'Udako proposamenak'

Euskal historia baten dantza

Zallako Ibai Lorak dantza taldearen 60. urteurrena da, eta, hori ospatzeko, Zariketeko San Pedro dantza berreskuratuko dute gaur.

Zallako Ibai Lorak dantza taldea, 1996ko ikuskizunean. IBAI LORAK DANTZA TALDEA
Zallako Ibai Lorak dantza taldea, 1996ko ikuskizunean. IBAI LORAK DANTZA TALDEA
2025eko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko ia baserri guztietan aurkitu dituzte Zallako Zariketeko San Pedroren estanpak. Ez da kasualitatea. Azalpen bat du, kondaira bat. Garai batean, abuztuaren 1ean, Bizkaiko herri denetako jendea biltzen zen Zallara; bizkaitar guztiak eginkizun eta helmuga bat bakarrarekin joaten ziren bertara. Tren geltokitik, zuzenean, Zariketeko San Pedro baselizara abiatzen ziren; heldutakoan, ermitako ate batetik sartu eta bestetik irteten ziren. Xedea begizkoak eta sorginkeriak uxatzea zen. 

Tradizio horri bizirik eusteko asmoz, ikuskizun erraldoi bat antolatu zuten Zallan orain dela 30 urte: 250 herritarrek baino gehiagok antzeztu zuten bizkaitarrak nola joaten ziren haien herrira erritua egitera. Herriko elkarte guztiek parte hartu zuten: abesbatzak, txistulariek, musika bandak, antzerki eta dantza taldeek... Ibai Lorak dantza taldeko presidente Ainhoa Campoyren aburuz, emanaldi hori «herriko tradizioa kontatzeko modu oso baliagarria» izan zen, baita «identitatea sortzeko modu bat» ere. 

Ikuskizunak zallarrengan izan zuen harrera ona ikusita, hurrengo urtean, hots, 1996an, berriro egin zuten. Halarik ere, ordutik ez dute egin. Izan ere, antzezlana luzea zen, eta makina bat herritarrek parte hartu zuten. «Jendearentzat esfortzu handia zen, eta jada ez zeuden prest», azaldu du dantzariak. Aurten, Zallako Ibai Lorak dantza taldeak hirurogei urte bete ditu, eta, ospatzeko, duela hiru hamarkada ikuskizun hartarako asmatu zuten Zariketeko San Pedro dantza berreskuratu dute. Hain zuzen, gaur 13:15ean dantzatuko dute, izen bereko ermitaren parean.

Campoyk jakinarazi du urteak joan eta urteak etorri beti izan dutela dantza hori «gorde eta mantentzeko» nahia: «Gure herriaren dantza da; ezin dugu onartu galtzea eta jendeak ez ezagutzea».

Zariketeko San Pedro dantza

Gaur, Ibai Lorak taldeko 22 kidek dantzatuko dute Zariketeko San Pedro dantza; haien artean, duela 30 urte dantza hori estreinakoz dantzatu zutenak. Hemezortzi dantzarik herri xumearen rola hartuko dute; beste hiruk familia bat irudikatuko dute —ama, aita eta 7 urteko semea—; eta azkenak deabruaren rola antzeztuko du. 

Dantzak lau zati nagusi ditu. Dantzariek «triste» hasiko dute emanaldia; familiako haurra sorginduta dago, eta Zariketeko San Pedro elizatxora eramango dute. Bigarren zatia biziagoa izango da: haurrari begizkoa kenduko diote, eta deabrua dantzatuko da, umearen gaitzaren erakusgarri. Gero, behin sorginkeria deseginda, deabrua joan egingo da; hori ospatzeko, haurraren gurasoek zortziko bat dantzatuko dute, beste dantzariekin batera. Azkenik, jota eta kalejira batekin biribilduko dute ikuskizuna. Guztira, ikuskizunak 15-20 minutu inguru iraungo du. 

Musika eta dantza ikuskizunerako sortu zituzten espresuki. Musika Ruperto Iruarrizagak konposatu zuen, eta dantza Ramon Bañuelosek asmatu zuen. Ikuskizuna egiteko ideia, berriz, Luis Mari Yerbesena izan zen. Ibai Lorak dantza taldeko kideak jakinarazi du koreografia hori «dantza asko nahastuz» sortu zela: «Euskal dantzen berezko pauso batzuk ditu, baina ezin da sailkatu dantza mota jakin batean». Hasierako zatiak Lapurdiko dantzen tankera du; bigarren zatian, aurreskuaren pausoak aurki daitezke; Zortzikoa Lekeitioko (Bizkaia) eguzki dantzatik harturikoa da; eta kalejira, berriz, ingurutxo dantzatik. 

Campoyk esan du dantza taldea irailetik ari dela entseatzen: «Orain dela 30 urte dantzatu ez ginenok dantza ikasi behar izan dugu; aurretik zekitenek, berriz, gogoratu behar izan dute».

Bestalde, «joan nahi duten guztiak» gonbidatuta daudela adierazi du dantzariak: «Gure herriko tradizio bat da, euskal historia bat kontatzen duen dantza bat. Edonork ezagutzeko modukoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.