Euskarazko ahozkotasunaren ondarea mantentzeko, Badihardugu elkarteak ahotsak.eus webgunea sortu zuen 2008an. Bertan dauden Euskal Herriko ahotsen bilketa 2004 eta 2007 bitartean egin zuten, eta, bi hamarkada geroago, jardun berean dihardute; oraingo honetan, mugaz gaindi. Iazko udazkenean Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren elkarteko Itziar Sapsootham (Eibar, Gipuzkoa, 1986) eta Idoia Etxeberria (Oñati, Gipuzkoa, 1977), eta 106 euskaldun elkarrizketatu zituzten. Han bildu zutenaren ale bat eskuragarri ipini berri dute diaspora.ahotsak.eus webgunean.
Nolatan sortu zitzaizuen Euskal Herritik kanpoko ahotsak dokumentatzeko aukera?
IDOIA ETXEBERRIA: Diasporako ahotsak jasotzeko asmoa aspaldikoa da. 2014an egin genituen lehenengo elkarrizketa solteak, Euskal Herrian bertan; Estatu Batuetan ibilitako artzain nafarrekin hitz egin genuen. Diasporan bizi izandakoak eta diasporatik bisitan etorritakoak ziren. Baina proiektuak 2024an lortu zuen benetako sendotasuna, orduan lortu genuen Eusko Jaurlaritzaren babesa.
ITZIAR SAPSOOTHAM: Lankideon bazkari batean AEBetara joateko ideia atera zen, eta biok adierazi genuen bidaiatzeko prest geundela. Hortaz, finantzabideak topatzen hasi ginen, eta, poliki-poliki, proiektua aurrera joan da.
Zer lan egin zenuten AEBetan?
ETXEBERRIA: Iazko irailean joan ginen, eta hilabete eta erdi egin genuen han. Guztira 106 euskaldun elkarrizketatu genituen, bost estatutan: Idahon, Utahn, Oregonen, Nevadan eta Kalifornian.
Bildutako ehundik gora grabazio orduetatik, aurten 50 landuko dituzue. Zer lanketa egiten duzue horiekin?
SAPSOOTHAM: Elkarrizketa bakoitza entzuten dugun bitartean, pasarte onak identifikatzen ditugu. Horietako bakoitzari izenburua eta deskribapena ipintzen dizkiogu, eta gai jakin batekin lotzen dugu, gero webgunean bilaketa errazteko. Pasarteak identifikatu ondoren, banan-banan moztu, formatua aldatu, eta sareratu egiten ditugu.
Zer profiletakoak dira elkarrizketatutako hiztunak? Profil jakinen baten bila ibili zineten?
SAPSOOTHAM: Lehenengo belaunaldiko euskaldunak elkarrizketatzea zen helburu nagusia. Euskal Herritik AEBetara joandakoekin hitz egin nahi genuenez, lehentasuna adinekoek izan dute. Eta elkarrizketa guztiak euskaraz izan dira.
ETXEBERRIA: Elkarrizketatuen artean parekidetasuna lortu nahi bagenuen ere, ez dugu lortu, kanpora lanera joan zirenen artean gehienak gizonak izan zirelako. Halere, horietaz gain, bigarren eta hirugarren belaunaldiko pertsona batzuk ere elkarrizketatu ditugu. Horiek euskara etxean jaso zuten, eta euskal komunitateetan parte hartze oso aktiboa dute.
Zaila izan zaizue diasporako euskaldunak aurkitzea?
SAPSOOTHAM: Hasieran, hala uste genuen, baina uste genuen baino euskaldun gehiago dago. Gainera, Boiseko Euskal Museoko Patty Millerrek izugarri lagundu gaitu. 106 elkarrizketa egin baditugu ere, euskaldun asko gelditu dira elkarrizketatzeko.
Badago denek elkarrekin duten bizipenik?
ETXEBERRIA: Denek kontatu dizkigute bizipen mordoa: tristeak, alaiak, gogorrak zein barregarriak. Denetik entzun genuen: artzain gisa ibilitako urteetako pasadizoak, Euskal Herritik hara egindako bidaiaren gorabeherak, han hizkuntzarekin izandako zailtasunak, euskal komunitatea bizirik mantentzeko egin dituzten ahaleginak, euskararen transmisioa nolakoa izan den... Oso kontu politak eta interesgarriak.
Bada zerbait aurkitu zenutena eta espero ez zenutena? Edo hemengo hiztunen artean entzun ohi ez den zerbait?
SAPSOOTHAM: Asko harritu gintuen han jaiotako askok, hau da, bigarren belaunaldikoek, euskara etxean ikasita zer ondo hitz egiten duten. Hala ere, egia da hirugarren belaunaldiarekin ez dela gauza bera gertatu; gero eta zailagoa da euskara mantentzea.
ETXEBERRIA: Zenbait euskal komunitateren izaera tradizionalak ere harritu gintuen, Elizari eta tradizioei oso lotuta diraute; baita Kalifornian ere, bertan hippy mugimenduak edo mugimendu queerrak indar handia badute ere.
Sortu berri duzuen webgunean diozue: «Euskalduntasuna bizitzeko hainbat modu daude, hemen bertan eta munduan». Nola bizi dute diasporan daudenek euskaldun izatea?
ETXEBERRIA: Denetik dago. Batzuk oso amerikar sentitzen dira, beste batzuk ez hainbeste, baina denek dute atxikimendua Euskal Herriarekin eta euskararekin. Euskal etxeetan elkartzen jarraitzen dute, eta adinekoek euskaraz hitz egiten dute elkarrekin.
Nola laburtuko zenukete han bizi izandako esperientzia?
SAPSOOTHAM: Egindako lana egiteko, hango laguntzaileekin hilabeteak generamatzan kontaktuan, eta hori dena kudeatzea ez da erraza izan. Oso intentsoa izan da, baina baita oso aberasgarria ere. Denek hartu gaituzte esku zabalik, eta asko eskertzen dugu hori.
Zer eman diezaiekete diasporako euskaldunek Euskal Herrian bizi direnei?
SAPSOOTHAM: Ikuspegia zabaltzen laguntzen dute; Euskal Herritik kanpo ere euskaldun izan daitekeela erakutsi dute. Urte askoan, euskara izan da AEBetako etxe askotako hizkuntza nagusia.
ETXEBERRIA: Adibidez, Boisen jaiotako 103 urteko emakume bat elkarrizketatu genuen. Bizkaieraz hitz egiten du, eta hunkigarria izan zen haren euskara entzutea. Euskal Herria ia ezagutu gabe, euskara bere nortasunaren parte du.
Lortzen duzuen informazio guztia jendaurrean ematen duzue. Zergatik?
ETXEBERRIA: Ezinbestekoa iruditzen zaigu bildutako testigantzen aberastasuna herritar guztien esku jartzea, nondik gatozen eta nondik nora ibili garen jakin dezagun. Gure historia da.
lotsabako
AEBetako estaturik gustukoena?
ETXEBERRIA: Idaho, Boise bertan baitago.
SAPSOOTHAM: Hawaii, besteengandik urrutien dagoelako.
Euskal Herrian erdaraz bizi ala atzerrian euskaraz?
BIEK: Atzerrian euskaraz.