Helsinkiko Unibertsitatean izan zuen Euskal Herriaren berri lehenengoz Hanna Lanttok (Iisalmi, Finlandia, 1981). Eta txundituta geratu zen euskararekin, haren egitura «bitxiarekin». Horrela bada, Bilbora etortzea otu zitzaion Erasmus ikasketak egitera, hizkuntza eta hiztunak bertatik bertara ezagutzeko. Duela hamahiru urte izan zen hori, eta ordutik, ia urtero etortzen da Euskal Herrira. Argazki Pressen bideoa.
[youtube]https://youtu.be/gRdND-JtUWk[/youtube]
Bederatzi hizkuntza hitz egiten dituzu, horien artean euskara.
Helsinkiko Unibertsitatean Espainol Filologia ikasten nenbilen, baina ez zitzaidan asko gustatzen. Eta filologia horren barruan, hizkuntza gutxituak ikertzen hasi nintzen, eta, zehazki, hizkuntza txiki eta handien arteko elkarbizitza. Hango irakasle batek euskaraz zekien, eta euskarari buruzko ikastaro txiki bat eman zigun. Aita Gurea otoitza izan zen euskaraz ikasi nuen lehen gauza. Hizkuntza berezia iruditu zitzaidan; ez dauka zerikusirik Europako beste hizkuntzekin. Egitura, aditzak, ergatiboa... Hizkuntzaren sistema, oro har, oso interesgarria da.
Hizkuntza kodeen alternantzia Bilboaldean da zure doktore tesiaren izena. Zer sumatu duzu Bilboko euskaldunengan?
Bilboaldean, euskara, ia beti, modu elebidunean hitz egiten da, gaztelerazko hitzak erabiliz, eta, batez ere, leku informaletan. Euskaldun berriak garbizaleagoak dira arlo horretan, baina, halere, bai euskaldun zaharrek eta bai euskaldun berriek elementu jakin batzuk behin eta berriz erabiltzen dituzte. Adibidez, diskurtso markatzaileak: o sea, a ver, es que, en plan... eta lagunarteko hizkerako hitzak beti gaztelaniatik hartzen dituzte: biraoak batik bat. Bilbon euskaldun gehienek euskara batuan hitz egiten dute, eta erdarazko hitz horiek tresna gisa erabiltzen dituzte batua hori informalago bihurtzeko. Uste dute euren euskara bermatzen dutela euskaraz egiten dutenean erdarazko esamoldeak erabiltzen badituzte. Izan ere, euskaldun zaharrek Euskañolez egiten dute.
Dena den, Euskañol fenomeno hori ez zenuen Bilbon ezagutu.
Areatzan, Arratiako ibarrean, [Bizkaia] konturatu nintzen Euskañol fenomeno horretaz. Orduan, ez nekien euskaraz, eta hango jaietan, Areatzako gazteak etengabe gaztelaniatik euskarara pasatzen zirela jabetu nintzen. Gaztelaniazko partea ondo ulertzen nuen, baina ez euskarazkoa. Eta horrek interesa piztu zidan.
Beraz, euskaldun zaharrek euskaldun berriek baino erdarakada gehiago erabiltzen dituzte?
Esango nuke baietz. Bildu ditudan datuetan hori agertzen da, eta horixe da nire tesiaren ondorio nagusietako bat. Euskaldun berriek ikasgeletan ikasten dute euskara, eta ikasgela horietan gaztelera alde batera utzi behar dute. Euskaldun zaharrek, ordea, gizarte elebidunean ikasten dituzte bi hizkuntzak, eta esparru hori ez dago hain arautua. Ez daude ikasgela batean, eta ez dute hitz egiten ikasgelan baleude bezala. Hiztunak bere hizkuntza baliabide guztiak aldi berean erabiltzea guztiz jokabide naturala da. Halere, jende askok uste du euskaldun berri batek erdarazko hitzak eta esamoldeak erabiltzen dituenean euskaraz ez dakielako erabiltzen dituela. Modu desberdinean interpretatzen dira euskaldun zaharrak egindako nahasketak eta euskaldun berri batek egindakoak.
Horrelako fusioak beste toki batzuetan ere gertatzen dira, ezta?
Bai, hor dago Spanglish kontzeptua, Ameriketako Estatu Batuetan. Eta Helsinkin, suediar hiztunek suedieraren eta finlandieraren arteko nahasketa egiten dute. Senarra estoniarra da, eta etxean ere nahastu egiten ditugu estoniera eta finlandiera. Ez duzu komunitate oso bat behar horrelako fenomenoak ikusteko.
Bilboaldean nola bizi dira elkarrekin euskara eta gaztelera?
Bilbo inguruan euskalduna izatea militantzia kontua da. Euskalduna izateko eta euskaraz bizitzeko, militantea izan behar da. Euskaldunek lekuak bilatu behar dituzte euskaraz hitz egiteko, eta euskararekin erlazionatutako ekintzetan parte hartu behar dute: bertso eskolak, herri mugimenduak... etengabeko lana da. Bilbo testuinguru erdalduna da. Eta askok euskaraz jakin arren, erdaraz egiten dute gehiago. Euskaraz bizi ahal izateko, erabaki kontzientea hartu behar duzu.
Hizkuntza inposizioaz ere hitz egiten duzu zure tesian.
Bai, izan ere, euskara inposizioa dela uste dute zenbaitek. Gazte erdaldun batzuek euskara ikasi behar dutenean, kexatu egiten dira, eta inposizioa dela esaten dute. Baina euskaldunek betidanik ikasi behar izan dituzte bi hizkuntza gizarte honetan aurrera egiteko, lana izateko. Horixe da berdintasuna: batak bestearen hizkuntza ikastea. Pribilegiatua izatera ohituta zaudenean, berdintasuna zapalkuntza iruditzen zaizu. Hori gertatzen zaie elebakar batzuei.