Zer da? Utopia bat? Errealitate alternatibo bat? Ez, Supermanen azken komikia da!
Superman: Space Age eleberri grafikoan, Euskal Herria estatu independente gisa erretratatu dute Mark Rusell gidoilariak eta Michael Alfred marrazkilariak.
@lordisasi Twitterreko erabiltzaileak ohartarazi du horretaz sare sozialetan. Mapa bat agertzen da komikiko marrazkietako batean, geopolitikaz-edo arduratzen den erakunde bateko bilera gela borobilean. Supermanek esaten du: «Hainbeste arazo ditu munduak». Baina mapari begiratuta, badirudi arazoetako bat konponduta dagoela: izan ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeak estatu batean batuta agertzen dira, Espainia eta Frantziatik kolorez ongi bereizita, independente.
Parece que en la Tierra de Superman : Space Age de Mark Russell y Mike Allred , Euskalerria es independiente. pic.twitter.com/FAqxtMZNC2
— Lord Isasi ðŸÂ³ï¸Â🌈 (@lordisasi) June 27, 2023
DC Black Label komiki argitaletxeak plazaratu du Superman: Space Age saila. 2022an argitaratu zuten lehenengo liburukia, eta aurten eman dute azkena. Kolorea Laura Allred marrazkilariak jarri dio Euskal Herriari, eta komiki osoari.
Lur-203495-B planeta alternatiboan gertatzen da istorioa, 1960ko hamarkadan. Sobietar Batasunaren blokea zutik dago, AEBen aurrean, eta Euskal Herria ez da baturik agertzen den herrialde zatikatu bakarra: Irlandako uhartea ere kolore bakarrean irudikatu dute. Eskoziak ez du zorterik izan, ordea, eta Ingalaterraren kolore berean agertzen da.
Badirudi Marokoren iparraldeko zati bat Espainiarena dela, eta Afrika iparraldea batu dela, eta Sizilia eta Sardinia horren parte direla.
Supermanena irakurri ostean, zilegi da komikizaleak irudikatzea korrika joaten Batman pertsonaiaren abenturen azken alea erostera. Agian, han ere, Euskal Herriko lurraldetasuna aintzat hartuko dute Gothameko mapa geopolitikoetan. Azkenean beteko litzateke Asisko Urmeneta komikigileak aspaldi botatako profezia hura: Zazpiak Batman.