Jacob Elordi aktore australiarrak harrabotsa sortu du asteburuan Tik-tok eta beste sare sozialetan, bere jatorriaren inguruko bide batekin. Sutan jarri ditu zale nazionalista espainiar asko, euskal jatorrikoa dela esateagatik, ez espainiarrekoa.
Elordi (Brisbane, Australia, 1997), 23 urte besterik ez duen arren, nazioarteko izarra da dagoeneko. Pirates of the Caribbean: Dead Men Tell No Tales filmean hasi zen zinemagintzan, estra moduan. Baina berehala bereganatu zuen nazioarteko zuzendari eta estudioen arreta. Lehen ganorazko lana Australiako Swinging Safari filmean egin zuen. Netflixen The Kissing Booth (2018) komedia erromantikoan protagonista izan zen gero. Arrakastaren eraginez, istorioari jarraitzeko beste bi film ekoitzi zituzten hurrengo urteetan. Nerabeen munduaren argi-ilunak erretratatzen dituen Euphoria telesailean (HBO) Nate Jacobsena egiten du.
Zale ugari lortu du aktoreak mundu osoan, batez ere gaztetxoen artean, eta horiei begira aritzen da sare sozialetan. Asteburuan, bere buruari grabaturiko bideo bat argitaratu du. Hor, berari buruzko Wikipediako artikulua zuzentzen agertzen da. Elordik berak irakurtzen du artikulua: «'Wikipedia': Elordi Brisbanen jaio zen, Queenslanden, Australian, 1997ko ekainaren 26an, John eta Melissa Elordi guraso zituelarik. Bi arreba ditu. Espainiar jatorrikoa da». Hor, geldiune bat egiten du bideoak, eta Elordi bera agertzen da kamerari begira. «Hori ez da egia: euskal jatorrikoa naiz», esaten du, enfasiz. «Hau da, Frantzia eta Espainia artean dagoen herrialde txiki horretakoa». Australiara emigraturiko euskaldunen biloba da aktorea, eta aitona gogoan hartu du bideoan: «Aitonak akabatu egingo ninduke jakingo balu espainiar jatorrikoa naizela esan dudala».
Hitzekin ez ezik, ekintzekin ere erakutsi du Elordik bere jatorriari ematen dion garrantzia, eta Wikipediako artikulua zuzendu du.
Adierazpenek haserrea eragin dute sareetan, hainbat espainiar nazionalistaren artean, eta horietako batzuk Elordiren zuzenketa kendu dute Wikipediatik. Baina aktoreak behin eta berriz editatu du entziklopedia, datua argi uzteko: «Euskal jatorrikoa da».