Euskal musikaren historia

Hitzaldi musikatu baten bidez, euskal kantagintzaren sorrera eta garapena azalduko du Morauk Anoetan

Morau musika, hitza eta irudien bidez arituko da. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal kantagintzaren historiaabestien bidez kontatuko du Andoni Tolosa Morau musikariak gaur eta bihar, Anoetan (Gipuzkoa). 1961etik 1990erako historia kontatuko du sortzaile hernaniarrak. Kantuak ez ezik, hainbat bideo, argazki eta bestelakoak ere erabiliko ditu kontakizuna ilustratzeko. Kantagintza berria mundu osoko fenomeno bat izan zela azalduko du, 1960ko hamarkadan loratua. Euskal Herrira Kataluniako nova cançó mugimendutik eta Hego Amerikako Atahualpa Yupanqui musikariaren eraginez heldu zen, besteak beste.

Atzerrian bezala, Euskal Herrian tradizioa etorkizunarekin lotzea zen musikarion kezka nagusia. Ez Dok Amairu, Laboa, Lertxundi, Lete eta abar jarriko ditu adibide, baina baita horren ezagunak ez diren Soroak, Enarak, Urretxindorrak eta Estitxu Robles-Arangizen doinu ye-yeak ere. Horiek urraturiko bidea Errobi eta Negu Gorriak taldeekin lotuko du. Historia kontatuz, euskal musikaren inguruko topikoak uxatu nahi ditu Morauk: euskal artistak ez direla jabetzen munduaz gertatzen ari denaz, eta «geure zilbor etnozentristari begira gaudela». Erakutsiko du hori ez dela inoiz egia izan. Era berean, euskal kantagintzaren originaltasunaren mitoa gezurtatuko du, originaltasun nagusia euskaraz kantatzea delakoan.

HITZALDI MUSIKATUA

Noiz. Gaur eta bihar, 23:00etan.

Non. Anoetako Itzuli tabernan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.