Zenbat tren hartu behar dira Euskal Herria zeharkatzeko? Edo zenbat plano ezberdin ikusi eta ulertu behar dira? Euskal herritarrei itzulinguru ugari saihestuko dizkien planoa sortu du Galder Agudo bilbotarrak. Ingeniaritza Zibileko ikaslea da, eta duela egun batzuk izugarrizko arrakasta izan zuen sareetara igo zuen mapak. «Ipar Euskal Herrian izan nintzen duela egun batzuk, eta bertan garraio publikoaren bidez mugitzeko asmoa nuen. Trenen planoak begiratzen hasi nintzenean, ohartu nintzen Akitania Berrian bertako trenbide guztiak biltzen zituen mapa bat zeukatela, eta hemen ez genuela halakorik», azaldu du Agudok.
Hemen klikatuta mapa PDF formatuan deskarga daiteke.
🗺ï¸Â Gaurkoan egun hauetan garatzen ibili naizen Euskal Herriko trenbide sarearen planoa dakartzuet.
— Galder Agudo 🔻 (@Galder_Agudo) September 13, 2021
Hona hemen sare osoko ezaugarriak:
🛤ï¸Â +950 kilometro
🚉 263 geltoki
🚇 3 metro linea
🚈 11 aldiriko linea
🚞 11 eskualdeko linea
🚄 Ibilbide luzeko eta AH-ko zerbitzuak
[CAST] 👇 pic.twitter.com/0wKUduVRWj
Euskal Herriko trenbide sare osoa biltzen du mapak. Guztira, 950 km baino gehiagoko ibilbidea zehazten du, 263 geltokirekin. Trenaz gain, metroko linea batzuk, mendiko trenak eta tren arinak, eta abiadura handiko trenaren zerbitzu batzuk ere biltzen ditu.
Hala ere, Agudok jakinarazi du planoa «sinplifikazio bat» dela momentuz: «Aldiriko eta metro sarean soilik herri nagusietako geltokiak adierazi dira». Metroari dagokionez ere, zehaztapen batzuk egin ditu: «Soilik Bilboko L1, L2 eta L3 lineak hartzen dira metro lineatzat». Horregatik, mapatik kanpo geratzen dira Euskotrenen E2 linea eta Topoa, besteak beste.
Twitterreko erabiltzaileek egilea ohartarazi zuten mapak zeuzkan akatsez. «Feedbacka jasotzeko igo nuen sareetara, eta gainerako txiolarien proposamenak entzun ondoren, zuzenketak egin ahal izan ditut». Iradokizun guztiak bilduta, mapa eguneratu bat sortu du Agudok. Sareetan zabaldu den bertsioa elebiduna da, euskaraz eta gazteleraz. Egileak, ordea, euskara hutsezko mapa bat egokitu du BERRIArentzat.
Hala ere, izan dira bestelako kritikak ere sare sozialetan, mapari baino gehiago, horrek erakusten duen errealitateari. Iruzkinen artean, txiolari asko kexatu dira Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dagoen garraio publiko faltaz.
Resumen... pic.twitter.com/jycv4WUA5h
— ðŸÂÂÂÂ…¼ð٠ÂÂÂÂÂÂOÌ·lÌ·lÌ·oÌ·kÌ·iÌ·ðŸÂÂÂÂ’® (@cyclistpolitics) September 14, 2021
Egilea ere jakitun zen horretaz. Azaldu duenez, mapak trenbide sarearen «gabeziak» ikusteko ere balio du: «Bi aukera neuzkan: zerrenda eran egitea, edo ikuspuntu geografikoa lehenestea. Bigarrena aukeratu nuen, horrela nabarmenagoa baita hutsune hori».
Ta ni EAEko egoeraz kezkatuta… Nafarroarena deprimentea da 🥲
— Μaik 🇵🇲 (@eusmaik) September 13, 2021