroa. Eta hori saltzaileek badakite. Santo Domingoko aldapatik zezen plazaraino biltzen dira, hain zuzen, oroigarrien dendarik gehienak. Dozenaka denda, kilometro eskas batean. Bertako erakusleihoetan zezena da nagusi; gehienetan, ikur eta ikurrinik gabe. Animalia adardunekin apaintzen dituzte elastikoak, titareak eta hozkailurako imanak. Iruñea zezenen hiria bada, zezenak Kukuxumusurenak dira. Mikel Urmenetak sortutako marrazkiak edonon aurkitu daitezke. Kamiseta, katilu zein giltzakoetan. Hezur-haragizko zezenek lilura gehiago sortu arren, animalia adardunen marrazkiak dira nagusi.
Zezenez gain, hiriak baditu bertze zenbait erakusgarri ere. San Fermin saindua eta kilikien irudiak, horien artean. «Horiek hemengo jendeak erosten ditu», aipatu du Richard Etxeberria Mercaderes kaleko oroigarrien dendariak. Iruñeko oroigarrien dendetan, zazpi lurraldeen koloreak ere ikusten dira han-hemenka. Erakusleihoren batean Espainiako bandera duten peluxezko zezenak ere egon badaude, baita Recuerdo de España (Espainiako oroigarria) dioten platerak ere. Denda gutxitan ikusten da horrelakorik, baina.
Globalizazioa oroigarrietan
Oroigarrien merkatuak, bertze guztiak bezala, garai berrietara egokitu behar izan du. Eta hor globalizazioak badauka zer errana. Asia ekialdean egiten dira gaur egungo oroigarririk gehienak. Etxeberriaren arabera, «inguruan ikusten dugun edozein produktu Txina, Sri Lanka edo Thailandiatik dator». Haren ustez, jendeak badaki artisautza garrantzitsua dela, baina ez dio baliorik ematen, eta merkeena erosten du oraindik ere. Egilearen arabera, salneurriak anitz aldatzen dira: eskuz landutako ongi etorri batek 40-50 euro artean balio du; eta makinaz egindakoak, 15 euro. «Denetarik izaten saiatzen gara; gure artisauek egindakoak eta kanpotik ekarritakoak. Baina jendeak merkeenera jotzen du», erantsi du.
Izan ere, krisia ere iritsi da oroigarrietara. Gaur egun oroigarri txikiak saltzen dira gehienbat. «Lehen, plater oroigarri gehiago erosten zen; orain, hozkailurako iman pila bat saltzen dugu», onartu du Nuria Perezek, Iruñeko Estafeta kaleko saltzaileak. Are gehiago; erosleek tratua egin nahi izaten dute, ez omen dira hasierako prezioarekin konformatzen. Kale bereko bertze saltzaile batek, Laura Belokik, krisiarekin lan gehiago egiten dela azpimarratzen du: «Lehen, alemanak zetozenean, Aste Santuan oporretan egoten ginen; baina, orain, ezinezkoa da hori egitea».
Iruñearen parekoa omen da Baiona. 1960an bi hiriok senidetu zirenez geroztik, senidearen urratsak jarraitu ditu Ipar Euskal Herriko hiririk handienak. Baionako bestek sanferminen antza dute, jantzietan batik bat. Baionako bestetan ere zuri-gorriz janzten dira, Iruñeko sanferminen antzera. Janzkera hori bonet gorriarekin laguntzen dute baionarrek. Agian horregatik da bonet gorria gehien salduriko oroigarria. Hori da izarretan izarra. Egon badaude kolore gehiagoko txapelak: gorriak eta berdeak, adibidez. Baina bestaz janzteko osagarri gorriak alde handiz irabazten die gainontzeko koloreei. Bertako dendariak, Jerome Belaidik uste du euskaldunaren mitoarekin lotzen delako dela. «Euskalduna anitz irudikatzen dute bonetek, eta horregatik saltzen dira hainbertze», adierazi du saltzaileak. Txapela apaintzeko ikurretan aukera anitz dago: Euskadi izena duena zezen batekin edo ikurrinarekin, ardiaren irudiarekin... Norberaren gustura. Nolako nortasuna, halako apaingarria.
Baionan oroigarriak bakarrik saltzen dituen denda bakarra dago. Ez dago bertzerik hiri osoan. Baina boneta soilik ez; ikurrina ere nonahi ikus daiteke dendan, euskal identitatearen ispilu. Euskal ikurrak dituen baxera ere anitz saltzen da, dendariak erran duenez. Euskal Herria jartzen duten txapel, zahato, iman eta erlojuetan ere zazpi herrialdeen ikurrak ikus daitezke. Guztia, beraz, euskal ikurrekin. Baionan ere hori da erakusleihoetan gehien ikusten dena. Eta erakusleihoetan badago, saltzen den seinale.
Ez dira gutxi Euskal Herriko oroigarriak. Museoetatik hasi eta zezenetara, oroigarrietan aniztasuna irudikatzen da. Aniztasuna ere tamainan dago, krisiak oroigarrietan eragin handia izan baitu. Gaur egun oroigarri txikiak saltzen dira gehien. Baina zatirik txikienak ere izaten du bere handitasuna. Folklorea eta bizimodua dira, agian, handitasun horren adierazle.
Ezarian. Oroigarriak
Euskal Herri puskak
Herrialde baten adierazgarri dira oroigarriak. Euskal Herria ez da salbuespena; oroigarriek ere badute zer errana. Bertan bizi den nortasunaren ispilu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu