Su Ta Garren ibilbidearen hasieratik jarraitzaile sutsua izan da Urko Ansa (Errenteria, Gipuzkoa, 1975). Postaria izateaz gain, musika kritikaria ere bada; artista guztien artean, Su Ta Gar taldeari erreparatu dio gehien. Iazko Durangoko Azokaren harira, Eibarko taldeari buruz idatzi dituen kronika, iritzi eta elkarrizketa guztiak bildu ditu, eta fanzine bat plazaratu: 2000-2024. Euskal musikaren esparrua anitz aldatu bada ere, Ansak uste du Su Ta Garrek ongi lortzen duela mantentzea.
Hogei urteko bilduma da fanzinea, baina... «ez esan inoiz, hau bukatua dago, ez inoiz esan, bidea amaitu da». Segidarik izanen du?
Orain arte pentsatu nuen halakorik ez nuela eginen. Baina hasi naiz segida bati pentsatzen, 1987tik 1999ra arteko epeari buruz zerbait egiten. Oraindik urrunetik ikusten dut hori. Lan handia da, eta ikusi egin behar dut.
Jendeak espero zuen lana izan zen?
Erabateko sorpresa izan zen. Durangoko Azokarako aurkeztu nuen. Han egon zen egun eta erdiz. Sorpresa moduan izan zen, inork ez baitzekien ezer. Geroago, banarazi nuen herrietan, Bilbon, Oiartzunen, Mutrikun, Eibarren [Gipuzkoa]... Oso Su Ta Gar zaleek erosi zuten. Oraingoz, 50 ale saldu ditut; Durangoko Azokan nahiko ondo saldu zen, eta gero, batez ere, Eibarren saldu da gehien.
Zein izan da Su Ta Garrekin ukan duzun lehen kontaktua?
Oroitzen naiz Mikel Laboaren omenezko disko bat atera zela, rock taldeek egin zutena. Su Ta Garrek aika Mutil kantuaren bertsioa egin zuen. Gero, zuzenean ikusi nituen diskoa atera baino lehen, Oiartzunen. Kontzertu hori askori geratu zaigu gogoan, ezta? Memento erreferentea izan zen. Ez geunden ohituak euskarazko heavy metal edo trash metala entzutera. Ez zen existitzen.
Eta noiz hasi zinen taldeari erreparatzen musika kritikari moduan?
2009an hasi nintzen Su Ta Garri buruz idazten. Lehenengo, Entzun! aldizkarian; gero, Mondo Sonoro-n; eta, azken urteotan, BERRIAn eta Gara-n. Urte horietan material asko pilatuz joan naiz: elkarrizketak, kronikak, diskoen kritikak, eta abar. Hori dena pilatua nuela ikusita, pentsatu nuen: «Zergatik ez nuke eginen fanzine bat aspaldiko erara?».
2009koa da Aitor Gorosabeli egin zenion lehen elkarrizketa. Nola oroitzen duzu momentu hura?
Polita izan zen. Niretzako garrantzitsua izan zen. Denbora luzez hitz egin genuen, eta oso pozik joan nintzen etxera. Gerora, beste lau aldiz egon naiz berekin, elkarrizketatzeko.
Laster berrogei urte beteko dira taldea abiatu zutenetik. Ibilbide luzea dela erran daiteke.
38 urte aguantatu dute, Euskal Herrian lehen lerroan. Hori gertatu da kalitate handia daukatelako, eta oso teknikoak direlako. Egia esan, estilo propioa daukaten arren, beti sartu izan dituzte aldaketa batzuk. Balada heavyak ere ez dira falta izan; disko bakoitzean badaude bat edo bi. Trash metal asko dute, gitarra joko asko, bateria zapaltzailea... Izugarrizko indarra ematen du horrek. Eta, zuzenean ari direlarik, oso zehatzak dira. Horrez gain, diskoak konposatzen eta argitaratzen segitzen dute. Konposizioen kalitateak ere eragina du. Horregatik guztiagatik iraun dute hainbeste.
1990eko hamarkadako taldea da, eta ordutik anitz aldatu da Euskal Herriko musika errealitatea. Gaur egun, Su Ta Garrek ez ote du anakronismo puntu bat?
Ikusten ditut badirela mugimendu berriak. Igual hemendik hamar urtera egungo soinu berri horiek anakronikoak bilakatuko dira, Su Ta Garrenak baino anakronikoagoak. Hemen gertatzen dena da heavy zaleak oso fidelak direla, eta heavy zaleek musikalki ez dutela edozer gauza onartzen. Gauza oso diferenteak egitea lortzen dute. Baina, bai, heavy metala, igual, anakronismo bat da batzuentzat.
Taldearen publikoa berritu da ala hasierakoa mantendu da?
Uste dut publikoa berdintsua dela. Hor daude betiko zaleak, hasieratik, lehen diskotik jarraitu dutenak. Baina urteak pasatzen dira, eta gazteak heldu dira kontzertuetara. Ez dakit diskorik erosiko duten, baina kontzertuetan egoten dira.
Zer ekarri du Su Ta Garrek?
Ekarri du heavy metala euskarara. Euskara hutsean kantatzen dute, beti egin dute euskaraz. Erresistentzia faktore bat izan da hori. Gaztelaniaz egin zezaketen, Espainiako Estatuan arrakasta handiagoa edukitzeko. Beste hitz batzuk ere erabil zitzaketen, beste hitz ez hain borrokalariak... Baina hori da, justu, haien ezaugarria: borrokalari izaera, heavy metala, euskara... Existitzen ez zen eszena bat sortu zuten Su Ta Garrekoek.
Gaur egun badea Su Ta Gar bezalako talderik?
Bai. Momentu honetan badaude talde batzuk izugarrizko jendetza erakartzen dutenak, eta Su Ta Gar dago erdibide batean-edo. Kontzertuak ematen dituzte aretoetan, jaialdietan, herriko bestetan... Badaukate beren esparrua. Euskal Herrian mugitzen dira, eta tarteka ateratzen dira Espainiara. Ez daude lehen lerroan, Zetak dagoen bezala, adibidez. Hainbeste jende ez dute erakartzen.
Zer iruditzen zaizu errealitate hori?
Normala da. Garai berriak dira, eta onartu egin behar dira aldaketak. Baina, halere, ez dut imajinatzen Su Ta Gar gabeko euskal eszena bat. Su ta Gar hemen egotea oso garrantzitsua da.
Baduzu Su Ta Garren momentu esanguratsu bat gogoan?
Ikusi nuen lehen kontzertua, Oiartzunen. Eta bigarren diskoan bada Hortzak Estuturik; perfektua da. Hasierako boom hori oso fuertea izan zen, baina, are zailagoa dena, arrakasta mantendu zuten. Gorabeherak izan daitezke, baina hor jarraitzea lortu dute.
Fanzinean kontzertuen kantuen zerrendak ere ematen dituzu, eta komentatzen dituzu. Zertan dira garrantzitsuak kantuen zerrendak?
Askotan ibiltzen naiz apuntatzen, eta uste dut jarraitzaileentzat datu interesgarria izan daitekeela, ezta? Ikusteko euren ibilbidean zer abesti egin zituzten, disko berriak daudelako zer kanta jotzeari utzi dioten... Jarraitzaileen ikuspuntua da hori.
LOTSABAKO
Su Ta Garren kantu bat?
Beti aurrera.Kontzertuak ikusteko leku bat?
Ondarroako [Bizkaia] Portuko Ranpi.Beste artista bati buruzko fanzine bat egin behar bazenu?
Niko Etxartena.