Bi Deak. musikariak

«Euskal Herriko paisaia ikusita, euskarazko olerki asko ulertu ditugu»

Habanako bi ahizpak osatzen dute Bi Deak. Erritmo kubatarrez, olerkiak musikatu egiten dituzte pianoaren laguntzaz, euskaraz kantatzeko. Euskal Herrian dira uda honetan, kontzertuak ematen.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpek osatzen dute Bi Deak musika bikotea. Euskal Herriarekiko harremanaren ondorioz, euskal olerkiak musikatu dituzte. Gurera etorri dira lehenengo aldiz, plazak melodia latino eta euskarazko hitzekin alaitzeko. Gaur, Beasainen joko dute, Igartza jauregian, 19:00etan. Bihar, Zumaiako kofradian izango dira, 19:30ean. Udan beste toki askotan eskainiko dituzte kontzertuak.

Nola hasi zineten musika batera egiten?

Biok ikasi dugu pianoa, eta beti izan dugu ezinegon pixka bat; tradiziozko musika kubatarra asko maite dugu, baina marka propio bat jarri nahi genuen. Geroago, gure abestiz osatutako errepertorio bat muntatzen hasi ginen, baina Kuban musika asko dago, eta ez ginen oso urrutira heldu. Egun batean, lagun batek gure herriko olerkiei musika jartzea proposatu zigun, eta horretan gabiltza, olerkari euskaldun batzuk errepertorioan sartu diren arte.

Nola ezagutu zenituzten euskal olerkiak?

Euskaldun asko ezagutu ditugu Kuban. Poemei musika jartzen geniela jakin zutenean, erdi behartu gintuzten euskarazko olerkiei ere musika jartzera. Haiek kontatu edo itzultzen zizkiguten [barrez]. Hain urrutikoa egiten zaigun euskal poesia gure kulturaren melodiaz janztea pentsatu genuen. Gainera, olerkari gehienak gaur egungoak dira, eta asko ezagutu ahal izan ditugu. Askok, zoriondu egin gaituzte, baina guk bakarrik kulturari zer edo zer eman nahi diogu, geureari eta zuenari. Leire Bilbaoren Azken finean olerkia asko maite dugu, adibidez.

Euskal Herrira zatozten lehenengo aldia da, zelako esperientzia izaten ari da?

Oso ona. Ez dakizue zein samur eta bero izan zaitezketen euskaldunak. Gehienak itxiak zaretela esaten duzue, baina ez da horrela, guztiek irribarre egiten diguzue. Paisaiaren edertasuna ikusita ere, hemengo olerki asko ulertu ditugu. Badago Jon Gerediagaren poema bat parajeei kantatzen diena, adibidez. Orain bai, ikusten dugu zergatik dagoen hain maiteminduta paisaiarekin.

Hemengo musikariekin egon zarete?

Bai, itsasotik beste aldera geundela ere izan dugu harremana hemengo musikariekin. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ongi etorri, Pupu eta Lore diskoan kolaboratu genuen. Bost abesti konposatu eta bidali genizkien. Asko gustatu zaigu nola kantatzen dituzten eta zelako hizkiak jarri dizkieten. Donostiako kafe antzokian Joseba Irazokirekin egon ginen jotzen, eta asko gustatu zitzaigun, oso bitxia iruditu baitzitzaigun duen konposatzeko eta jotzeko era. Artista gehiagorekin topatzeko esperantza badugu!

Zelan dago musikaren panorama Kuban?

Bira amaitu eta bueltatzean musikarekin jarraitu nahi dugu. Kubako herritxo batekoak gara, Manzanillokoak. Han eginnahi dugu kontzertua, han hezi baikinen, eta gure erroei eman diguten hori bueltatu nahi diegu. Musika sortzeko giro handia dago, baina aurrera egitea zaila da. Guk urte asko daramatzagu musika egiteko borroka honetan. Ez da erraza izan, baina inoiz ez dugu amore eman. Jende askorekin kolaboratu dugu, eta Kubako toki askotan jo dugu. Hori bai, ez digute sekula promoziorik egin. Hemen egiten digutena handiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.