Txengel etxeko presidentea

David Lopez Lareki: «Euskal Herriko kulturari eutsi nahi diogu, eta hura hedatu»

Alemaniako Koblenz herrian ateak ireki berri ditu Txengel etxeak. Herrialde horretako hirugarren euskal etxea da, eta Lopez da bertako presidentea. Euskal Herriko kultura sustatzea du xede, eta euskara, gastronomia, dantza eta musika ezagutaraztea.

David Lopez Lareki —eskuinetik hasita, bigarrena—, Txengel etxeko kideekin batera. DAVID LOPEZ LAREKIK UTZITAKOA
David Lopez Lareki —eskuinetik hasita, bigarrena—, Txengel etxeko kideekin batera. DAVID LOPEZ LAREKIK UTZITAKOA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko otsailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanagatik Euskal Herria utzi, eta Koblenzera (Alemania) joan behar izan zuen David Lopez Larekik (Burlata, Nafarroa, 1974). Hainbat urte daramatza bertan, baina Euskal Herriko kulturari dion miresmena eta hari buruzko interesa inoiz baino biziago izan ditu urte horietan guztietan. Iaz eskaini zioten lan batean, beste hainbat euskaldunekin topo egin zuen, eta halaxe sortu zuen Txengel etxea: Alemaniako hirugarren euskal etxea da. 

Nolatan euskal etxe bat Koblenzen?

Euskal Telebistakoak harremanetan jarri ziren nirekin, erreportaje bat grabatzen ari zirelako, eta euskaldunen bila zebiltzalako. Hortik abiatuta, beste hainbat euskaldunekin topo egin nuen, eta bururatu zitzaidan horiekin guztiekin bazkari bat egitea. 

Hortik atera zen euskal etxearen ideia?

Halaxe da. Bazkaria ezin hobeto irten zen, eta, geldi egoten ez dakidanez, zera galdetu nion neure buruari: «Zergatik ez dugu irekitzen euskal etxe bat Koblenzen?». Josuri komentatu nion, erreportaje hartan atera zen euskaldunari, eta hark baiezkoa eman zidan. Horrela, iazko martxoan sortu genuen Txengel etxea. Hasieran oso gutxi ginen arren, pixkanaka geroz eta gehiago gara.

Gaur egun, zenbat euskal etxe daude Alemanian?

Ofizialak, bi: bat Berlinen eta bestea Munichen. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du aitortu Txengel euskal etxe ofizial gisa, baina horretan gabiltza. Aurreikusten dugu hemendik astebetera lortuko dugula ofizialtasuna.

Baduzu harremanik euskal etxe horiekin?

Harreman oso estua dut, esaterako, Berlingoarekin. Izugarri lagundu digute euskarazko klaseekin; izan ere, ofizialki euskal etxe bat ez garenez, ez dugu Etxepareren diru laguntzarik klase horietarako. Beraz, Berlingo euskal etxea laguntzen ari zaigu; haien aurrekontuaren zati bat erabiltzen dute guri laguntzeko.

Euskarazko klaseak aipatu dituzu. Antolatzen dituzuen jardueren barruan dago hori?

Hori da. Guk Euskal Herriko kulturari eutsi nahi diogu, eta hura hedatu. Beraz, xede horretan oinarrituta, lau batzorde edo talde ditugu: euskara, gastronomia, dantza eta musika. 

«Eskaintzen ditugun jarduerekin dirua irabazten dugu. Modu bat da euskal kultura zabaltzeko eta, aldi berean, gure euskal etxea finantzatzeko»

Zer egiten duzue batzorde bakoitzean?

Euskarazko klaseei dagokienez, udazkenean hasi ginen, eta laster A1-eko azterketa izango dugu Frankfurteko unibertsitatean. Bi aleman eta bi euskaldun ari gara ikasten, eta guztiok dugu nolabaiteko harremana Euskal Herriarekin. Gastronomia, ostera, ez dugu oso ondo garatua oraindik. Ni ez nago bertan, eta, egia esan, ez dugu gauza handirik egin oraindik. Hiru hilabetean behin jardunaldi gastronomiko bat egin nahi dugu, jendeari Euskal Herriko janaria ezagutarazteko. Horrela, gainera, diru pixka bat ere irabaziko dugu.

Jendearen parte hartzea ezinbestekoa da euskal etxea aurrera eramateko, ezta?

Zalantzarik gabe; izan ere, eskaintzen ditugun jarduerekin dirua irabazten dugu, eta orain ezinbestekoa da hori guretzat. Modu bat da euskal kultura zabaltzeko eta, aldi berean, gure euskal etxea finantzatzeko. Dantzaren batzordean halaxe egiten dugu. Hiru emakume ari dira zazpi jauzien dantza ikasten, eta ni ari naiz irakasten. 

Eta musikan?

Ekitaldietan emanaldiak eskaintzen ditugu, hainbat instrumentu erabilita; beraz, horretarako prestatzen gara. Nire emazteak alboka jotzen du, eta nik, akordeoia. Gizon aleman batek egindako txalaparta ere izan genuen. Interes handia zeukan Euskal Herriko kulturaren inguruan, eta komentatu nion ea zer iruditzen zitzaion txalaparta bat egitea. Handik astebetera egin zuen. Jada aditua da txalapartan: makilen geometriaz hitz egin dezake, baita ohola nola jarri behar den azaldu ere. 

Euskal Herriko gonbidaturik izan duzue Txengelen?

Oraindik ez dugu izan, baina izango dugu. Gonbidatu garrantzitsu bat etorriko da apirilaren 25ean: Enrike Zelaia musikaria. Haren jarraitzaile sutsua izan naiz txiki-txikitatik; beraz, bakoitzak proposatu zuenean zer jarduera egitea gustatuko litzaiokeen, nik Zelaia gonbidatzea proposatu nuen. Eta proposamena egiten duen horrek kudeatu behar duenez, halaxe egin dut nik ere. Azpimarratu nahi dut Bruselako euskal etxearen laguntza izan dugula jarduera hori antolatzeko, eta oso garrantzitsua izango da guretzat.

Zer antolatu duzue Zelaiarekin?

Apirilaren 25eko asteburuan, Gernikako arbolaren zeremonia egingo dugu. Euskal Herriko eta Alemaniako hainbat agintari etorriko dira, eta, jada ezarrita dagoen protokoloaren barruan, beste hainbat jarduera egingo ditugu. Zelaiak berak akordeoia joko du ekitaldian, eta oso berezia izango da bai beretzat eta baita guretzat ere. Alemanian eta Gernikako arbolaren zeremonia batean joko duen lehen aldia izango baita. 

LOTSABAKO

Hurrengo instrumentua?
Alboka. 

Antolatu nahiko zenukeen zerbait?
Europako Jaialdia Koblenzen. Boiseko jaialdiaren antzeko zerbait, baina Europan, euskal diaspora ezagutarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA